Errugbia. Munduko Kopako finala

Beltz espero dute etorkizuna

Tentuz baina baikor mintzo dira gaurko Munduko Errugbi Kopako finalaz Brent Semmons eta Bradley Linklater, Getxo Artea taldeko kide zeelandaberritarrak.

Brent Semmons Getxo Arteako entrenatzaile eta Bradley Linklater jokalaria, baloi bati eusten, Faduran. SINADURA / AGENTZIA.
Inigo Astiz
2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Zerrendan osatu du bere sorterriko erlijioen mapa Brent Semmonsek, Getxo Artea errugbi taldeko entrenatzaileak (Auckland, Zeelanda Berria, 1966): «Zeelanda Berrian badira prebisterianoak, badira protestanteak eta badira katolikoak ere, baina guzti-guztiak dira errugbiarenak». Eta antzeko deskribapena egin du Bradley Linklater Getxoko taldeko jokalariak ere (Whangarei, Zeelanda Berria, 1985). «Kiwi batek eduki dezake aste txarra lanean, egon daiteke izorratuta, baina All Blacks-ek irabazten jarraitzen badute, gauzak ez doaz hain gaizki». Baikor mintzo dira biak Zeelanda Berriak gaur Australiaren aurka jokatuko duen munduko kopako finalaz. «Baikor isila» dela dio Semmonsek, «oraingoz»; eta ausartago animatu da emaitza botatzera Linkalter: «Zeelanda Berria 28, Australia 19. Eta All Blacks, hirugarrenez txapeldun». Amen.

Pozik dago entrenatzailea Zeelanda Berriak orain arte eskainitako mailarekin, baina baita oro har munduko txapelketan ikusitakoarekin ere. «Oso txapelketa erasokorra izan da. Orain arteko gehienak ostikoak, korrikaldiak eta bultzadak izan dira nagusiki, baina honetan benetako errugbia ikusi dugu». Ikuskizuna ere izan dela onartu du, eta ez du gaizki ikusten hori. «Esku bakarreko paseak eta gisakoak ere izan dira, bai, eta badirudi errugbia norabide horren beharrean dagoela, eta, are gehiago, futbola nagusi den munduaren parte honetan. Entretenimendua eskaintzeko ere prestatu beharra dago; jendeak ikusi nahi duen errugbia ere eskaini behar da».

Biharko lehia estu joango dela uste dute Getxo Arteako bi kideek. Semmonsek lehenik: «Hamar puntu baino askoz ere alde txikiagoa egongo da, ziurrenik». Eta Linklaterrek gero: «Entzun ditut azkenaldian Steve Hansen entrenatzaileak esandako batzuk, eta irudipena dut orain lau urte erabaki zutela hurrengo urteetarako plana. Esango nuke irabazteko prest daudela».

Australiarrekiko lehia

Onartu du jokalariak. «Lehia berezia dago Australiarekin, hori egia da. Sanoa da gehienetan lehia, baina hor dago. Eta bi herrialdeok finalera heldu izanak zerbait adierazten du munduaren hegoaldean errugbira jokatzeko dugun moduari buruz».

Bost urte daramatza Linklaterrek Euskal Herrian, eta bertakotuta dagoela dio. Kontrara, hilabete gutxi daramatza Semmonsek Getxon, baina pozik dagoela dio. Berak errugbia bizitzeko moduaren parekoa da Euskal Herrian dagoen errugbia bizitzeko modua, dioenez. «Ikusgarria da hemengo taldeetako jokalarien artean dagoen harremana. Beste kirol batzuetan baino estuagoa da erlazioa errugbian, agian, edo nik behintzat hala bizi dut, eta, iritsi berria naizen arren, esango nuke hemen ere hala bizi duela jendeak kirola».

Getxo Artea berpizteko fitxatu zuen taldeak Semmons, eta biharko finala beste inporta zaio horregatik bere taldeak etzi Bathco Rugby taldearen aurka jokatuko duen partida. «Sailkapena ikusita, badirudi ez garela ongi ari ?azken-aurreko doaz seigarren jardunaldian?, baina hemen daramadan denbora gutxian uste dut hoberantz egiten ari garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.