'Iruña-Veleia auziak' beste urrats bat egin du epaiketarako bidean

Epaiketa egiteko nahikoa delitu zantzu badela berretsi du Arabako Probintzia Epaitegiak
Iruña-Veleiako aztarnategian agertu ziren piezen artean, euskarazko idazkunak zituzten batzuk ere agertu ziren.
Iruña-Veleiako aztarnategian agertu ziren piezen artean, euskarazko idazkunak zituzten batzuk ere agertu ziren. BERRIA

Iñigo Astiz -

2018ko urtarrilak 12
2009an hasi zuen Iruña-Veleia auziak epaitegietarako bidea, baina bederatzi urteren ostean oraindik ez da epaiketa egunik heldu. Beste urrats bat egin du orain bide horretan, halere. Arabako Foru Aldundiak aztarnategiaren buru izandako Eliseo Gil arkeologoaren aurkako salaketa jarri zuen Arabako I. Instrukzio Epaitegian, eta Oscar Escribano Sanz arkeologoaren eta Ruben Manuel Cerdan fisikari nuklearra ere sartu zituen auzian. Instrukzio fase luze baten ostean, azkenean, iazko udaberrian ebatzi zuen epaiketa hasteko nahikoa zantzu bazeudela. Ondarearen aurkako delitu zantzuak eta ustezko iruzur zantzuak antzeman zituen ikerketa fasean epaitegi hartako epaileak. Erabaki hari errekurtsoa aurkeztu zion Gilen abokatuak, eta, nahiz eta errekurtsoaren puntu batzuk kontuan hartu dituen, epaiketa egiteko nahikoa motibo badaudela berretsi du orain Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak. Bederatzi urteko odisea judizialaren ostean, beraz, urrats bat gertuago egon daiteke epaiketa orain.

2006ko ekainaren 8an aurkeztu zuen Kristo ondorengo III. mende inguruko 400 piezatik gorako multzoa jendaurrean Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoek gidatutako taldeak. Lurmen enpresak kudeatzen zuen orduan Arabako aztarnategia, eta, azaldu zutenez, «ezohiko» pieza sorta garrantzitsua topatu zuten bertan. Azaldu zutenez, Ponpeiako aztarnategiaren pare jarriko zuen aurkikuntzak Euskal Herriko indusketa gune hura, eta sona izan zuen albisteak.

Munta handikoa zen topatu zutena, garai hartan uste zenaren arabera. Aurkezpen publiko hartan aipatu zituzten aztarnen artean bazeuden kristautasunaren hedapenari buruzko teoriak aldaraziko zituzten marrazkiak, eta bazegoen euskarazko idazki sorta garrantzitsu bat ere. Baina susmo txarrak piztu zituen denbora gutxira Iruña-Veleian topatutako ezohiko pieza kopuru handiak, eta ukitzen zituen diziplina multzo deigarriak. Hainbat ikerlariri iritzia eskatu zien orduan Arabako Foru Aldundiak, eta, azkenean, 2008ko azaroaren 19an inskripzioak faltsuak zirela ebatzi zuen aditu batzorde hark. Orduan kendu zioten aztarnategia ustiatzeko baimena Lurmen arkeologia enpresari, eta horren ostean abiatu zuten bide judiziala Arabako Foru Aldundiak.

Epaiketarik ez da izan oraindik, halere. Eta iazko udaberrian eman zuten amaitutzat instrukzio fasea. Delitu zantzuak bazeudela esan zuten orduan, eta delitu zantzuak daudela berretsi du orain Arabako Probintzia Auzitegiak.

Gilek ukatu egin ditu beti aldundiaren akusazioak, eta denbora tarte honetan guztian piezen benetakotasuna defendatu du. Eta ez da bakarra izan. Piezen benetakotasuna defendatzen duten elkarte batzuen bultzadaz, hainbat ikerketa ere aurkeztu dituzte Gilen aldekoek beren posizioa sendotzeko. Aztarnategitik bidegabeki atera zituztela salatu du Gilek beti, eta bere inozentzia aldarrikatu du. Egun aztarnategia kudeatzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko taldearen aurkako salaketa ere jarri zuen epaitegietan, baina auziak ez zuen aurrera egin.

Bestetik, ezagun dira jadanik Iruña-Veleiako auzian inplikatutakoen aurkako akusazioak. Zehazki, ustez ondarea kaltetu izana eta ustez piezak manipulatu izana leporatzen die aldundiak Gili eta Escribanori, eta ustez iruzur egin izana egozten dio Cerdani. Eta hori izango da, hain zuzen ere, ezagutarazi berri den ebazpenaren arabera, epaiketan aztertu beharko dena.

Ikerketa gehiagorik ez

Ikerketa fase osoa bertan behera uzteko eskatzen zuen instrukzio epaitegiaren erabakiaren aurka Gilen abokatuak jarritako errekurtsoak. Poliziak akatsak egin zituela argudiatzen zuen testuak, eta babes katean hutsuneak egon direla ere salatzen zuen. Baina epaitegiak ez ditu ontzat jo argudio horiek, eta, beraz, balekotzat jo ditu instrukzio fasean egindako ikerketen emaitzak. Baztertu egin du, era berean, piezen benetakotasuna zehazteko froga gehiago egiteko aukera ere.

Halere, Arabako Probintziako Bigarren Sekzioak kontuan hartu ditu Gilen abokatuaren errekurtsoko eskari batzuk. Iruzur zantzuak ikusten ditu, esaterako, Ruben Cerdan fisikariak Lurmen enpresaren bidez Arabako Foru Aldundiari kobratutako txosten ustez faltsuen kasuan, baina diru kopurua 36.000 euro baino txikiagoa izanik, legeak zehazten duenaren arabera, ez du motiborik ikusten zigorra gogortzeko. Era berean, epaitegiak ez du iruzur zantzurik ikusten Gilek Iruña-Veleiako piezak aurkezteko egindako aurkezpenean, besteak beste, ustezko engainuak arkeologoari ekarriko liokeen balizko onura material zuzenik ez baitu hautematen epaileak.

Piezak manipulatu izanaren zantzuak badaudela ebazten du epailearen testuak, halere, eta auzia epaiketara bidean utzi du, beraz. Zehazten duenez, Arabako Foru Aldundia eta Espainiako fiskaltza dira orain beren akusazio idatzietan akusatuetako bakoitzak kausa horietan izandako inplikazioa zehaztu beharko dutenak. Ezin zaio ebazpenari errekurtsorik aurkeztu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna