ANCk errepublika katalana defendatzen duten hiru alderdiak babestuko ditu

Erakunde horrek ontzat jo du ERCk eta Junts Per Catalunyak bat egitea programaren puntuetan, baina CUPen jarrera errespetatzen duela dio

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Alderdi independentistak abenduaren 21erako proposatuko duten programa zehazten ari dira, eta, ERCk eta Junts Per Catalunyak hitzartutakoak CUPen arabera aldaketak izan ditzakeen arren, urrats bat atzera egitea da asmoa independentzia prozesuan. Atzo Marta Rovira ERCko bigarrenak baieztatu zuen bezperan komunikabideek filtratu zutena: Espainiako Estatuarekin elkarrizketa bultzatzearen aldeko apustua egingo dute, alde bakarreko independentzia bidea oraingoz alde batera utzita. Bide bera defendatu zuen Marta Pascal PDECateko koordinatzaile nagusiak ere. CUPek, ordea, kritikatu egin zuen bi alderdion jarrera aldaketa, alde bakarreko prozesuari «parentesi bat» ezartzeagatik; haren ustez, hori baita dagoen bide bakarra aurrera egiteko. Oraindik hitz egiten ari dira, ordea, alderdiak puntuetan bat etortzeko, eta ERCk esan du «bide onetik» doazela elkarrizketak.

Hala, ANC Biltzar Nazional Katalanak erakunde gisa bere iritzia azaldu du, eta hiru alderdion jarrerak iruditzen zaizkio zilegi. Agusti Alcoberro presidenteordearen ustez, «erakundeon lana da errepublika katalana defendatzen duten hiru alderdiak babestea». ERCk eta JPCk hitzartutako puntuekin bat egin du, uste duelako beti defendatu izan dutela aldebiko prozesua. Baina estrategia kontua denez, bide hori CUPek ez babestea errespetagarria iruditzen zaio Alcoberrori, eta, era berean, babesgarria. Omnium Culturalek ere jarrera bera erakutsi du.

Bederatzi puntuak

Hitzartzen ari diren lehen zazpi puntuetan ez legoke arazo berezirik. Besteak beste, presoak askatzea, Polizia indarkeria salatzea eta 155. artikulua baztertzea aldarrikatzen dute. Azken bi puntuek, ordea, arazo gehiago ematen dituzte. Zortzigarren puntuaren arabera, abenduaren 21aren ondoren, «herri akordio handi bat» bideratu nahi dute ERCk eta JPCk, prozesu eratzaile gisako bat alegia, baina «autodeterminazio eskubidea erabiltzea» du helburu, ez errepublikaren aldarrikapena.

Bederatzigarren puntuak, berriz, aldebiko negoziazioa proposatzen du Espainiako Estatuarekin, baina Europako Batasunaren esku hartzea beharrezkoa deritzote bide horretan, alegia, CUPek defendatzen duen aldebakarreko bidearen aurkakoa.

Argudiatu dutenez, ez da bideragarria izan aldebakarreko errepublikaren deklarazioa, eta ez da izango epe laburrera, nazioarteko babesarekin ez bada. Hori dela eta, gehiengo zabalagoa bereganatuko lukeen proposamenaren alde egin beharra dago; izan ere, independentziaren aldeko gehiengo soziala %50ean legoke, onenean, eta ez da nahikoa bide hori hartzeko, alderdiok pribatuan onartzen dutenez.

Catalunya en Comuren inguruan dabilen jendea bereganatzea da asmoetako bat, bloke independentistaren eta konstituzionalistaren arteko balantza eurek oker dezaketelako alde batera edo bestera. Bloke unionistan, berriz, PSCk ez du Ines Arrimadas Ciutadanseko burua babestuko presidentetzarako, atzo Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak esan zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.