Okerrago izan zitekeen

Alavesek Valentziaren aurka neurtuko ditu indarrak Espainiako Kopako final-laurdenetan. Zailtasunaren jakitun izanagatik, arabarrek ez diote ezeri uko egiten
Alaveseko jokalariak asteazkenean Formenterari sartutako goletako bat ospatzen.
Alaveseko jokalariak asteazkenean Formenterari sartutako goletako bat ospatzen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko urtarrilak 13
Gaur egun, helburu bakarra du Alavesek: Lehen Mailan nola edo hala irautea. Arduragabekeria litzateke bestelako jomugak ezartzea. Haatik, Espainiako Kopan berriz ere tokia egin du zortzi onenen artean, eta amesten hasi da. Hori islatzen dute Arabako klubeko presidente Alfonso Fernandez de Troconizen hitzek: «Kopan iaz egin genuena errepikatzea dugu amets». Saihetsezina da, oso gozoak baitira azken aldiko oroitzapenak; finean, finalera iristea ez da egunero lortzen den zerbait. Gauzak zentzuz eginez gero, Kopako ametsak ez luke bateraezina izan behar ligako helburuarekin. Orain arteko bi kanporaketetan ordezkoak izan dira zelaian, eta atseden eman zaie ohikoenei. Hemendik aitzina ere, horrek beharko luke formula. Gerta liteke, ordea, Koparako balekoa ez izatea, final-laurdenetan aurkari gaiztoa izango baitu Alavesek: moda-modan dagoen Valentzia.

Hori bai, gasteiztarrei aho zapore nahiko ona utzi zien atzo eguerdian egin zen zozketak. Izan ere, saihestu egin zituzten talderik ahaltsuenak; Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril, alegia. Horien kontra apenas izango zuten aukerarik kanporaketa gainditzeko. Valentziaren kontra, ordea, badute aurrera egiteko esperantza. Ez da aurkaririk errazena, Leganes eta Espanyol ere zortzi onenen artean sartu baitira, baina hiruko ahalguztiduna saihestuta, arabarrak ez daude kexatzeko moduan. Kasu honetan, erdi betea dago edalontzia.

Joaneko norgehiagoka Mestallan jokatuko da, datorren asteazkenean, 19:00etan. Itzulikoa, berriz, Mendizorrotzan izango da, hilaren 24ean, ordu berean. Alavesek gogo onez helduko dio kanporaketari, Kopan gauzak nahieran ari baitzaizkio irteten, ligan ez bezala. Final-hamaseirenetan hanka batekin kanporatu zuen Getafe (4-0 osotara), eta Formenterari ere aise gailendu zitzaion final-zortzirenetan (5-1). Emaitza on horien atzean, ordezkoen lan txukuna dago. Ligan aukerarik ez dutenak Kopako lehiez ari dira profitatzen teknikariaren arreta bereganatzeko. Demirovic eta Victor Lopezen kasua da, esate baterako.

Aurreko sasoiak nahiko baikorrak dira Arabako taldearentzat. Guztira bederatzi aldiz izan da final-laurdenetan, eta horietatik bostetan gainditu du kanporaketa: finalaurrekoetaraino iritsi zen 1928an, 1939an, 1998an eta 2004an azken bi horietan, Bigarren Mailan ziharduela, eta finalera iaz. Bidea final-laurdenetan bukatu zitzaion, berriz, 1930ean, 1932an, 1978an eta 1979an. Zernahi ere, arabarrek aurreko sasoiak ez dituzte aski izango Valentzia talde sendoa azpiratzeko. Depresioak jota zebilen, etenik gabeko krisian, baina erabat onbideratu du Marcelino Garcia Toralek. Izar handirik gabe, multzo fidagarri eta konprometitua osatzen asmatu du teknikari espainiarrak.

Talde izaera irmoaren abaroan, distira ari dira egiten Gaya, Soler, Kondogbia, Parejo, Guedes, Rodrigo eta Zaza. Ligan hirugarren dira orain, eta Kopan ere distiratsu dabiltza: aurrena, 6-1eko emaitza orokorrarekin irabazi zioten Zaragozari, eta, ondoren, 5-1ekoarekin Las Palmasi. Hala, Alaveseko entrenatzaile Abelardo Fernandezek badaki ez dela kanporaketa erraza izango: «Bi partida oso on jokatu beharko ditugu kanporaketa gainditzeko. Valentzia denboraldi honetan sasoi betean dago, bikain ari da jokatzen».

Lehia auzokideen artean

Asko Bartzelona eta Real Madril final-laurdenetan gurutzatu zain zeuden, baina bizkarra eman zien zozketak. Kataluniarrak Espanyolen aurka ariko dira, eta espainiarrak Leganesen kontra. Hortaz, klasikoaren ordez, bi derbi izanen dira datorren asteazkenetik aurrera jokatuko den fasean. Bestalde, parekatzerik lehiatuena Atletico Madrilen eta Sevillaren artekoa izatea espero da.

Gelditzen direnen artean, Bartzelona da garaikurra altxatzeko faborito nagusia. Oso sasoiko dago, azken hiru edizioetan gailendu da, eta historian Espainiako Kopa gehien irabazi duen taldea da (29). Bestalde, bitxikeria gisa, Leganes aurrenekoz ariko da final-laurdenetan. Markak apurtzen jarraitzen du Asier Garitanok espainiarren aulkian.

Alaves, bestalde, azaldu zuen zorrik ez duela ezein jokalarirekin. Espainiako irrati baten arabera, gasteiztarrek azarotik zeramaten Bojani, Katairi eta Cristian Santosi ordaindu gabe, soldata mugarekin zituzten ustezko arazoengatik. Klubak gezurtatu egin du informazio hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna