Bakea edukiz josten

Kolonbiako Bake Prozesua Babesteko Nazioarteko Topaketa egin dute Donostian.

Hiru adituk gatazkaren egoera eta erronkak azaldu dituzte
Martha Maya, Piedad Cordoba eta Oscar Guardiola, atzo, Aieteko Bakearen Etxean.
Martha Maya, Piedad Cordoba eta Oscar Guardiola, atzo, Aieteko Bakearen Etxean. ANDONI CANELLADA / ARP

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 28
Kolonbiako bake prozesuari hauspoa eman diote Euskal Herritik. Bakearen Kultura Fundazioak, Mundubat Fundazioak eta Lokarrik antolatuta, Kolonbiako bake prozesua babesteko nazioarteko topaketa antolatu dute Donostian. Leku sinbolikoa aukeratu dute horretarako; Aieteko Bakearen Etxera gonbidatu dituzte Kolonbiako egoera bertatik beratara ezagutzen duten hiru aditu: Martha Maya Kolonbiako Bakearen goi mandatariaren bulegoko aholkularia; Piedad Cordoba senatari ohia eta Colombianos y Colombianas por la paz herri mugimenduaren ordezkaria; eta Oscar Guardiola doktorea, Londresko Birkbeck Unibertsitateko dekanoaren laguntzailea. Jatorri desberdinetakoak izaki, gatazkaren hainbat ikuspegi eman dituzte. Baina bat datoz ondokoan: Kolonbian inoiz baino gertuago daude mende erdi iraun duen gatazkari konpontzetik.

Guardiolaren ustetan, bake hitzaren gehiegizko erabilerak hutsala bihurtu du terminoa. «Santosek [Kolonbiako presidenteak] etengabe erabili du hitz hori. Baina bake prozesuaren gurdia gurpilik gabe eraman du, dinamismorik gabe». Akademikoaren ustetan, bake hitzaren jabe egin behar dute herritarrek, eta esanahiez josi. «Gizarte bidezkoagoa lortzeko izan behar du bake prozesuak. Bake soziala beharrezkoa da bake iraunkorra lortzeko».

Cordoba bakearen aldeko ekintzaileak gatazkaren ondorioak sufritu ditu azalean. Gatibuak askatzeko elkarrizketetan parte hartu du, eta senatari izan ostean 30 urteko inhabilitazioa bete behar du orain. Prozesuaren erronkak azaldu ditu. Larriena, Alvaro Uribe presidente ohi eta senatariak jarritako oztopoak gainditzea. Bestetik, Santos kritikatu du, Habanako prozesuaren garrantzia ez azaleratzeagatik. «Gizarteari esan behar zaio inportanteena dela bakea lortzea, eta horrek erreforma ugari ekarriko dituela. Bonbardaketek ez dute lurra banatuko». Bide horretan, bake prozesuak gizartean izango duen onura nabarmendu du. «Habanan egiten diren proposamenak ez dira gerrillarientzako, baizik eta nekazariek estatuaren eraikuntzan parte har dezaten». Horrenbestez, gizartearen parte hartzea zabaltzea ezinbestekoa zaio. «Politikak ezin du boxeoko ring bat izan. Jendeak parte hartu behar du». Horrez gain, alde biko su-etena «lehenbailehen» adostu behar delakoan dago.

Gobernuaren ikuspuntua

Mayak, berriz, gobernuaren ikuspegia eman du, bake prozesuaren inguruan Santos presidentearen aholkularia baita. Haren hitzetan, bakeak «kostua» du. Baina prozesuaren ikuspegi oso desberdina du. «Ez da herrialdeko arazo guztiak konpontzeko». Zentzu horretan, mezu argia eman du: «Bakea lortzeko giroa paregabea da. Baina bakarra da bakea lortzeko aukera. Galtzen badugu, ez dugu bakerik izango beste bi edo hiru belaunalditan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna