Itzultzearen itzulinguruak

Soziolinguistika, kultura eta politikaren ikuspegitik aztertu dute Harkaitz Cano idazleak eta Xabier Olarra itzultzaileak euskarazko itzulpengintzaren egoera, Bilbon. Bat egin dute bi sortzaileek alorrak bizi duen egoera testuinguru zabalagoaren ondorio ere badela azaltzerakoan.
Harkaitz Cano idazlea eta Xabier Olarra itzultzailea, atzo, BIlboko Bidebarrieta liburutegiko mahai inguruan.
Harkaitz Cano idazlea eta Xabier Olarra itzultzailea, atzo, BIlboko Bidebarrieta liburutegiko mahai inguruan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2017ko otsailak 15
Botere erlazio bat dago hizkuntzen artean. Ari gara itzulpengintzaz, baina ari gara esaten agintea nork duen. Itzulpenak ez dira neutroak eta ez dira bakarrik autorearen hautua; hor badago egitura bat». Harkaitz Cano idazlearenak dira hitzok, eta balio dezakete atzo Bilboko Bidebarrieta liburutegian Xabier Olarra itzultzaile eta Igela argitaletxeko editorearekin batera eskainitako mahai inguruaren tonua deskribatzeko. Itzulpengintza izan zuten gaia bi sortzaileek Eztabaidak literaturarekin XXI. mendean zikloaren barruan eskainitako saioan, baina berehala utzi zuten argi ikuspegi teknikoa baztertu, eta soziolinguistika, politika eta kultur ikuspegitik arituko zirela. Ameskeriatik urrun, beraz, bi hizlariak, baina baita etsipenean erori gabe ere. Olarra: «Gabeziak ditugu aldamenean lehian ditugun bi hizkuntzek daramaten abiaduran itzultzeko».

«Harremana badago». Datuekin abiatu zuen bere gogoeta Olarrak, eta Eli Manterola ikertzaileak bildutako datuak hartu zituen ahotan. Euskaratik beste hizkuntzetara egindako itzulpenen kasuan, mugarri nabarmen bat aipatu zuen: 1989. urtea. Urte hartan irabazi zuen Obabakoak liburuak Espainiako Literatur saria, eta hortik aurrera hasten dira euskarazko liburuak erdaretara heltzen. Nabarmen. Izan ere, 105 dira XVI. mendetik hasi eta 1989ra arte erdaretara heldutako euskal liburuak, eta, kontrara, 358 izan ziren 1989tik 2000rako hamarkadan itzulitakoak. Eta eutsi egin zaio kopuruari geroztik. Hortik bere gogoeta: «Gauzak nola itzultzen diren momentu historiko batean ala bestean, badaude aldeak, eta gaur egun normalizatuta gaudela esan dezakegu. Gure literaturak zerbait esan diezaieke alboko herriei, eta horregatik dago nolabaiteko eskari bat. Kulturen arteko lotura eta harremana badago. Horregatik itzultzen da». Hori bai, liburu horietako gehien-gehienak gaztelaniara. «Eta beste hizkuntzetara obra oso bakanak».

Zirriborroa, euskaraz

Datuak aipatu zituen Canok bere lehen hitzetan ere, Javier Calvoren kalkuluak aipatuz berak. «Munduan itzultzen diren liburuen %75 ingelesetik itzultzen dira, eta, aldiz, munduko beste hizkuntza guztietatik ingelesera itzultzen da %5a». Eta hasieratik abiatu zuen, beraz, botereari buruzko gogoeta. «Hizkuntzen kontua ere hegemonia politiko edo erregimen batzuen menpe mugitzen da. Zer itzultzen da, zergatik eta zer proportziotan».

Euskarazko liburuen gaztelerazko itzulpenez ere aritu zen Cano. Probokatzaile, kasu horretan. «Euskaraz kaleratzen duguna zer da, lehen zirriborroa, gero gazteleraz serioa ateratzeko?». Izan ere, euskal autoreek beren lanak gaztelerara itzultzeko hartu ohi dituzten lizentziak ere izan zituzten mintzagai bi sortzaileek, eta hortik idazlearen probokazioa. «Nik liburua euskaraz kaleratu, eta azken ipuina oso txarra dela esaten didaten hamar kritika jasotzen baditut, agian, gazteleraz argitaratzean azken ipuin hori desagertu egingo da». Eta zilegi jo zuen egilearen askatasun hori Olarrak. «Obra beraren bertsioak dira».

Idazleentzako ezinbesteko dira itzulpenak, Canoren hitzetan ere. Eskola ona dira eskua trebatzeko, eta muturrera eraman zuen adibidea hitzaldi bukaeran. «Nik idazle bati eskatzen diot itzultzaile izatea ere. Bestela ez da benetako idazlea». Nor bere burua itzultzeari buruz ere aritu zen. Eta sorkuntzan aurrera egiteko elementu garrantzitsua izan zitekeela azaldu zuen. «[Italo] Calvinok esaten zuen liburu bat arretaz irakurtzeko modurik onena zela liburu hori itzultzea. Nik pentsatu nahi dut neure burua irakurtzeko modurik onena neure burua itzultzea dela, eta, besteak beste, horregatik interesatzen zait neure burua itzultzea, neure burua irakurtzeko modurik onena delako akaso. Hor enfrentatzen naiz benetan nire mamuekin edo nire gabeziekin». Itzultzaileek egindako lana ere azpimarratu zuen, gainera. «Euskarazko itzulpenak ez dakit izan duten merezi besteko garrantzia irakurleentzat, baina idazleontzat bai. Eta gure irakurleei ere, zeharka iristen zaie horren eragina».

Kultura txikien tragedia

Sistema literarioan jarri zuen fokua Olarrak. Bere ustez, sistema horren ahultasunaren ondorio baitira punta-puntako idazleen lanen euskarazko itzulpenek eskuratzen dituzten salmenta datu eskasak. Eta idazleak dira bere ustez sistema hori indartzeko klabea. «Bata ez dago bestearekin kontraesanean, baina inori balioa ematekotan, hizkuntza batek bere idazleei eman behar die, dudarik gabe, eta horrek ekarriko ditu ondorioak. Habanan orain euskarak zerbait baduela edo ez duela, ba izango du bere garrantzia horrek, baina batez ere du garrantzia literatur sistema horrek bere herrian indarra izatea, eta hori batez ere idazleek egiten dute. Sistema literarioari berari eman behar zaio garrantzia, eta barnetik eman behar zaio garrantzia».

Urtean itzulpen apustu garrantzitsu bat egiteko aukera dagoela aipatu zuen Canok zirikatzaile, eta apustu horrekin asmatu ezean, hurrengo urtera arte itxaron beharra dagoela. Baina itzulpengintzaz harago ere eraman zuen gogoeta Canok berehala. «Kultura txikiek daukagun tragedia da ezin garela ekibokatu, hau da, ezin diogula geure buruari permititu liburu txarrik idaztea, ez publikatzea, ez itzultzea. Eta horrek jartzen dizu autoexijentzia maila bat inhumanoa». Eta esaldia bukatu bezain pronto, Olarrak albotik oharra irribarrez. «Eta ez da kaltegarria».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna