Arte eszenikoak sustatzeko poltsa bakarra sortu du Eusko Jaurlaritzak

523.000 euroko inbertsioa egingo du aurten Kultura Sailak dantza eta antzerkia sustatzeko

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko hiru ordezkari nagusiak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ekonomikoa baino gehiago sinbolikoa da aldaketa nagusia. Eusko Jaurlaritzak bateratu egin ditu orain arte antzerkia eta dantza sustatzeko han eta hemen sakabanatuta zeuzkan diru laguntza deialdiak, eta arte eszenikoen izendapen bakarraren barruan bildu ditu guztiak orain. Guztira, 523.000 euro bideratuko dituzte sustapen lan horretarako, iaz inbertitutakoa baino 64.000 euro gehiago, baina ikuspegi aldaketa da berrikuntza nagusia. «Zaku berean sartu ditugu antzerkiaren mundua eta dantzarena, iruditzen zaigulako errealitate bat badagoela bi munduak gero eta hurbilago dituena», azaldu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Eta, hain zuzen ere, birmoldaketa hori da deialdiaren nobedade nagusia. Sustapenari eskainitako laguntzen moldaketarekin ere, sorkuntza eta ekoizpenerako beste deialdiek martxan jarraitzen dutela ere zehaztu nahi izan du sailburuak.

Nagusiki sinbolikoa izan da deialdiaren aldaketa, eta sinbolikoa izan da horregatik Eusko Jaurlaritzako ordezkariek deialdia aurkezteko aukeratu duten modua ere. Izan ere, Bilboko Pabiloi 6 aretoan egin dute deialdiaren aurkezpena Zupiriak, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariak, eta arte eszenikoetako 30 ordezkari inguru ere hurbildu dira deialdira. Aktoreak, programatzaileak eta aretoetako arduradunak.

Eusko Jaurlaritzak eszenako eragileekin sortu nahi duen elkarrizketa giroa islatu nahi izan du keinu horrekin Kultura Sailak, eta hedabideei bezainbeste sektoreko ordezkariei ere zuzenduta eskaini ditu azalpenak. «Elkarrekin lan gehiago egiten saiatu behar gara», zehaztu du Muñozek. «Orain arte saiatu izan gara laguntza espezifikoak sortzen behar espezifikoentzat. Hori inportantea da, eta inportantea izango da aurrerantzean ere, baina irudipena dugu ez ote garen gehiegizko fragmentaziora iritsi, eta ez ote garen ari argazki orokorra galtzen». Eta, horregatik, diru laguntza guztiak poltsa berean biltzearena.

Erakunde publikoen eta kultur eragileen arteko elkarlanean sakontzeko deia ere egin du Muñozek. Horretarako sektorearen ordezkaritza ere zehazten joatea komeni litzatekeela adierazi du. «Fragmentazio horrek ere baditu bere arazoak». Topaguneak, elkarrizketarako foroak eta eztabaidarako espazioak sortzeko beharra aipatu du horregatik sailburuordeak.

Arte Eszenikoen sektorearen memoria biltzeko egitasmo bat abian jartzeko asmoa dutela ere aurreratu dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.

Dantzari bultzada

Bost modalitate izango ditu arte eszenikoak sustatzeko laguntza deialdi berriak, eta, zehaztu dutenez, indar berezia egin nahi izan dute dantzaren zabalpenean. Euskal Herriko dantzak «oso garai indartsuan» dagoela aipatu du Muñozek, baina orain arte ez duela izan bultzada nahikoa. Eta hori da laguntza deialdiaren modalitateetariko bat. Dantza zirkuitua bultzatzeko 160.000 euroko diru laguntza bideratuko dute horregatik, iaz baino 20.000 euro gehiago jarrita.

Hezkuntzan ere jarri nahi du indarra deialdiak. 88.000 euroko inbertsioa bideratuko du Eusko Jaurlaritzak antzerkiko profesionalen prestakuntzarako, eta 70.000 euroko inbertsioa egingo dute dantza prestakuntzarako. Egoitza proiektuak sustatzeko 80.000 euroko poltsa jarriko dute, eta, azkenik, kale antzerkia bultzatzeko 125.000 eurokoa izango da Jaurlaritzaren laguntza, guztira.

«Deialdi honekin ez ditugu agortzen diru laguntzak. Ondoren etorriko dira sorkuntzari eta ekoizpenari lotutakoak», azaldu du Zupiriak. Aurreratu duenez, esaterako, 880.000 euro bideratuko dituzte antzerkiaren ekoizpena laguntzeko. 420.000 euro bideratuko dituzte dantzaren ekoizpenetarako, eta dantza koreografikoak sortzeko 28.800 euroko poltsa eta antzerki testuak idazteko 52.000 eurokoa ere badituzte prest.

Aurten, guztira, arte eszenikoen sektoreak hiru milioi euro baino gehiagoko inbertsioa jasoko duela izan du gogoan Kultura sailburuak. «Horrek erakusten du sektore honek gure herrian duen garrantzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.