Oteizaren nahia bete dute

Pamiela argitaletxeak Jorge Oteizaren 'Mentalidad vasca' liburu argitaragabea kaleratu du
Jorge Oteiza, 1996ko argazki batean.
Jorge Oteiza, 1996ko argazki batean. EDURNE KOCH

Naiara Elola -

2017ko ekainak 22
«Jorge [Oteiza] izan zenaren distiraldia da liburua», adierazi du Pilar Oteizak, artista oriotarraren ilobak. Pamiela argitaletxeak kaleratu duen Mentalidad vasca (Euskal mentalitatea) liburuaren harira egin ditu adierazpen horiek. Pozik agertu da, batez ere osabaren «nahia bete delako». Izan ere, Jose Anjel Irigarai Pamiela argitaletxeko kidearekin bildu zen Jorge Oteiza 1995ean, liburu bat izango zenaren diseinua eta artikuluak emateko. «Oteizak asmatutako liburua da; estetika ere berak aukeratu zuen», argitu du Irigaraik. Oriotarraren izaera konformaezina tarteko, ziur agertu da egun bizirik balego liburuaren diseinua goitik behera aldatuko zukeela. Hala, liburu bat gehitu diote Altzuzako Oteizaren etxeko tailerreko apalari. Han daude guztiak ikusgai jarrita. Irigaraik onartu duenez, askorentzat harrigarria izan daiteke artista hil eta hamalau urtera liburu argitaragabe bat kaleratzea, eta horregatik pozik agertu da.

1950eko eta 2000ko hamarkadetako testuak batu dituzte Mentalidad vasca liburuan, batez ere. Batzuk aldizkariren batean noiz eta noiz argitaratu ziren, baina asko publikatu gabeak dira. Ia mende erdiko epean, Oteizaren mundu ikuskerak izandako garapena agerian gelditzen da artikulu horiek irakurrita. «Bere lanetan, balioa kentzen zion produktu artistikoari; berarentzat, benetan garrantzitsuena sortze prozesua zen». Oteizarentzat, ezinbestekoa zen arteak gizartean parte hartzea; gizartearen parte izatea, alegia. Liburuan jasotako artikuluetan, batez ere arteaz, estetikaz, soziologiaz eta politikaz mintzatu zen,«intuizio poetikoz eta artistikoz», gainera.

Pilar Oteizarentzat, Pamielak argitaratu berri duen liburuari esker, Jorge Oteiza berriz deskubritzeko modua dago. «Gazte askorentzat erabat ezezaguna da. Hamarkada bat baino gehiago igaro da hil zenetik, eta nik uste dut liburua irakurrita ideia berriak sortuko zaizkiela». Alde horretatik, azken urteetan kaleratu diren zenbait lanekin kritiko eta era berean minduta agertu da: «Jorge [Oteiza] hil zenetik, iritzi interpretazio eta doktore tesi andana kaleratu dira. Gehienak kalitateko lanak izan dira, baina kaleratu dira edizio deitoragarriak ere». Dena den, pozik agertu da oraindik badelako Oteizaz zer deskubritu.

Liburuan batu dituzten testuetan erreparatuta, Irigaraik beti topatzen du datu edota zertzelada berriren bat. «Beti leiho bat irekitzen da mugaezina den Oteizaren mundu pertsonalean». Hala, behin eta berriz azaleratzen da artistaren izaera «poliedrikoa» eta «kontraesankorra». Egun arteak bizi duen «kontsumismoari» aurre egiteko neurriak proposatzen ditu artistak, gizakiak duen sorkuntza gaitasunean fokuan jarriz.

Jose Luis Bakedano zinemagilea arduratu da, bestalde, liburuaren hitzaurreaz. Haren iritziz, Oteizak Sao Pauloko biurtekoa irabazi zuenean, eskultura alboratu eta Euskal Herrian eragiteko nahia piztu zitzaion. «Quosque tandem...! euskal kulturaren giroan pizgarri izan zen 1963an. Agerraldi moduko bat izan zen gure herrian. Baita teoria estetikoari dagokionez ere. Ordutik, ezer ez da berdina».

Hain zuzen ere, kaleratu berri den liburua bitan zatitu du; lehenengoan, ondoren Quosque tandem...! liburuan garatu zituen ideiak daude bilduta. «Oteizan kontraesana dago instituzioen eta norbanakoen artean. Alde batetik, ukatu egiten du bere funtzioa, eta bestetik, bere existentzia aldarrikatzen du obraren ezagutza ahalbidetzeko». Bigarren zatian, berriz, gertuko zituen artistak eta baita berarentzat erreferente izan zirenak aztertu zituen. Irigarairen irudiko, azken liburu horretan, agerian gelditu da Oteiza, artista ona izateaz gain, punta-puntako arte kritikaria ere bazela.

Bestalde, Bakedanok gogorarazi duenez, Jose Maria Moreno Galvanek Triunfo aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen 1974an, Oteiza mendeko eskulturagilerik garrantzitsuena zela esanez: «Jorge [Oteiza] estatuko artista garaikide handientzat maisu izan zen». Nazioarte mailako sortzaileentzat ere erreferente izan zela irizten dio. Alde horretatik, izugarrizko eragina izan zuen 1992an Parisko Pompidou museoan egin zen eskultura modernoaren erakusketak. Baina, Oteiza hil zenetik, artistaren erreferentzia izaera murriztu egin dela uste du.

Erakusketa Moskun

Horregatik, ezinbestekotzat jo du nazioarteko erakusketa bat antolatzea. Iritzi berekoa da Pilar Oteiza ere. Are gehiago, erakusketa hori Moskun egitea nahiko lukeela adierazi du. «Errusian egin beharko litzateke erakusketa hori, Moskun, Petrovka museoan. Horrela, han egingo lukete topo Oteizak eta bere enparauek». Artistaren ilobarekin ados agertu dira Irigarai eta Bakedano. Hala, hirurek aldarrikatu dute euskal artistaren izaera urratzaile eta aurreratua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna