Zaildutako gaztea

Gaztea bada ere, Mikel Oiartzabalek 50 partida daramatza jada Realarekin. Ezinbesteko bilakatu da, baina antzu ari da erasoan, golik ez baitu sartu ligan. Egoera irauli nahi du azken txanpan.

jon eskudero
Donostia
2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Batzuetan, geratu, eta pentsatzen jartzen naiz soilik 19 urte ditudala». Gaztea izanagatik, ondo zaildutako jokalariaren zantzuak erakusten ari da Mikel Oiartzabal, eta dagoeneko zenbaki biribilak lortzen hasia dago elastiko txuri-urdina jantzita. Iragan jardunaldian Mendizorrotzan jokatu ondoren, 50 partida daramatza ligan Realarekin. Zehazki, 19 urte eta 331 egun zituela heldu da zifra horietara. Realaren historian, soilik bi jokalarik lortu dute gazteago izan eta 50 partida jokatzea: Mikel Lasak, 19 eta hogei egunekin, eta Roberto Lopez Ufartek, 19 urte eta 215 egunekin. Antoine Griezmannek ere denbora gutxiagoan jokatu zituen 50 partida, baina lehen 39etan Bigarren Mailan aritu zen, 2009-2010eko denboraldian.

Iragan sasoian agertu zenetik, Oiartzabalen ekarpena ezinbestekoa izaten ari da Realean; batez ere, Eusebio Sacristan aulkian dagoenetik. Zubietako haztegiak emandako azken harribitxia da, eta haren lana ez da alferrik galtzen ari. Iragan denboraldian, 22 partida jokatu zituen guztira, eta aho zabalik utzi zituen guztiak. Sasoi honetan, dagoeneko 28 partida daramatza ligan, eta, taldean, minutu gehien jokatu duten jokalarietan bosgarrena da. Era horretan iritsi da 50 partidetara.

Hala ere, zifra biribil hori ez zaio boladarik gozoenean heldu. Hainbeste minutu jokatu izanaren zama igartzen ari da, eta taldean duen erantzukizuna ere sumatu du akaso. «Aurreko sasoian baino aldrebesago ateratzen ari zaizkit gauzak, baina denetariko egoeretatik ikasteko prest nago». Horregatik, indartsu dago ligako azken txanpari begira. «Baliteke orain arte nekea apur bat igarri izana, beti baita nekagarria astean hiru partida jokatzea. Ligako etenaldiak mesede egin dit, eta, hamar jardunaldi falta direnez sasoia amaitzeko, ahalik eta ondoen egin nahi dut».

Estatistikei erreparatuta, Oiartzabalen denboraldiak antzu samarra dirudi, baina taldeari gertutik erreparatzen diotenek badakite jokalariak zer-nolako garrantzia duen taldean. Partida batean salbu, gainerako guztietan hasieratik jokatu du, eta ez edonola, gainera. Gogoa, kemena eta sasoia plazaratu ditu, eta taldekideak kutsatzeko moduko jarrera azaldu du, ez baitu baloi bakar bat ere ematen galduta. Gainera, entrenatzaileak agindutako postuan jokatzeko prest azaldu da beti, baina ezker hegalean konpondu da ondoen, Yuri Berchicherekin hegalean jokatuz. «Erasoan zein defentsan, elkarri laguntzeko prest gaude beti Yuri eta biok, eta hori garrantzitsua da. Edozein postutan sentitzen naiz eroso».

Ordea, kuriosoa da estatistikek hain zenbaki eskasak adieraztea. Besteak beste, paseak emateko garaian soilik ari baita nabarmentzen Oiartzabal denboraldi honetan. Guztira, goleko bost pase eman ditu, lau ligan eta bat Espainiako Kopan, eta taldeko onena da arlo horretan. Golari dagokionez, baina, oso antzu ari da. Bi gol sartu ditu denboraldi honetan, baina biak Kopan, Vila-realen aurkako kanporaketan. Ligan oraindik ez du aterik zulatu. Zein den zergatia? «Ez dakit. Orain arte ez zitzaidan sekula gertatu, eta zerbait berria da, baina hortik ere ikasten ari naiz. Gauzak ez dira beti norberak nahi bezala ateratzen. Egokitu beharra dago. Ez naiz ari zortea edukitzen, baina ez naiz itsutuko».

Nahiago du taldeagan pentsatu bere buruarengan baino. «Hobe da egoerak orain arte bezala jarraitzea. Zertarako balioko luke nik golak sartu eta ez irabazteak? Ez nago arduratuta golik ez sartzeagatik. Hazten eta ikasten jarraitzea dut helburu, bide luzea geratzen zait eta».

Europan sartzea xede

Helburuak aipatuta, Europarako sailkatzea du buruan erdilari eibartarrak, talde txuri-urdineko kide guztiek bezalaxe. Orain arte etxeko lanak ondo eginak badituzte ere, badaki zailena falta zaiela azken txanpa honetan. «Puntuak ateratzea askoz garestiago egoten da liga amaieran, eta gure onena eman beharko dugu helburua lortzeko». Uste du Anoeta izango dela giltzarria. «Hasieran, partida samurragoak izango ditugu etxean, eta, irabazten baditugu, Europan egongo gara». Etxean zein kanpoan, Realak albisterik onena luke Oiartzabal eraginkor aritzea, gaitasunik ez du falta eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.