PANek Hamasi leporatu dizkio Gazan Al-Fatahen aurka izandako erasoak

Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroak bertan behera utzi du Gazara gaur egitekoa zuen bidaia.

Hamasek ukatu egin du erantzukizuna
Israelgo poliziak, Meskiten Zelaietan, atzo, Jerusalemen.
Israelgo poliziak, Meskiten Zelaietan, atzo, Jerusalemen. JIM HOLLANDER / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 8
Jerusalem ekialdean tentsioa gori dagoen aldi berean —hedabideek egunero dute ahotan «hirugarren Intifadaren» hasiera—, palestinarren batasuna zarta dezakeen gertakari bat izan da Gazan. Al-Fatahen interesen aurka hamabortz bonba lehertu zituzten ortzegunean; horien artean, bat sinbolismo handikoa: Yasser Arafat buruzagi historikoaren heriotzaren hamargarren urteurreneko ekitaldirako prestatutako oholtza bota zuten. Hamasek berehalakoan ukatu du erasoekin zerikusia duela, baina PAN Palestinako Aginte Nazionaleko segurtasun zerbitzuek eta Al-Fataheko eledunek alderdi islamistari egotzi diote erantzukizuna. Rami Hamdallah PANeko lehen ministroa gaur Gazara joatekoa zen, baina bertan behera utzi du bisita.

Adnan al-Damiri PANeko segurtasun saileko bozeramailearen arabera, Hamasek «kontrolpean ditu Gaza osoko armak eta lehergaiak», eta, horregatik, uste du «ezinezkoa» dela «hamabortz leherketa aldi berean gertatzea Hamaseko agintariek jakin gabe». Al-Damirik argitaratu duen oharrean, bereziki salatu du Arafaten heriotzaren urteurreneko ekitaldiaren harira eginiko erasoa —«etikaren, erlijioaren eta berriaren aurkako» deitu dio—. Al-Fatah alderdiak ere Hamas egin du erantzule, Nasser al-Qidwa ordezkariak Ramallahen (Zisjordania) egindako prentsa agerraldi batean adierazi duenez. Palestinarren alderdi nazionalista historikoa da Al-Fatah, Arafatek sortua, eta historikoki PAE Palestina Askatzeko Erakundeko indar nagusia. PAE osatzen duten ezkerreko alderdi txikiagoek ere erasoak gaitzetsi dituzte, eta Gazako agintariei berehala argitzeko eskatu diete, baina ez dute Hamas egin erantzule.

Hamasen deia Hamdallahi

Hamasek, hain zuzen, erabat ukatu du erasoak berak egin dituela edo zerikusirik izan duela. Mussa Abu Marzuk zuzendaritzako buruzagiordeak «fakzio politikoei» eskatu die akusazioak egitean «tentuz» mintzatzeko. Akusazioak ukatu ez ezik, Abu Marzukek larrialdiko bilera bat eskatu die gainerako alderdiei, «erasoa gaitzetsi eta Fatahi babesa agertzeko». Horrez gain, Hamadallahi eta gaur harekin Gazara joatekoak ziren ministroei eskatu die bidaia mantentzeko. Zazpi urteko banaketa eta liskarren ondoren, uda hasierarekin bat sortu zuten batasun nazionaleko gobernua, adiskidetzeko ituna sinatu ondoren. Israelek gogor gaitzetsi zuen hori, baina nazioarteak onartu egin zuen, AEBek barne.

Hildako bat Jerusalemen

Jerusalem ekialdeko tentsioarekin bat egin du Gazako atentatuen gertakariak. Atzo 17 urteko israeldar bat hil zen, asteazkenean izandako eraso batean zauritu ondoren. Palestinar batek autoarekin harrapatu zituen espaloitik zihoazen oinezkoak —bat asteazkenean bertan hil zen—. Poliziak gidaria hil zuen, tiroz. Hamasek bere gain hartu zuen erasoa. Urriaren 22an, bertze palestinar batek bertze bi israeldar hil zituen gisa berean, eta Poliziak ere gidaria hil zuen. Benjamin Netanyahu Israelgo ministroak erabaki du erasotzaileen etxeak botatzea. Bi asteotan, Israelek berrehun palestinar baino gehiago atxilotu ditu Al-Aqsa meskitaren inguruko protestetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna