Adi! Desagertzeko arriskua

Paris-Roubaix amaitu eta Ardenetara bidean, tropeleko langileen egunerokoa azaldu du Imanol Erbitik. Taldeburuen garaipen askoren oinarrian dago nafarra.

Imanol Erbiti ahalegin betean, joan den igandean Paris-Roubaix klasikoan, Arenbergeko harbide zatian. MOVISTAR.
unai zubeldia
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Giharrek izugarri sufritzen dute horrelakoetan». Paris-Roubaix klasikoari buruz ari da hizketan Imanol Erbiti (Iruñea, 1983). «Biharamuna ez, asteartea izaten da okerrena. Pixka bat estutzen hasi, eta orduan ohartzen zara zenbateko egurra hartu duen gorputzak». Sufrimenduari argazkia aterata, Paris-Roubaix «Tourreko mendiko etapa gogor-gogor baten parekoa» dela azaldu du nafarrak. «Aldaparik egon ez arren, wattei eta gainerakoei begiratuta harrigarriak dira datuak. Tentsio handia jasan behar izaten da. Harbide zatiek egurtu egiten zaituzte».

Baina Movistarreko txirrindularia zailduta dago jada klasiko handi horietan. Hamaikagarren denboraldia hasi berri du Eusebio Unzue buru duen egituran, eta, urrutira joan gabe, bederatzi aldiz amaitu du Paris-Roubaix —2009koa du posturik onena, 40.a—. «Momentu berezia izaten da belodromora iritsi eta bi itzuli ematen dituzunekoa». Hori bai, «indar apurrik gabe, amaitzeko irrikan» egoten dira txirrindulari guztiak. «Sufrimendua muturrera iristen denean, irautea izaten da sekretua».

Nairo Quintana eta Jose Luis Arrietarekin Tourreko hainbat etapa bertatik bertara aztertu ondoren, asteazken iluntzean iritsi zen Erbiti etxera, eta atzo goizean joan zen Herbehereetara. «Baina, tira, seinale okerragoa litzateke geldirik egotea». Hori bai, Paris-Roubaixeko egurraren ondoren eta Ardenetako klasikoen atarian, «atseden hartzea» izaten da asteko lan bakarra. «Giharrak euren onera etortzea izaten da gakoa, ahalegin gogorrak dauzkagulako gainean». Tarteka, azken unean sasoi puntua ontzen hasteko tentazioa edukitzen da. «Baina, urte sasoi honetan, hobe izaten da behar baino atseden handiagoa hartzea, behar baino entrenamendu gehiago egitea baino. Urteko asterik lasaiena hau da, ia-ia».

Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja. Hiru klasiko handi ate joka daude jada. «Eta, okerrik ezean, hiruretan parte hartuko dut». Erbitiren hitzetan, «gozamena» da Alejandro Valverde eta Quintana taldeburu gisa hartuta lan egitea. «Alejandrok, esaterako, hiru klasikoetako edozein irabaz dezake, eta ondo egin behar dugu lan. Oso gustagarria da gogotik lan egin ondoren taldeburuek errematea eman dutela ikustea». Gutxienez «hiru probetako bat» irabaztea da Movistarren helburua. «Eta, aukeran jarrita, Lieja-Bastogne-Lieja aukeratuko nuke; ilusio handia egingo lidake».

Hurrengo igandeko kontuak izango dira horiek, baina, aurretik, Amstel Gold Race klasikoarekin hasiko da Ardenetako hirukoa, bihar bertan. «Horixe da Valverderi irabazteko falta zaion bakarra». Nafarraren hitzetan, Caubergeko igoera dela eta, ez da egokiegia bere taldeburuarentzat. Beste faborito bat dauka biharko: «Gilbert. Euskal Herrian pedal kolpe onarekin ibili zen, eta Fleche Brabançonnen ere bai».

Fleche Wallonekoa «ahalegin luzeagoa» dela argitu du Erbitik. «Kilometro pasatxoko igoera da Huykoa ere, baina serioagoa da; horregatik, egokiagoa da Valverderentzat». «Bereziena», berriz, Lieja-Bastogne-Lieja da iruindarraren hitzetan. «Huraxe da zaharrena, mitikoena eta gogorrena». Valverdek edo Quintanak emango dute errematea; ematekotan, baina, garaipenetik urrun ibilita ere, oso proba garrantzitsuak dira hirurak Erbitiren egutegian. «Taldeak lasterketei nola aurre egiten dien kontuan hartuta, batez ere. Txirrindulari langileontzat motibazio handiko probak dira Ardenetako klasikoak».

Tourra eta Vuelta buruan

Azken bost urteotan gertatu bezala, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta ageri dira Erbitiren luzera begirako egutegian. «Baina ezin da ahaztu hau kirola dela, eta kirol munduan ez dagoela ezer ziurtatuta». Gaur-gaurkoz, hamahiru txirrindulari daude Movistarren Tourrerako zerrendan. «Eta geroz eta zailagoa da bederatzikoan sartzea». Aurten amaituko zaio kontratua Movistarrekin. «Eta errepidean nire maila erakutsi beharra daukat, gero, denboraldi amaieran, kontratua luzatu ahal izateko».

Erabat gustura dago Erbiti Movistarren. «Lagun talde bat delako gurea, eta hori nabaritu egiten delako gero errepidean». World Tourrak hartu duen norabidearekin, beldur pixka bat badauka nafarrak bere gisako txirrindularien geroarekin. «Baina ezinbestekoak garela uste dut. Taldeburuek behar-beharrezkoak dituzte gure gisako txirrindulariak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.