Lur azpiko geltoki bat eraikiko dute Bilbon, AHTari zerbitzua emateko

Sei kilometroko tunel batetik sartuko da tren lasterra Bilbora. Geltokiak hiru solairu izango ditu. Guztira 730 milioi beharko dira obretarako

Aburto, De la Serna eta Tapia, proiektuko maketaren aurrean, atzoko aurkezpenean.
Aburto, De la Serna eta Tapia, proiektuko maketaren aurrean, atzoko aurkezpenean. LUIS TEJIDO / EFE

Iñaki Petxarroman -

2018ko martxoak 9

Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren planteamendua bere egin du azkenean Espainiako Sustapen Ministerioak, eta abiadura handiko trena (AHT) lur azpitik sartuko da Bilbora.

Tren lasterra hartuko duen geltokia ere berria izango da, eta lur azpikoa. Hiru solairuko egitura bat izango du, eta, AHTa ez ezik, autobusak, metroa eta gainerako tren zerbitzuak ere aterpetuko ditu Abandoko geltoki berriak. Proiektu handinahia da, hurrengo ehun urteotan Bizkaian tren azpiegituretan egingo den «handiena», Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, atzo, proiektuaren aurkezpen ekitaldian, azpimarratu zuenez.

Alkatearekin batera egon ziren Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroa ere. Hiru erakundeen artean egin dute akordioa proiektua aurrera eramateko. Dirutza beharko da: 730 milioi euro, De la Sernak iragarri zuenez. Kopuru hori, ordea, «behin-behinekoa» dela aitortu zuen ministroak. Diru horrekin, 6,2 kilometroko tunela ez ezik (Malmasineraino ailegatuko da), geltoki berria ere eraikiko dute.

AHTaren tunelaren kostua osorik finantzatuko du Madrilek, baina geltoki intermodalaren kostuaren erdia Eusko Jurlaritzaren eta Bilboko Udalaren artean ordainduko dute.

Hiru solairuko geltokia

Arantxa Tapia sailburuak jakinarazi zuenez, geltokiak bi solairu eta solairu arteko beste gune bat izango ditu. Lehen solairuan aldirietako tren zerbitzuak egongo dira: Bilbo-Santurtzi eta Bilbo-Muskiz lineak, Urduñako tren zerbitzua eta Balmasedakoa. Bigarren solairuan, berriz, AHTko nazioarteko zabalerako trenbideen nasak egongo dira. Euren artean solairu arteko beste gune bat egingo da, eta han ibilbideko luzeko trenetara eta AHTko geltokira sartzeko ataria egongo da.

Egungo Abandoko trenbide azpiegitura guztia desagertuko da obra amaitzen denean. Egungo geltokia mantenduko da, daukan balio industrialarengatik, baina beste erabilera batzuk izango dituela esan zuten arduradun politikoek. Nolanahi ere, egungo trenbideen orubea hustuta, 90.000 metro koadroko eremu bat hutsik geratuko da hirigintzarako, eta hartan ehunka etxebizitza egiteko aukera izango du udalak. Operazio horrekin lortzen duten dirua —100 milioi baino gehiago— azpiegituraren finantzaketan ere erabiliko dute, besteak beste. Hirigintza operazio horri buruz, «astakeriarik» ez dela egingo nabarmendu zuen Aburtok atzo. Alabaina urbanistikoki gune horrek daukan garrantzia azpimarratu zuen, Bilboko erdigunea eta parte zaharra lotuko dituelako.

Obrak 2023an amaitu nahi dituztela esan zuen De la Sernak, baina aitortu zuen epe horiek betetzeko «bizkor» ibili beharko direla.

Arantxa Tapiak adierazi zuenez, AHTaren obren «azken txanpan» sartuta daude. Bide horretan, azken oztopoak pixkanaka gainditzen ari direla nabarmendu zuen sailburuak: Bergarako lotunea eta hiriburuetako geltoki eta sarrerak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iñaki Petxarroman

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna