Kutsu ekonomiko nabarmena duen gobernua osatu du Tsiprasek Grezian

Dragasakis lehen ministrorde izango da, eta Varufakis Finantza ministro.

Defentsa, Anelen esku

Xabin Makazaga -

2015eko urtarrilak 28
Hamar ministro baino ez —denak gizonezkoak, emakumerik ez—, eta hiru ministerio herrialdearen ekonomia- eta finantza-politikak gidatzeko. Nabarmen kutsu ekonomikoko gobernu talde bat izendatu du Alexis Tsipras lehen ministroak Grezian, Syrizak igandeko hauteskundeak irabazi berritan. Gianis Dragasakis izango da gobernuko lehen ministrordea, eta ekonomia alorreko ministerio guztien jarduna berak gainbegiratuko du. Dragasakis izan zen, Giorgos Stathakis Sustapen, Lehiakortasun eta Azpiegitura ministro berriarekin batera, Salonikako Programa diseinatu zuena, Greziaren giza krisiari aurre egin nahi dion 12.000 milioi euroko proiektua.

Dragasakis eta Stathakisekin batera, Gianis Varufakis Finantza ministroa izango da Tsiprasen gobernuko beste oinarri ekonomiko nagusia. 2004tik 2006ra Giorgos Papandreu sozialdemokrataren gobernuko aholkulari izana, Varufakis bera eta Dragasakis izango dira Europako Batasunarekin Greziaren erreskateari buruzko negoziazioak bideratu beharko dituztenak.

Anel Greziar Independenteak alderdi eskuindarrarekin osatu du Syriza Ezker Erradikaleko Koalizioak gobernu koalizioa —bi indarrak bat datoz zorpetzeari eta erreskateari buruz— eta, babes horren truke, Aneleko buruzagi Panos Kamenos izango da Greziako Defentsa ministro, Syrizakoa ez den kide bakarra Tsiprasen gobernuan.

Gutxieneko soldata, gora

Antonis Samarasen aurreko gobernuarekin alderatuta, zortzi ministerio gutxiago izango ditu Tsiprasen exekutiboak, eta jada hasi da Grezia hondamenditik ateratzeko neurriak aurreratzen. Otsailaren 5ean bilduko da legebiltzar berria, eta, Kathimerini egunkariak iragarri duenez, Syrizak hartuko duen lehenengo neurria gutxieneko soldata 586 eurotik 751 eurora igotzea izango da, troikak ezarritako murrizketen aurreko mailara itzuliz.

Greziako herritarrek gizarte segurantzako funtsekin dituzten zorrak ordaintzeko epea ere luzatu egingo du Tsiprasen gobernuak, Kathimerini-ren arabera: zordunek gehienez ere soldataren %20-30 artean ordaintzea nahi du Syrizak.

Gobernu berriaren erronka nagusia, baina, Europako Batasuneko gainerako estatuekin akordio politiko eta ekonomiko bat lortzea da, Greziari bideragarritasuna emateko. Herrialdearen zorpetzea zama handiegia baita beste inora begiratzeko.

Greziari zorraren zati handi bat barkatzea baztertu egin dute Europako Batasuneko estatu gehienek, baina gero eta gehiago dira maileguen baldintzei buruz negoziatzeko prest agertu direnak. Hala ere, Greziak zor guztia ordaintzea ez dela «errealista» esan zuen atzo Syriza alderdiko ekonomia eledun Euclid Tsakalotosek: «Inork ez du uste hori jasangarria denik».

Alemaniako Atzerri ministro Frank-Walter Steinmeierrek Greziako emaitzak errespetatzen dituztela esan zuen atzo, baina akordioak betetzeko daudela berretsi zuen. Eta Angela Merkel kantzilerrak, Tsipras zoriontzeko mezuan, agintera «garai zailean» iritsi dela nabarmendu zion.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna