Beti ekaitzaren erdian

Luis Sabalzak gaur hasiko du bigarren eta azken agintaldia Osasunako presidentetzan. Hamaika gorabehera izan ditu orain arte; urak baretzen saiatuko da hemendik aitzina.
Luis Sabalza, artxiboko argazki batean.
Luis Sabalza, artxiboko argazki batean. VILLAR LOPEZ / EFE

Eñaut Agirrebengoa

2017ko azaroak 15
Lemazain ausarta denik ezin zaio ukatu Luis Sabalzari (Zangoza, Nafarroa, 1947). Izan ere, hondoratzen ari zen itsasontzi baten lema hartu zuen 2014an. Osasuna zurrunbiloaren erdian zegoen. Miguel Artxankok presidenteak dimititu ostean, argitara atera zen klubak ogasunarekin zuen alimaleko zorra. Ezinezkoa zen halako denboralearekin nabigatzea. Haatik, 2014ko azaroaren 27an klubaren zorraren berregituraketa onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. Itsasoa harro zegoen oraindik; aitzitik, aingura kendu, eta olatu artean aurrera egiteko erronka onartu zuen Sabalzak. Kudeaketa batzordeko presidente izandako Javier Zabaleta ere ausartu zen, baina ezin izan zuen hautagaitza aurrera atera. Hala, Sabalza abenduaren 9an bihurtu zen presidente, orduan ere bozetatik pasatu behar izan gabe.

Geroztik, zangozarrak makina bat ekaitzi egin behar izan die aurre; asko saihetsezinak, baina beste hainbat agintariak berak sorturikoak. Bazkideek eta hedabideek izaera kritikoz jarraitu dute zuzendaritzaren jarduna, klubaren iragan hurbila presente izanik. Bada, ez dira gutxi Sabalzak jaso behar izan dituen kritika gogorrak. Ondo kudeatu du klubaren egoera judizial latza; alde horretatik, ezin zaio ezer leporatu. Ustezko partida adosteen eta 2010etik 2013ra bitarte klubak ogasunari egindako iruzurraren auzietatik Osasuna onik irtetea lortu du, eta gauza handia da hori. Gainera, klubak osoki kitatu du ogasunarekin zeukan zorra, baina horretan zerikusi handirik ez du izan bere kudeaketak; bai, ordea, zorra berregituratzeko legeak eta 2015-16ko denboraldiko igoerak.

Edonola, aurkia duen bezala, ifrentzua ere badu Sabalzaren jardunak. Izan ere, hanka sartze handiak eta mugimendu polemikoak egin ditu. Zalaparta sortu zuen kargura iritsi eta berehala, orain ere zeresan handia ematen ari den bermearen kontura. Orduan estatutuek ez zuten jasotzen aurreabala aurkezteko beharra; baldintza bakarra, behin presidente bihurtuta aurrekontuaren %15 bermatzea zen, kasu hartan, 1,7 milioi eurokoa. Printzipioz, Sabalzak bazuen abala, baina gauzak katramilatu egin ziren, Osasuna auzia deritzonaren eztanda tarteko. Hala, sei hilabeteko atzerapenarekin aurkeztu zuen bermea, behin gorritxoak Bigarren Mailan geldituko zirela berretsi zenean. Ondorioz, 30.000 euroko isuna jarri zioten klubari.

Sei teknikari hiru urtean

Geroztik, boterean egonkortu ezinik jarraitu du Sabalzak. Bi gauza egotzi zaizkio bereziki: kirol esparruan harturiko norabide erratua eta gardentasun falta. Gorritxoek gorabehera handiak izan dituzte zelaian, eta egoerak sarri gainezka egin dio presidenteari. Gauzak gaizki izan direnean, bitan pentsatu gabe aldatu du teknikaria. Sei entrenatzaile izan ditu lehen agintaldian: Jan Urban, Jose Manuel Mateo, Enrique Martin Monreal, Joaquin Caparros, Petar Vasiljevic eta egungo teknikari Diego Martinez. Gehiegi, gauza onerako. Bereziki polemikoa izan zen Martin Monrealen kargugabetzea. Hark taldea galbidetik Lehen Mailara eraman zuen urte bakarrean, baina iaz berehala kendu zuten kargutik, 11. jardunaldiaren ostean. Hori gutxi balitz bezala, telefonoz eman zioten erabakiaren berri.

Horretaz landa, fitxaketa kopurua ere oso ugaria izan da Sabalza agintera iritsi zenetik, 37 jokalari guztira. Gorritxoek okertua izan dute jopuntua: asko mugitu dira merkatuan, baina nekez asmatu dute. Sasoi honetara arte 26 jokalari ekarri dituzte Sabalzaren aroan, eta horietatik soilik bostek jarraitzen dute. Joan direnetatik, bada arrastoa utzi duenik; esaterako, Sergio Leonek. Alta, gehiago dira Iruñera etorri eta eragin oso urria izan duten jokalariak. Kantitateak ez du kalitatea ekarri, sasoi honetara arte bederen.

Taxoaren badago harribitxirik, baina azkenaldian erabat lausotu da harrobiaren aldeko apustua. Martin Monreal joan zenetik, inor gutxiren konfiantza izan dute gazteek. Zale askoren arabera, unean uneko teknikariak harrobiaren alde egitera behartu beharko lituzke presidenteak. Aitzitik, Sabalzak ez du halakorik egin; kontrara, nahitaezko helburuak ezarri ditu. Adibidez, aurreko sasoian salbazioa derrigor lortu beharra zegoen, eta, orain, gauza bera pasatzen da igoerarekin. Berdin dio nola lortu. Jomugak dauka lehentasun osoa Sabalzarentzat, eta hori harrobiko gazteei erasaten ari zaie. Urte hasieran Taxoare 2017 proiektua aurkeztu zuen, haztegia garatzeko; hainbatentzat, ordea, paper bustia baino ez da.

Jada ez dago «nazkatuta»

Gardentasun aldetik, badu zer hobetua Sabalzak. Besteak beste, luzaroan ezkutuan gorde ditu Fran Canalen jarduna eta soldata. Canal 2015eko urrian heldu zen Osasunara, eta bere inguruan apenas eman zuen azalpenik Sabalzak. Canalek berehala piztu zuen mesfidantza bazkideen artean. Horiek presio egin diote presidenteari, eta, azkenean, gauzak aleka argituz joan behar izan da. 2016ko abenduan zuzendari nagusi gisa aurkeztu zuen Canal, eta adierazi 10.000 euroko hilabeteko soldata finkoa jasoko zuela. Horrek ez zuen bazkideen jakin-mina ase, eta sokari tira egiten jarraitu zuten. Horiek hala, bi urtean Canalek 470.000 euro jaso dituela iragarri berri du klubak.

Nolanahi, martxoan egin zuen eztanda azken agintaldiko ekaitzik bortitzenak. Orduan jakin zen Vasiljevici higiezinen negozio batean pilatutako zorrak kitatzen lagundu ziola Osasunak, Sabalzaren oniritziarekin. Diru kopuru bat aurreratu zion kirol zuzendari eta teknikari izandakoari eta, gainera, 2015etik aurrera enpresa baten bidez ordaindu zion soldata, serbiarrak bahiturak saihestu zitzan. Hori ezagutarazi eta gero, zaleek gogor egin zuten zuzendaritzaren kontra, eta martxoan bertan Sabalzak iragarri zuen ez zutela agintaldia amaituko. «Nazka-nazka» eginda zeudela adierazi zuen, eta bozetara deitu zuen.

Hainbat hilabetez izan zen bere asmoen berri eman gabe, baina, azkenean, bozetara aurkeztuko zela iragarri zuen urri hasieran. Hauteskunde batzordeak ez ditu onartu Victor Alvarez eta Juan Ramon Lafonen hautagaitzak, beraz, oraingoan ere hauteskunderik gabe iritsiko da agintera Sabalza. Fidel Medrano, Txuma Iso, Miguel Cuesta, Ignacio Yaniz eta Cesan Muniainekin batera osatuko du Osasunaren zuzendaritza. Egonkortasun instituzionala lortzen saiatuko da, baina ez du lan erraza izango. Mesederik ez dio egingo bozik egin ez izanak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna