Erdibideko irtenbide baten bila

Frantziako Gobernuak hiru aditu bidaliko ditu Sivenseko urtegira, konponbide bat aztertzera
Fraisse gazte ekologistaren heriotza salatzeko eginiko manifestazioa, Parisen, iragan asteazkenean.
Fraisse gazte ekologistaren heriotza salatzeko eginiko manifestazioa, Parisen, iragan asteazkenean. YOAN VALAT / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 5
Hildako bat, zuhaitzak eraitsitako baso soil bat, manifestazioak eta istilu larriak. Sivenseko urtegia (Okzitania) estatu afera bihurtu da Frantziarentzat, eta Segolene Royal Ingurumen ministroak esku hartu beste erremediorik ez du izan. Urtegia egin egingo dute, baina ez aurreikusi moduan. Gobernuak hiru aditu bidaliko ditu eremura, eta urtea amaitu baino lehenago irtenbide bat proposatuko dute. «Gauzak ondu behar dira irtenbide iraunkor bat lortzeko», esan du Royalek. Halaber, lanen eremua husteko eskatu die han bildutako manifestariei.

Jendarmeek Remi Fraisse gazte ekologista hil eta bederatzi egunera, Ingurumen ministroa Tarn departamenduko urtegiaren inguruko eragileekin bildu zen atzo Parisen: hautetsiekin, ekologistekin eta nekazarien ordezkariekin, baita urtegiaren txosten kritiko bat egin duten bi ingeniariekin ere.

Ministroak aldez aurretik iradoki zuen gobernuak har zezakeen norabidea: «Dena edo ezer ez jarrerak baztertu behar dira». Izan ere, lanak oso aurreratuak daude, eta garesti aterako litzateke proiektua bertan behera uztea. France 2 telebistan eginiko elkarrizketan, ikuspuntu desberdinen arteko oreka lortzeari buruz mintzatu da. Urtegiak piztutako istiluei buruzko iritzia ere eman du Asanblea Nazionalean: «Inork ezingo du indarkeriaren bidez garapen ekonomikoarentzat ezinbestekoak diren lanak gerarazi». Ez dute nahi Sivenseko protestek aurrekaririk sortzea.

Ingurumen Ministerioak bideragarritasuna eta ingurumenaren kaltea aztertzeko txosten bat egitea agindu zuen, eta astelehenean argitaratu zuten emaitza. Azken urteetan beste hainbat adituk esandakoa berresten du: gehiegizkoa da azpiegitura, eta ez dira aztertu beste alternatibak. Gobernuak lehen kritika zantzuak egin zituen orduan. «Hautemate akats bat egon da». Litekeena da, beraz, urtegiaren tamaina txikitzea proposatzea adituek.

Nekazaritzarako uraren erabilerari eta ingurumenaren defentsaren eztabaida aspaldi gainditu du aferak. Fraisse botanikako ikaslearen hilketarekin segurtasun indarren jarduna auzitan jarri da. Urriaren 26an hil zen, urtegiaren kontrako protestan, jendarmeek jaurtitako granada batek jota. TNT arrastoak aurkitu dituzte gaztearen bizkar poltsan, hain zuzen ere jendarmeek erabiltzen dituzten jaurtigaietan daudenak. Ikerketak ez ditu substantzia kimikoak aurkitu 21 urteko gaztearen eskuetan. Polizia iturriek iradoki izan dute molotov koktel bat eskutan zuela, eta hura lehertzean zendu zela. «Ardo botila bat eta gozokiak besterik ez zeramatzan poltsan», azaldu dute lagunek.

Protesta mugimendua indartu du Fraisseren ezbeharrak. Naoned (Nantes), Paris eta beste hirietan manifestazioak egin dituzte ekologistaren heriotza salatzeko, eta asko liskarretan amaitu dira. Lehendik ere gainditu zituen Okzitaniako mugak urtegiaren kontrako mugimenduak. Auziak eztanda egin dio François Hollande presidenteari. Jendarmeen ardura ziurtatu denean, urtegiaren lanak behin-behinean gelditu dituzte, egoera baretze aldera. Bernard Cazeneuve Barne ministroak adierazi du Poliziak jaurtigai horiek ez dituela berriro erabiliko.

Interes ilunak

Eraikuntzaren interes ilunak salatu dituzte ekologistek. CACG enpresa da proiektuaren sustatzailea eta lanen arduraduna. Sozietate anonimoa da, baina akziodunak erakunde publikoak dira. Urtegiaren aurkako Testek talde ekologistak salatu duenez, proiektua baliotu duten txostenak enpresak berak egin ditu. «Proiektuak ez du erabilera publikorik, eta ez da interes orokorrekoa». Ekologisten arabera, CACG litzateke, beraz, urtegiaren onuradun bakarra. «Enpresa berak kudeatu nahi ditu gero urtegiaren mantentzea eta ustiaketa», adierazi dute ohar batean.

Hogei urte baino gehiago dira Sivenseko urtegia egiteko proposamena lurraldeko agintarien mahai gainean dagoela. Tescou ibaiaren ur maila behereneko guneen ur emaria handitzea eta arroko ureztatzea ziurtatzea du xede. Era berean, nekazaritza eredu kualifikatua eta produktibista eratu nahi du. Bertako nekazariak eta haien elkarteek sendo bultzatu dute urtegia.

Proiektu erraldoia da: 42 hektareako azalera; 304 metroko luzerako eta 13ko garaierako dikea. 8,4 milioi eurokoa da aurrekontua. Dena diru publikoz finantzatua, Europako funtsak tartean.

Baina ingurumenean kalte ondorio larriak eragingo ditu urtegiak, besteak beste, Testeteko gune heze baten hamahiru hektarea suntsitu beharko liratekeelako. Babestutako 94 animalia espezie bizi dira hor. Ekologistek defendatzeko gunea izendatu dute Testet, eta 2013ko urritik dute okupatua, lanak oztopatu eta babesteko. Ugariak eta gogorrak izan dira liskarrak Jendarmeriarekin. Hainbatetan kanporatu dituzte manifestariak, baina beste horrenbestetan hartu dute gunea. Gose greba kanpainak ere egin dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna