Medikuak eskas Alepon

Alepon Al-Assaden kontrako borroka hasi zenean, ehunka mediku eta erizain iritsi ziren laguntzeko prest. Bi urtera, etsipena nagusitu da, eta 36 baino ez dira geratzen.
Alepoko erreskate talde bateko kideak, emakume zauritu bat eraitsitako etxe bateko hondakin artetik ateratzen, Bab al-Nerb auzoan.
Alepoko erreskate talde bateko kideak, emakume zauritu bat eraitsitako etxe bateko hondakin artetik ateratzen, Bab al-Nerb auzoan. J. M. LOPEZ

Antonio Pampliega -

2014ko urriak 18
Oihu minek mutuarazi dute kalean ziztu bizian dabiltzan anbulantzien hots kirrinkaria. Oinaze oihuak dira. Haserre oihuak. Heriotza oihuak. Gizon bat, goitik behera odolez zikindua, ospitale barrutik irten da, eta ziplo jausi, oinezko zurlurtuen aurrez aurre. Inor ez zaio joan laguntzera. Hainbestetan ikusiak dituzte halakoak, eguneroko kontutzat baitaukate. Mutil gazte bat, aurpegia odolez orbandua, alboan belaunikatu zaio. Negarrez ari dira biak. Malkoek amatatu dituzte oihuak. Mutu datza berriro hiria, anbulantzien joan-etorri biziek urratutako isiltasunean…

Ospitaleko sarreran, zauritu bi anda banatan. Barrualdean, kaos erabatekoa. Odola nonahi. Gorpuzkiak, pertsona bat osorik gorpuzteko lain. Mediku, erizain eta boluntarioak, lanez gainezka, iritsi ezinean. Bakoitza, dozena bat zauritu artatu beharrean; bien bitartean, anbulantziak iritsi eta iritsi, zauritu gehiago dakartela.

«Goizean goiz, erregimenaren helikoptero batetik TNTz betetako upel bat jaurti zieten janari bila ilaran zeuden ehunka pertsonari. Handik hogei minutura, helikoptero beretik beste upel bat jaurti zieten haiek artatzera joanak ziren larrialdi zerbitzuetakoei. Dozenaka dira hildakoak, eta ehunka zauritutakoak. Gainez eginda gabiltza», esan du Ammar Zakaria medikuak.

Al-Assad-en armadan kapitain izandakoa da, eta duela bi urte desertatu zuen, errebeldeen aldean boluntario gisa lan egiteko. «Orain, eguneroko odoljarioa geratzea izango da gure garaipenik handiena. Iraultza garaile edo galtzaile izatea, hori bigarren mailako kontua da; gerra geldiarazten dugunean izango gara garaile. Ordura arte, honixe aurre egin behar diogu egunero», dio, odolez zipriztindutako mantala erakutsiz. «Siriarrik gehienek ez dute arrastorik zer gertatzen ari den beren herrialdean. Asko eta asko lasai ederrean bizi dira Europan eta AEBetan. Itzuli egin beharko lukete, eta beren begiez ikusi nola suntsitzen gaituzten»; amorruz betetako hitzak darabiltza Zakaria medikuak, bere begiez ikusi baitzuen beste lankide batzuek nola torturatzen zituzten zibil errugabeak informazioren bat aterarazteko. «Erabaki nuen bonben pean baina libre lan egitea», adierazi du azkenean.

