May: «Erresuma Batuko meskiten segurtasuna berraztertuko dugu»

Gutxienez hildako bat eta hamar zauritu izan dira Londresen, gizon batek furgoneta bat gidatuz hainbat musulman harrapatu ostean

SEAN DEMPSEY / EFE.
ander perez zala
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko meskiten segurtasuna «berraztertu» egingo duela iragarri du Theresa May lehen ministroak, atzo goizean Londres iparraldean izandako erasoaren ostean. «Komunitateak lasaitzeko, polizia gehiago atera ditugu. Baliabiderik behar duenak polizien laguntza izango du», zehaztu du Mayk. Gutxienez pertsona bat hil eta hamar zauritu zituzten atzo 01:20 aldera, Finsbury Parkeko meskita baten ondoan, furgoneta batek hainbat musulman harrapatu ostean; ordea, oraindik argitzeke dago biktima zeren ondorioz hil zen, furgoneta agertzean zerbitzu medikuen laguntza jasotzen ari baitzen. Zaurituetako zazpi ospitalean daude, horietako bi «oso larri», Londresko Poliziak jakinarazi duenez. Biktimak musulmanak dira; ramadanean daude, eta meskitatik atera berriak zeuden orduantxe. Erasotzailea eskuin muturrarekin lotu dute; 47 urte ditu, eta Cardiffen bizi da. Lekukoen arabera, «musulman guztiak hilko ditut» oihukatu zuen.

Cressida Dick Londresko Poliziaren komisarioak, Mayren iragarpenarekin bat egin, eta baieztatu du «datozen egunetan» areagotuko dutela meskiten segurtasuna. Gidariari buruz, azaldu du ospitalera eraman dutela, atxilotuta. «Musulmanen kontrako eraso terrorista» gisa deskribatu du erasoa Mayk; Erresuma Batuko laugarrena da, hiru hilabetean. «Gorrotoak ez du irabaziko. Erasoa nazkagarria da, Londreskoa eta Manchesterrekoa bezainbeste. Gure balioen aurkako erasoa da. Gorrotoa eta muturreko jarrerak borrokatuko ditut, edozein tokitik datozela», gaineratu du, meskitara joan aurretik. Han izan dira Jeremy Corbyn laboristen burua eta Sadiq Khan Londresko alkatea ere, besteak beste.

Erresuma Batuko Musulmanen Kontseiluaren arabera, erasoaren atzean musulmanen aurkako gorrotoa dago; hain justu, Harun Khan idazkari nagusiak Mayri eskatu dio areagotu dezala meskiten segurtasuna.

Parisen zauriturik ez

Arratsalde partera, «atentatu saiakera» bat izan zen Parisko Eliseoko Zelaien etorbidean, Frantziako Barne ministro Gerard Collombek jakinarazi duenez. Gizon batek han zegoen jendarmeen furgoneta jo zuen autoarekin; ibilgailua sutan hasi, eta erasotzailea atera egin behar izan zuten, zaurituta zegoela. Barne ministroak jakinarazi du hilda dagoela.

Poliziaren arabera, erasotzaileak kalaxnikov bat, arma zuriak eta gasezko bonbonak zituen ibilgailuan. Collombek iragarri du larrialdi egoera luzatzeko lege bat aurkeztuko duela Ministroen Kontseiluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.