Iraultza, modaren begietatik

Alberto Korda argazkilariaren atzera begirako erakusketa atondu dute Buenos Airesen

Fidel Castrorekin bidaia ugari egin zituen Kordak; Errusian egindako argazki bat da honako hau. ALBERTO KORDA.
2015eko irailaren 11
00:00
Entzun
Ernesto Guevara Che-ren izena entzuterakoan, irudi bera etortzen zaio burura jende gehienari; besteak beste, milaka kamisetak, banderak, liburuk eta oroigarrik duten argazkia: gerrillariaren aurpegi serioa, Habanan, La Coubre itsasontziko atentatuko hildakoen segizioari begira, 1960an. Argazkilaritzaren historian gehien erreproduzitutako irudietako bat da. Birritan eragin zion haren kamerari Alberto Kordak, argazki horizontal bat hartzeko lehenengo, bertikal bat gero. «Une egokian» Guevararen espresioa hartzeko «prest» egon izanak nazioartean ezagun egin zuen argazkilari kubatarra, Diana Diaz Lopez haren alabaren eta Alberto Korda: Pasión e Imagen atzera begirako erakusketaren komisarioaren ustez. Argazkilariak hartutako 110 irudi jarri dituzte ikusgai Buenos Airesko Borges zentroan.

Nazioarteko ospea ekarri zionGuerrillero heroico (Gerrillari heroikoa) Guevararen irudiaz gain,Kubako Iraultzaren irudi ugari ere jarri dituzte ikusgai Argentinako hiriburuan. Iraultzarekin batera, emakumearen gorputza eta itsasoa izan ziren Kordaren irudietan gehien ageri diren gaiak, eta horiek ere leku zabala dute Borges Kultur Zentroan atondu dioten atzera begirakoan.

Kubako Iraultzaren buruak agertzen diren argitaratu gabeko zenbait irudi bildu dituzte tartean; New Yorkeko hoteleko logela batean pijaman ageri da Fidel Castro argazki batean; berbetan, berriz, Guevara, Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartre lagun dituela. Orain arte erakutsi gabeko beste serie bi ere bildu dituzte: Benbe erritu afrokubatarraren inguruko bat, eta Castrorekin Txinara egindako bidaia batean hartutako zenbait irudiz osatutako bigarren bat. Duela gutxira arte zenbait bilduma pribaturen parte ziren serie biak. «Bere argazkiak oparitzeko ohitura zeukan aitak. Orain dela gutxi irudien jabeek kontaktatu gintuzten, haien egoera ekonomikoa zela-eta argazkiak saldu nahi zituztelako», azaldu du Diazek.

Alabak nabarmendu duenez, Kordak berak hartutako argazki batek eraman zuen aita iraultza irudikatzera: La niña de la muñeca de palo. «Aitak 1959an ezagutu zuen neskatxa, Paulita, eta erretratu hau hartu zuen. Bere lana birpentsarazi zion, eta iraultza irudikatu behar zuela erabaki zuen. Zenbait urteren ondoren, bere ezkontzara gonbidatu zuen Paulitak, eta irudia errepikatu zuten: enbor bat besarkatzen zuen, ezkon-soinekoa jantzita».

Hain zuzen ere, Alberto Diaz Gutierrezek —Kordaren benetako izena— moda eta publizitate argazkilari eman zituen urte ugari.Agerikoa da lehen garai horren eragina Kubako Iraultzaren inguruan Kordak sortutako iruditerian. Virginia Fabri erakusketako beste komisarioaren ustez, «ikusmolde eta konposizio sofistikatuagoak» eman zizkion Kordak, beste argazkilari dokumentalen aldean.

Beharbada, horregatik, nahiz eta ez zen inoiz iraultzaren argazkilari ofiziala izan, bereak dira iraultzaren inguruko zenbait irudi mitiko, izan Guevara eta Castro irudikatzen dituztenak, izan Sierra Maestrako gerrillariak agertzen dituztenak. Korda Castroren laguna izan zen, eta zenbait bidaiatan lagundu zion; horren lekuko dira, esaterako, Castrorekin egindako esplorazio itsas azpiko irudiak —erakusketan ikusgai daude horietako batzuk—, Errusian eskiatzen ageri duen beste bat, eta Nikita Kruxev presidente sobietar ohiarekin erakusten duen beste bat.

Kubako Richard Avedon izan nahi zuen Kordak. Beste argazkilarien gainetik miresten baitzuen estatubatuarra. Haren lanak eragin nabarmena izan zuen Kordaren egitekoan, Irving Penn eta Horst P. Horsten lanekin batera. Kordak Avedon ezagutzeko aukera izan zuen Castrorekin New Yorkera egindako bidaia batean. Gomendio bat eman zion Avedonek: moda argazkigintza alderatzeko eta iraultza irudikatzeari heltzeko. Hala egin zuen Kordak 1980ko hamarkadara arte.

Fabrik azpimarratu duenez, «erakusketak balio bikoitza dauka: batetik, historikoa da — eta, neurri batean, hezitzailea—; bestetik, Kubaren eta AEBen arteko harremanak berreskuratzen hasi diren testuinguruan kokatu behar da».

Emakumeei begira Madrilen

Buenos Aireskoa ez da egunotan Kordaren lana biltzen duen erakusketa bakarra. Hain zuzen, PhotoEspaña jaialdiak argazkilariak emakumeei egindako zuribeltzeko 60 erretratu bildu ditu Madrilgo Cerralbo museoan. Emakumeei begira, iraultza aurreko Kuba eta Kuba iraultzailea irudikatu zituen Madrilen ikusgai dauden argazkien bidez. Emakumea da Kordaren lanean gehien ageri den gaia, eta, izan estudioko modeloak, mitinetara joandako emakumeak edo emakume gerrillariak, haiei begira eraiki zuen bere lanaren zatirik handiena.

Gaztetako neska-lagunari egindako argazkiekin hasi, eta 2000an, hil baino hilabete batzuk arinago, Sao Paulon (Brasil) egindako zenbait erretratu daude ikusgai. Kordaren lanaren eta emakumeen arteko historia kontatzen dute. Hala ere, Ana Berruguete komisarioak azaldu duenez, «amaitu gabeko historia da, Kubako segurtasun indarrek 1968an atzeman baitzuten Kordaren artxiboa, eta haren argazkietako asko galdu ziren». Atzemandako argazkien artean, iraultza gai dutenak baino ez dira agertu, beste guztia desagerrarazi baitzuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.