Alepon, 2012ko uztailaren 19an piztu zen iraultza, eta ehunka mediku, erizain eta boluntariok jo zuten hango ospitaleetara laguntza ematera. Bi urteren ondoren, lekukotasun hutsezkoa baino ez da haien kopurua. «Hiri osoan, 36 mediku daude. Egun biz bat, bere lana bertan behera uzten du mediku batek, eta hiritik alde egiten, familiarekin Europara joateko asmoz. Lankide asko nekatu egin dira, egoerak noiz onera egingo, eta erabaki dute ez duela merezi Sirian geratzea»; hala adierazi du Abu Yosef jaunak, ospitale honetako zuzendariak. 60 urte ditu, eta antzeman du nekeak jota dagoela; ospitalearen izenik ez argitaratzeko eskatu digu, inoren jomuga bihur ez dadin. «Gerrak dirauen bitartean, Alepon bakarrik, hamar mediku eta 30 bat erizain hil dira. Bost ospitale hondatu dituzte bonbek. Erregimenak geu gaitu lehenbiziko jomuga. Medikuak paretik kenduz gero, nork artatuko ditu zaurituak?», gogoeta egin du Abu Yosefek. «Lekuko gisa, guk bakarrik dokumentatzen ditugu egiten ari diren sarraskiak».

Orduak pasatu ahala, zaurituak iritsi eta iritsi ari dira oraindik, etenik gabe. Izu-ikaragarriak dira erasoaldiari dagozkion kopuruak: 47 pertsona hilik, eta 200 baino gehiago zauriturik, oraingoz. Ospitale honetan zazpi mediku ari dira lanean, atsedenik gabe, eta bakoitzak dozenaka artatuko ditu gutxienez. «Munduko ospitalerik onenetan ere, larrialdietan, hogei paziente inguru bakarrik artatu ditzakete berme osoarekin eta aldi berean. Hemen, oraintxe bertan, ez ditugu edukiko ehun baino gutxiago. Ez dugu non ipini ere!», dio Abu Aasem mutil gazteak, damurik. 25 urte ditu, eta medikuntza amaitu gabea da oraindik, baina horixe da gutxienekoa egoera honetan; gerratik bizirik irteten bada, hamar urtean lanbidean aritutako mediku profesional askok baino eskarmentu handiagoa izango du.

Adineko gizon bat bildu da ospitaleko gorputegira, zeina eguzki galdatan kiskaltzen dagoen kanpadenda bat baino ez baita. Ustel kirats nazkagarria dario tokiari. Ospitaleko boluntarioek hortxe kokatu dituzte orain arteko gorpuak, hil-jantzia jarrita, senitartekoak —halakorik badute— hilotzen bila noiz etorriko zain. Adineko gizonak, xake taularen eiteko zapi zuri-gorri bat baitakar apaingarri, esku biekin heldu dio aurpegiari, eta begiak bil-bil egin. Loteria makabro honetan, zenbaki saridun bat egokitu zaio. Semea du hildakoetako bat...

«Mundua ahaztu egin da Siriaz», esan du erizain batek, eszenari urrutitik begiratzen diola. «Zenbaki huts bihurtu gara», eman du epaia, ironiaz. Zenbakiz zenbakiz, 200.000 hildakotik gora ere bai baitira.

Bere bizia arriskuan jarrita Alepon geratzea erabaki duten mediku eta erizain bakanek, berriz, muturreko baldintzetan lan egiten dute: argindarrik gabe, sorgailuentzako gasolina ordaintzeko dirurik ia ez dutela, eta sarritan anestesiarik gabe eta bat-batean baliatutako tresna kirurgikoekin egiten dituztela ebakuntzak. Horretaz gainera, osasun langileek beste arazo bati ere aurre egin behar izaten diote: hiriko agintari berriei. «Politikariei ez zaie axola medikuen egoera. Soldadu bati zilegi zaio ospitalera iritsi eta mediku bat jotzea, bere kide bati bizia ez salbatzeagatik. Soldadu hori ez dute sekula zigortuko. Aurrekari arriskutsua da»; hala salatu du Abu Aasem mutil gazteak.

«Iraultzak ez du ezertarako balio izan; orain, lehen baino askoz okerrago gaude. Gustura itzuliko nintzateke hau guztia gertatu aurreko garaietara», egin du bere artean, ozen. «Baina Al-Assad hiltzaile bat eta diktadore bat dela uste dut oraindik ere...», argitu nahi izan du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna