Sizilian ez dago bakerik

Italiako Giroko hurrengo hiru etapak uhartean barrena jokatuko dira. Gaurkoak eta biharkoak amaiera pikoa dute, eta etzi Etna igoko dute

Sizilian ez dago bakerik.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Giroko hurrengo hiru etapak Sizilian jokatuko dira. Israelen jokatu direnak adina dira, baina askoz oihartzun txikiagoa izan du Italiako hegoaldeko uharteko hirukoak. Agian 2.000 kilometroko lekualdatze baten ondoren iritsiko direlako da hori, edo asteburuan lehen mendate handiak datozelako, edo ez delako turismo ministerioaren diru sarrera ahaltsurik egon. Baina hirurek mina egin dezakete, aldapa gora bukatzen direlako. Giroko lehen astean egoteko, ezohiko etapak dira.

Sizilia ibilbide gorabeheratsuz beteriko uhartea da, eta hori argi ikusiko da datozen hiru egunetan. Israelen esprinterrentzako bi egun egon dira, eta Sizilian, berriz, igoera piko motzetan gozatzen duten txirrindularientzako bi etapa daude, eta igoera luzeago bat. Gaurko eta biharko etapek Euskal Herriko Itzulitik edo Flandriatik atereak dirudite. Gaurkoak 191 kilometro ditu, baina azkenekoa da esanguratsuena. Caltagironeko kaleetan sartuta, igoera pikoak %8,5eko batez besteko pendiza du, eta %13ra arteko tarteak.

Biharko etapa ere antzekoa izango da, Agrigento eta Santa Ninfa artean (152 kilometro). Kilometro lau gutxiko ibilbidea da, kostaldera pega eginda eta alboko haizearekin. Hala ere, bukaeran erabakiko da. Amaiera pikoa ez da azken kilometroan egongo, helmugatik bi kilometrora baizik. Kilometro eta erdiko igoera horrek %6ko pendiza du batez beste, eta %12ra arteko aldapak. Azken 500 metroak lauak dira.

Etzi, sumendi haizetsua

Etzi igoko du tropelak Giroko lehen mendate gogorra: Etna sumendia (1.736 m.). 164 kilometroko etapa izango da, eta, behe-behetik zenbatzen hasiz gero, 40 kilometrokoa da Etnaren igoera. Tartean, baina, atseden bat dago; beraz, azken igoerak hamalau kilometro ditu. %6ko batez besteko pendiza dute kilometro horiek, eta %15era arteko tarteak. Igoera osoan ez dago itzalik, ezta zuhaitzik ere; ilargi txurako paisaia da, eta haizea, bortitza. Iaz ere igo zuten, eta ez zen zalapartarik egon, hein batean haizearengatik. Halere, faborito guztiek esan dute probak egiteko egun egokia izan daitekeela, larunbateko eta igandeko etapa menditsuetara begira. Rohan Dennis (BMC) da sailkapeneko buru, eta, erlojupeko espezialista izanda, kostako zaio Siziliatik elastiko arrosa jantzita irtetea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.