Muguruzaren kartografia

Estu loturik deskribatu ditu Fermin Muguruza musikariak gizarte mugimenduak eta kulturgintza Bilboko Azkuna zentroan eskainitako 'Bilbo-BCN-Belfast-Berlin-Beirut-Bogota' hitzaldian. Hiriz hiri bizitakoak kontatuz erreparatu dio bere ibilbideari.
Bilboko Azkuna zentroan eman zuen hitzaldia Fermin Muguruzak atzo, Leire Palacios kazetariak gidatuta.
Bilboko Azkuna zentroan eman zuen hitzaldia Fermin Muguruzak atzo, Leire Palacios kazetariak gidatuta. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2017ko urtarrilak 19
Hitzaldiaren izenburutik bertatik marraztu ditu Fermin Muguruza musikariak bere koordenatu artistiko eta politikoak: Bilbo - BCN- Belfast- Berlin- Beirut- Bogota. Kortaturekin hasi, Negu Gorriak taldearekin jarraitu, Brigadistekin egindako birak, eta azken urteetako dokumentalgintzan egindako lanak; guztiak kokatu ditu sei hiriko mapa horretan, eta guztiak uztartu garaiz garaiko eta lekuan lekuko gizarte mugimendu eta borroka politikoekin. Abiapuntutik bertatik. Bilbotik. «Izan zen manifestazio bat, eta gertatu zen polizia batzuk zeudela infiltratuta jende artean. Emakume batek ezagutu zuen polizia bat hilabete bat lehenago bere semea atxilotu zuelako, jendea hasi zen seinalatzen, atera zuten pistola, eta hasi ziren tiroka, eta hori da garai hura, eta hori da Kortatu». Eta hortik mapako beste puntuetara. Meatzaleak programaren barruan eskaini zuen solasaldia atzo Bilboko Azkuna Zentroan, eta Leire Palacios kazetariak gidatu zuen saioa.

«Nire habitat natural modura deskribatzen ditut zenbait hiri, eta horrela hitz egiten dut Bilboz ere». Bizi deskribatu zuen Kortaturen garaian ezagutu zuen hiria. «Hona etorri ginenean, eta ezagutu genituenean MCD, Vulpes, Eskorbuto, eta etortzen ziren Gasteizko asko ere, hau izan zen gure gunea, eta berehala hasi ginen harremanetan ezker abertzalekoekin eta baita ere autonomoekin eta punkiekin. Hau zen giro bat oso berezia». Gaztetxea aipatu zuen mugimendu haren guztiaren epizentrotzat. Eta hori guztia transmititu beharra ere azpimarratu zuen. «Kontatu behar dugu Bilboko okupazio mugimendua nola hasi zen eta zer garrantzitsua izan zen Alde Zaharreko gaztetxe hura, eta nola erabili zen kriminalizatzeko... Hori izan zen lehen rock aretoa Euskal Herrian. Europako zirkuituan jarri bagenuen Bilbo, izan zen areto harekin».

Eta antzera Muguruzaren deskribapena beste hirien kasuan ere: uztartuta beti kultur sorkuntza eta giro sozial eta politikoa. Tentsioan tarteka. Zirimolan bezala beti gatazkak eta kantuak: Kolonbiako bake prozesua, Berlin demokratikoko giroa, polizien jazarpena, autogestioaren aldeko hautua, Hezbolaren erreferentzialtasuna ezker arabiarrean, antifaxismoa, Espainiako zentsura, drogen legeztatzea, New Orleanseko musikarien komunitatearekiko konpromisoa, eta baita lekuan lekuko kulturak defendatzearen aldeko aldarria ere.

Belfasten kokatutako anekdota baten bidez azaldu zuen, adibidez, euskaraz kantatzearen alde egindako hautuaren garrantzia: «Negu Gorriak taldearekin han eman behar genuen lehen kontzertua, baina bertan behera gelditu zen, hangoa gerra egoera zelako. Joan ginen halere, eta afari batera eraman gintuzten, eta han denak ari ziren gaelikoz hizketan, eta ez genien ulertzen, eta bat-batean jarri ziren denak zutik eta, denak gu txalotzen, esan zietelako egiten genuela euskaraz rocka eta rapa eta denetarik, eta han gaelikoz oso gauza gutxi egiten zirelako gaelikotik kanpo».

Zabal marraztu zuen bere erreferentzia mapa musikariak hitzaldian, baina kokapena edozein zela ere, behin eta berriz itzuli zuen begirada Euskal Herrira. Bertako gatazkaren inguruko kontakizunak pizten dion kezka azaltzerakoan, esaterako. «Badago errelatoen inguruko borroka bat, eta guk kulturgileok erantzukizun handia daukagu hor. Badago estrategia bat errelato bakarra egiteko, kultur industriatik nahikoa bideratuta dagoela iruditzen zaidana, eta horregatik dira garrantzitsuak gure ahotsak ere». Donostia 2016ren kasua aipatu zuen adibide gisa, eta espetxeko sorkuntzari buruzko erakusketan izandako euskal presoen aurkako zentsura kasua jarri zuen frogatzat.

Aurrerantzean ere geldi geratzeko asmorik ez du musikariak. Aurreratu zuenez, 2018an estreinatu nahi du Black is beltza komikian oinarritutako animazio filma, eta urte bete edo bi urte pasa nahi ditu gero pelikularekin «gora eta behera», proiekzioarekin batera hitzaldiak, biltzarrak eta irratsaioak antolatzen. «Ni neu naiz neure enbaxadorea», broma musikariak, eta barre guztiz beteta zegoen aretoko ikusleek. Azalpen kliniko moduko bat ere bai bere mundu gosea azaltzeko. «Asmatikook baldin badaukagu bizitzarekiko horrenbesteko lotura eta horrenbesteko grina da badakigulako zer den itotzea, eta zer den hiltzea. Bizitzaren defendatzaileak gara».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna