Ez da nagusia bakarrik joan

Liberty Media taldeak, 1 Formularen jabe berriak, astindua eman nahi dio kirol horri. Lehenbiziko neurri gisa, erretiroa hartzera behartu dute Bernie Ecclestone, azken 40 urteetan 1 Formulako arduradun nagusia izan dena.

Bernie Ecclestone Munduko 1 Formulako Txapelketako nagusi ohia, artxiboko argazki batean. VALDRIN XHEMAJ / EFE.
Laurentzi Garmendia
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Liberty Media AEBetako komunikazio taldeak CVC CVC Capital Partners inbertsio taldeari 1 Formula erosi zionetik, zalantzan egoen Bernie Ecclestoneren (Bungay, Ingalaterra, 1930) etorkizuna. Nahiz eta lehengo postuari eutsiko ez ziola segurtzat jo, kargu garrantzitsuren bat gordea ziotela zirudien. Baina inondik inora ere ez. Chase Careyk hartuko ditu haren postua eta ardura guztiak. Astelehenean gauzatu zen salerosketa, eta egun horretan bertan iragarri zuen Ecclestonek ez zuela bere karguan jarraituko.

Ecclestoneri buruz orriak eta orriak idatz daitezke. Normala ere bada, 86 urterekin eta karguan 40 urtez egon ondoren esan baitu agur. Hari buruzko orri horien erdietan ongi egindakoak aipa daitezke, eta beste orri erdietan, gaizki egindakoak. Jabe berriek ongi aztertu dute 1 Formula zentzu guztietan: zein diren haren indarguneak, ahuleziak, arriskuak eta aukerak. Ondorio argi batzuetara iritsi dira —horietako asko lehendik ezagun ziren—. Baina desberdintasun nabarmen bat dauka oraingoan: jabeak berak identifikatu dituela, horietatik hasi eta ekintzak martxan jartzeko. Haien izpiritua esaldi bakar batean laburbiltzen da: «Askotan, eta zentzu sinplifikatuan, kirolak gehiegitan esan du 'ez', eta guk 'bai' esaten hasi nahi dugu».

Azken hogei urteetan, 1 Formula ez da mugitu munduak ezagutu dituen aldaketen maila berean. Nola egingo du teknologia berrien aldeko apustua horiek erabiltzen ez dituen batek? Berandu iritsi zen goi bereizmena 1 Formulako emankizunetara, adibidez. Berandu iritsi zen Interneten erabilerara ere, eta herren segitzen du oraindik alor horretan.

Baina teknologikoki bakarrik ez, arazo nagusiei aurre egiteko garaian ere norabide argirik gabeko konponketak probatu dituzte azken urteetan 1 Formulako arduradunek, arazoaren muina ahazteraino. DRS sistema, sailkatze saioaren etengabeko aldaketak, talde txikien iraute arazoak, irabazien banaketa... Arazo zaharrak ez dira desagertu, eta, hori gutxi balitz bezala, berriak azaldu dira.

Ecclestoneri erretiroa emateaz gain, Liberty Mediak erabaki on bat hartu du dagoeneko: Ross Brawn kirol arduradun izendatu du. Gutxi dira hark bezala kirola barrutik ezagutzen dutenak, eta errespetu handia du guztien artean —1 Formulako talde indartsuenetan egin du lan—. Kirola erraztu egin behar dela uste du, arazoei konponbidea beste nolabait topatu behar zaiela. Hark esana da Ecclestoneri buruz: «Ez du gustuko besteek 1 Formulari esker dirua irabaztea». Filosofia hori egon da Ecclestoneren erabaki eta ekintza gehienen atzean, ondorioekin kezkatu gabe. Talde handiek abantaila zuten harekin, eta txikiek, zailtasun handiak. Atzo bertan jakinarazi zuen Manorrek eroslerik gabe amaitu dela taldea erreskatatzeko epea. Halako berriak ohikoak izan dira azken urteetan.

Zenbait arlotan eskuak lotuta dauzka Liberty Mediak, Adiskidetasunaren Hitzarmena 2020ra arte sinatua baitago aldeen artean. Hor zehazten da zenbat diru jasoko duten taldeek, beste kontzeptu askoren artean. Hori hiru bat urtez ukitu ezingo dutenez, Brawnek beste modu batera erraztu nahi du talde txikien iraupena: kostuak murriztuz, horretarako kostu muga bat ezarriz. Ez da ideia berria, baina talde indartsuenak horren aurka egon dira orain arte. McLaren zen horietako bat, baina Zak Brown zuzendari berriak adierazi du prest daudela ados jartzeko. Garai berriak datozen seinalea da.

Ikuskizuna handitu nahian

Kostuen murrizketa ez da taldeei bakarrik eragingo liekeen zerbait. Sari Nagusien antolatzaileek ere aspalditik pairatzen dute Ecclestonek eskatzen zien kuota. Horri aurre egin ezinda, desagertu egin dira lasterketa historiko batzuk: Frantzian eta Alemanian ez da lasterketarik izango aurten, eta zalantzan dago datorren urtean Ingalaterrakoa jokatuko den, nahiz eta iaz 150.000 sarrera saldu zituen. Halako salmenta duen ekitaldi batek ezin badie 1 Formulak exijitzen dizkien kuotei aurre egin, arazoa agerikoa da.

Asmo onak bezala, galdera batzuk ere eragin dituzte Careyk esandakoek. Lasterketa eta ikuskizuna asteburuan mamitu ordez, aste osoko ekitaldi bilakatu nahi dituzte Sari Nagusiak, futbol amerikarraren super bowl-aren ereduari jarraituz. 1 Formularen jatorri eta oinarri europarra errespetatuko omen dituzte, hor baitago funtsa, baina ezin da ukatu amerikar kutsua eman nahi diotela, hango merkatua erakartzeko. Careyk esana da: «1 Formula ez da bere ahalmen guztian erabili; azken lauzpabost urteetan, negozioa ez da hazi». Ikusle kopuruak behera egin du, ohiturak aldatu egin direlako. Netflix eta antzeko streaming zerbitzuak ohikoak dira gaur egun, baina 1 Formula telebistaz bakarrik ikus daiteke oraindik.

Taldeei indar gehiago emango diete, eta horri esker 1 Formula «askeagoa» izango dela diote taldeetako zuzendariek. Ecclestoneren lana azpimarratu dute guztiek hari agur esatean, eta gaineratu hark eraman duela egungo mailara kirol hau. Baina eskerrak bezainbeste izan dira «bazen garaia» eta halako hitzak. Ecclestone badoa, eta harekin, estilo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.