Ez jendeez, jendeekin baizik

Rene Vautier zendu berria omenduko du Baionako Atalantek, bizian jasan zentsuren gainetik haren filmak nehoiz baino gaurkoagoak direla ohartarazteko.

Rene Vautierrek 80 bat film ondu ditu bere bizian, baina anitz zentsuratu zizkioten, anitz suntsitu, eta batzuk, denborak higatu. ATALANTE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Guk zineman ikusten ditugun filmen bidez dugu gure bidea aurkitzen». Aitorpen hori egiten du Quand les femmes ont pris la colère dokumentalean (Emazteek haserrea bereganatu dutelarik, 1977) agertzen den emazte batek, bikote biziaz ari dela. Eta, aldi berean, ez du aurkitzen hor bere errealitaterik: «Chabrol jaunak bikote arazoak aipatzen dituelarik, bikote burgesa du aipatzen. Baina nor da ausartu fabrikako langileen bikoteen sexualitate arazoak aipatzen? Inteligentzian oinarritu harremanak? Nehor ez. Gizarte osoa litzatekeelako zalantzan jarriko [...]. Dena aldatu beharko litzatekeelako».

Soazig Chappedelaine Vautierrek egin dokumentaleko elkarrizketatik hartua da solas zati hori, Rene Vautier film egilearekin egina. Hasieran, Rene Vautierrena zen filma. Baina lagunaren eraginpean, gatazka sozial huts bat izan behar zena emazteen askatasunaren miraila bilakatuz joan zen. Trefimetaux fabrikako greba orokorra geldiarazteko, nagusiak langileen emazteei gutun bat bidali baitzien, senarrak konbentzi zitzaten, lanera berriz itzul zitezen. Baina alderantziz gertatu zen, eta hamabi emazte auzitara bidali zituzten, nagusia bahitu zutelakoan. Hamabiek, ordea, azaldu zuten haren bulegora joan eta harekin hitz egin zutela, besterik gabe. Auzia artxibatu zuten azkenean. Bizkitartean, filmean, nagusiaren, sindikalisten zein senarren itzalpetik jalgitzen agertzen dira hamabiak, horrek sortu arazo eta itxaropenekin.

Gaur Baionako Atalante zinema gelan proiektatuko dute, 21:15ean. Rene Vautier zinemagile bretoi urtarrilean zenduari (Kameled, 1928-Kemper, 2015) egin omenaldiaren karietara, Rencontres Sur Les Docks jaialdian. Film horrek bat egiten baitu Vautierren filmen ezaugarri nagusiekin. Trefimetauxko gatazka hilabeteetan luzatu zen, eta filmatu elkarrizketak protagonistekin kontrastatzen zituzten egileek, solasak elikatuz eta, aldi berean, hortik jalgi eztabaidek filma aberastuz: «Haren ezaugarri nagusia da hori. Filmak jendeekin zituen egin nahi, eta ez jendeez. Hori gaur egun ez da, beharbada, hain harrigarri, geroztik bideoa merkatu delako. Baina hark hasieratik zuen filmatzen zituenen hitzen miraila izan nahi; haien zerbitzuko jartzen zen nonbait, atzerapen bat ere izan arren», Moira Vautier-Chappedelainek horrela azaldu du aitak utzi obra. Lan handia egiten ari da Vautierren filmak zaharberritzeko. Gaur eta bihar Baionako jaialdira etortzekoa da, hain zuzen, solastatzera. «Giroan zinez murgiltzen zen. Horregatik, zinema militantea egiten zuela erran izan da. Hark zekarren hitza ez baitzen hedabide menderatzaileena». Problematika nagusi eta bakarra gatazka zuen, ororen buru: «Gatazkak filmatzea, armatuak, politikoak edo sozialak. Errealitatea islatu eta islatze horren bidez eragitea». Haren zinema «aktiboa» zela dio. Baina, haatik, ez da «propaganda zinema bat»; hori argi utzi nahi du Vautier-Chappedelainek. Alderdi komunistari begira, adibide bat emateko. «Gehienetan alderdiak ez zituen jarraitzen». Anitzetan «aitzindari» izan ziren. «Konparazione, Aljeriako problematikan alderdi komunista Aljeriaren independentziaren alde agertuko zen, baina anitzez berantago. Rene 1958tik filmatzen hasi zen hangoa».

80 bat film ondu zituen orotara Rene Vautierrek. Baina gehienak zentsuratzen zizkioten, banaketa debekatuz, edo, besterik gabe, ez ziren proiektatzen. Anitz galdu ere egin dira, kontserbazio arazoengatik. Artxiboen zati handi bat ere suntsitu zioten bere bilgunean. Halere, badira zenbait Vautier-Chappedelainek birbalorizatzen lagundu dituenak, DVD bilakatuz. René Vautier en Algérie filmak (Rene Vautier Aljerian) Aljeriako gaiaz egin lanak elkartzen ditu; besteak beste, bihar 16:30ean proiektatuko dutena: Avoir 20 ans dans les Aurès (20 urte ukan Aures-en), menturaz film egilearen ezagunena, 1972an sariztatu zuena Canneseko jaialdiak, eta luzaz zentsuratua. Duela bi urte, berriz, Afrique 50 zion berritu; hori ere urteetan zentsuratua, kolonialismoaren kontrako lehen film frantses gisa ezagutua. Gehiago dena, kasik bobina guztiak suntsitu zizkioten orduan bertan. Salbatzera lortu arrastoetatik zuen jalgi Afrique 50. Hainbat eragozpen, azkenean, indar bilakatzen zituenak Vautierrek. Horren lekuko, hainbat anekdota.

Eragozpenak indar

«Afrique 50 filmerako, filmatu zuenaren laurdena baizik ezin izan zuen berreskuratu, gaineratekoa suntsitu baitzioten. Filmeko ahotsa harena da, baina jatorrizkoan aktore batek zuen irakurtzekoa. Eta haserre entzuten da, justuki, testua irakurri behar zuenak azken puntan utzi baitzuen. Horretan du haren garaia hainbeste islatzen haren zinemak. Azkenean, forma eta funtsa bereizezinak dira, baita produkzioaren testuingurua ere», azaldu du Vautier-Chappedelainek.

Bere garaian errotuak, eta, aldi berean, beti garaikide. Le remords (1973) izan daiteke horren lekuko, gaur Atalanten proiektatuko duten lana. Kasik plano eta sekuentzia bakarrean filmatua den fikzio labur bat da, artistaren eta gizakiaren engaiamenduaz. Sinpleki agertzen da Rene Vautier bera aktore lanetan, asmatu gertakari baten berri ematen: poliziak arabiar bat zanpatzen ikusi ditu, baina ez du deus egin ahal izan. Karrikan utzi du arabiarra, hiltzear, Poliziak galdegin baitio lekuak hustea, eta, edozein gisaz, ezin zen mugitu: kamera bat balitz bezala haren gorputza, higitu ezinik. Bakarrik begira egon zitekeen, baina noizbait film bat eginen du horretaz. Aktore lanetarako, aktore bat bilatu zuen, baina denak uzkurtu. Eta, agian, garai hartan baino «hobeki funtzionatzen du orain», Vautier-Chappedelaineren arabera. Mundu guztiak kamera bat daukalarik sakelako telefonoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.