Herria, kalteak konpontzen

Azken lurrikarak Mexikon eragindako triskantzari gizarte zibila ari zaio antolatuta erantzuten. Bai agintarien utzikeriagatik, bai herritarrak ez direlako haietaz fio.

Boluntario talde bat lanerako prest, atzo, Mexiko Hirian. MARIO GUZMAN / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Harrituta geratu zen Haizea Elizondo berangarra. Gertatu zen, lehengo astearte eguerdian, Mexiko Hiria, Morelos, Puebla eta Mexiko estatua astindu zituen lurrikara, 7,1 gradukoa Richter eskalan, eta bera oraindik ere ia-ia zer egin ez zekiela zegoenean, zera aditu zien zenbait mexikarri: «Zer? Baduzu palarik? Zuk pikotxik?». Gutxienez 253 hildako eragin dituen tragedia gertatu eta berehala —100 baino gehiago Mexiko Hirian—, herria antolatuta hasi zen erantzuten, erakundeek aginduko zutenari itxaron gabe. «Jendea ez da erakunde publikoen zain egoten ezer konpontzeko, badakite-eta gehienetan ez dutela egiten, edo erdipurdiz egiten dutela, edo etekinen bat ateratzeko asmoarekin», azaldu du Elizondo euskara irakasleak. 2009tik bizi da han.

Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak 11 urte daramatza Mexiko Hirian, eta «post-estres kolektibo bat» nabaritzen du jendearengan. Halere, horren eraginpean daudenak, herritarrak alegia, ari dira, batez ere, kalteak konpontzen. Eta horiek handiak izan dira hirian. Hildakoak, zaurituak, desagertuak, eroritako dozenaka eraikinak —eta erortzeko arriskuan daudenak—, argindar zein ur mozketak, aterperik gabeko pertsonak... Kaosa.

Lurrikara gertatu eta bizpahiru ordura, Larrañagak gogoan dauka nola ikusi zituen herritarrak beraiek trafikoa zuzentzen. «Uste dut agintariak ez direla modu berean erreakzionatzen ari». Zenbait gauza «patetikoak» iruditzen zaizkio: «Nola da posible 1985eko lurrikararen ondoren ez egotea protokolorik [3.000-20.000 hildako eragin zituen]; ez egotea brigadarik propio horretarako prestatuta, erakunde publikoek duten dirutzarekin...». Baina Enrique Peña Nieto Mexikoko Gobernuko presidentea agertu da argazki batean, eraikin batzuen hondakinen artean. «Jendea oso haserre dago».

Herritarrak auzolanean zebiltzan bitartean militarrak azaldu izan direla kontatu diote Elizondori. «Egin dituztela argazkiak, eta handik alde egin dutela».Beraz, jendea, haren esanetan, «ez da erakunde publikoez fio».

Herri ekimen batek eskatu du, Larrañagak dioenez, alderdi politikoek datorren urteko presidentetzarako hauteskundeen kanpainan jaso beharreko dirua, ia 330 milioi euro, azken asteetan Mexiko astindu duten bi lurrikarak kaltetutakoen artean banatzeko. «Alderdiak, baina, haserre agertu dira, eta oztopo burokratikoak argudiatu dituzte».

Agintariei, gainera, utzikeriaz jokatzea leporatu dakiekeela pentsatu du Larrañagak. Izan ere, herrialde osoan dagoen lurrikara arriskua medio, eraikinek gutxieneko batzuk bete behar dituzte eraikuntzari zein segurtasun neurriei dagokienez. Hainbat arkitektok diote, baina, beti ez direla betetzen. Hori gertatu da Mexiko Hiriko ikastetxe batean, Larrañagaren iritzian. Erori zen eta 30 haur baino gehiago hil. «Jabeak ez zituen segurtasun protokoloak bete ikastetxea eraiki zutenean, eta agintariek ere ez zuten ezer egin». Han hildakoetako bat da 12 urteko haur bat. Larrañaga bizi den kale berekoa zen. «Horrek zuzenean ukitzen zaitu. Zein erru ote zuen umeak...».

Dena den, Elizondok pentsatzen du 1985eko lurrikarari, Richter eskalan 8,1eko indarra eduki zuenari, baino hobeto eutsi diola hiriak. «Orduan baino erantzun askoz ere eraginkorragoa eman dute erakunde publikoek». Hark ere salatu du eraikuntzako protokoloetako zorroztasun falta. Izan ere, batetik, badira 1985eko astinduak kili-kolo utzi zituen eraikinak, inoiz konpondu ez dituztenak; «baina egia da, aldi berean, ondoren eraikitakoak ere erori dira». Uste du, ordea, une honetan bertan auziari buruz eztabaidatzea ez dela «lehentasunezko» gaia herritarren artean.

Mexikoko Sismologia Agentziak lurra mugitzear dagoela detektatzen duenean, kalean kokatutako bozgorailuek «lurrikara alerta» dagoela adierazten dute behin eta berriro, minutu bat lehenago gutxi gorabehera. Asteartean, baina, jada lurra dardarka zegoenean aktibatu ziren. Agentziakoek jakinarazi dute sentsoreak kostaldean dituztela, eta lurrikarak epizentroa hiritik oso gertu, 120 kilometrora izan zuela, horregatik ezin izan zutela alerta lehenago aktibatu. Eta galdera Larrañagak: «Zenbat hildako gehiago eragin ditu horrek?».

«Sekulako inpotentzia»

Sendagaiak eta ura eraman zituen herenegun aterpe batera —50 pasa egokitu dituzte hirian— , eta auzolanean dabiltzan boluntarioak lekualdatzen ere lagundu zuen, autoarekin. Gainera, zuzentzen duen arte espazioa, Casa Galeria, aterpe modura eskaini du. Elizondo hirigunetik urrutirago bizi da, eta «sekulako inpotentzia» sentitzen du ezin duelako gustatuko litzaiokeen moduan lagundu. Larrañagak ere inpotentzia sentitzen du, agintariek ez dituztelako herritarrak zaintzen eta babesten. «Polita litzateke jendeak erreakzionatzea eta esatea: 'guztiz salduta gaude, bakar-bakarrik'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.