Triskantza eragin du Mexikon 7,1 graduko lurrikara batek

Gutxienez 225 hildako, ehunka zauritu eta kalte material larriak eragin ditu astinduak. Hiru eguneko dolu ofiziala ezarri du Peña Nieto presidenteak

Triskantza eragin du Mexikon 7,1 graduko lurrikara batek.
Ion Orzaiz.
2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Lehen kolpearen ostean, bere onera itzultzeko ia astirik gabe, bigarrena jaso du Mexikok. 7,1 graduko lurrikara batek astindu zuen herrialdea asteartean, irailaren 7ko dardarizotik bi aste igaro ez zirela. Ofizialki, 225 dira bigarren lurrikara horren ondorioz hildakoak, baina gehiago izan daitezkeela uste dute larrialdi zerbitzuetako arduradunek, erreskate lanak abian baitira oraindik. Ehunka zauritu eta kalte material kontagaitzak ere eragin ditu mugimendu tektonikoak.

Morelos eta Puebla herrien artean pairatu zuten dardara handiena, Mexiko Hiritik 120 bat kilometrora. Lurrikarak hor izan zuen epizentroa. Bizilagunek 13:40an sentitu zuten lurra oinen azpian mugitzen —20:40 ziren Euskal Herrian—. Irailaren 19a zen, eta egun horretan, hain justu, 32 urte bete ziren 1985eko lurrikara handitik. Milaka hildako eragin zituen ezbehar hori gogoratzeko ekitaldi instituzionalak antolatuak zeuden Mexikoko herri eta hiri gehienetan. Omenaldiak bukatu eta bi ordura, ordea, lurrak dar-dar egin zuen berriz.

Atzo arratsaldean, biktimei buruzko azken datu ofizialak eman zituen Mexikoko Babes Zibileko koordinatzaile Luis Felipe Puentek: lurrikarak 94 hildako eragin ditu Mexiko Hirian, 71 Morelos estatuan, 43 Pueblan, 12 Mexiko estatuan, 4 Guerreron eta hildako bat Oaxacan. Astinduaren ondorioz, gainera, dozenaka eraikin erori egin dira, eta hondakinen azpian pertsona gehiago topatzeko ahaleginetan dabiltza erreskate taldeak. Horrexegatik, desagertuen kopurua zenbakaitza dela gaineratu dute Babes Zibileko arduradunek.

Mexiko Hirian, esate baterako, hainbat pertsona bizirik atera dituzte azken orduetan, harri eta hondakinen artetik. Triskantza handia eragin du lurrikarak hiriburuan: gutxienez 39 eraikin bota ditu —tartean, eskola bat, eta han ziren 37 ume hil dira—, eta kalteak eragin ditu beste 600 etxebizitzatan. Horietatik 30 bat eraikinetan lurrikarak «oso kalte larriak» eragin dituela nabarmendu dute larrialdi zerbitzuek; hortaz, gerta liteke horiek ere bota behar izatea. Argindarra eta telefono zerbitzuak, bestalde, moztuta egon dira hainbat orduz, baita Metroaren zerbitzua ere, eta larrialdi egoera ezarri dute hiriburuko auzo guztietan.

Mexikoko presidente Enrique Peña Nietok hiru eguneko dolu ofiziala ezarri du, biktimen omenez. Herrialdeko presidentetzak Twitter bidez eman zuen erabakiaren berri, atzo arratsaldean. Peña Nieto, alta, ez da elkartasuna adierazteko sare sozialak erabili dituen agintari bakarra: Donald Trump AEBetako presidenteak, Angela Merkel kantzilerrak eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ere dolumin mezuak zabaldu dituzte.

Orain arte, 23 erreplika izan ditu astearteko lurrikarak, Mexikoko Sismologia Zerbitzuaren arabera. Richter eskalan 4 gradura iritsi da erreplika bortitzena.

Bi aste baino gutxiago igaro dira, bestalde, 8,2 graduko mugimendu sismiko batek Mexiko astindu zuenetik. 98 pertsona hil ziren irailaren 7ko lurrikara hartan. Hasieran, oraingo astindua duela bi aste izandakoaren erreplika izan zitekeela iradoki zuten hainbat hedabidek, baina geologoek baztertu egin dute aukera hori. Mexikoko Sismologia Zerbitzuko zuzendari Xyoli Camposen esanetan, herrialdearen «egoera tektoniko konplexua» da azken egunetako lurrikaren jatorrian dagoena, baina, horrez gain, ez dago bien arteko loturarik: «Mugimendu sismiko independenteak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.