Bizirik irauteko ipuin berri bat

Vaivenek 'Sherezade eta tipularen azalak' estreinatuko du 20 urte ospatzeko, gaur, Donostian

Sherezade eta tipularen azalak bikote harremanetanetan izaten diren ezberdintasunei buruzkoa da. MANUEL DIAZ DE RADA.
Maider Galardi F. Agirre.
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Aski ezaguna da Xeherezaderen istorioa: Xahriar sultana gauero emakume batekin lokartzen zen, eta egunsentian andrea hiltzeko agindua ematen zuen. Xeherezade ezagutu zuenerako, 3.000 emakume hil zituen sultanak. Hark, ordea, bizirik iraun ahal izateko, ipuin bat kontatzen zion lokartzean. Sultanak, hurrengo istorioa entzuteko gogoa zuenez, bizirik uzten zuen beste egun batez. Istorioak ez du gaurkotasunik galdu: egun ere, hamaika dira andreek egunerokoan bizirik irauteko erabilitako erresistentzia praktikak eta asmatutako ipuinak. Horixe islatu nahi du Sherezade eta tipularen azalak antzezlanak. Vaiven ekoizpen etxeak osatu du obra, eta gaur estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean (20:00).

«Antzezlana kritika bat da», azaldu du Miren Tirapu aktoreak. «Kritika bat egun emakumeoi eta gizonezkoei egozten zaizkigun rolei. Mende asko dituzten balioak dira, eta gaur egun ere ongi sustraituta daude».Baina, Tirapuk salatu duenez, modu inkontzientean oraindik ere hainbat jarrera erreproduzitzen dira. «Patriarkatuak badu gaurkotasuna oraindik ere», gehitu du Ana Pimenta Vaiveneko antzezleak.

Ezberdintasun horiek guztiak familia baten altzoan irudikatu dituzte; etxe bateko sukaldean. Hori baita, ekoizleen ustez, emakumearentzako paradoxarik handiena: sutondoa babesleku da, baina baita itxitura ere; ezin da beste inora irten. «Pertsonaiek ipuinetako bizitza bat asmatzen dute eguneroko bizitza aspergarrian irauteko», azaldu du Pimentak.

Beste bi pertsonaiek errealitatearekin parez pare jarriko dute bikotea: hilda dagoen amonak, eta jaiotzear den alaba txikiak. Xabier Donosti eta Iraia Elias aktoreak ere lan horretan arituko dira, Tirapurekin batera. Eliasek oraindik jaio ez den alaba desiratuarena egingo du. «Ez du mundu honetan jaio nahi, eta amari abisuak egingo dizkio », jakinarazi du Pimentak. Amona, ama eta alabaren pertsonaiekin, arazo sozialaren iragana, oraina eta etorkizuna irudikatu nahi izan dute.

Donosti, berriz, senarraren eta amonaren roletan jolasean arituko da. Ez da ausazko erabakia izan, Tirapuk dioenez: «Horrelako gai bat lantzen ari garenez, oso interesgarria da Donostik gizonaren eta emakumearen papera egitea, eta rolak baztertzea».

Gaia serioa izanagatik, ironiaz heldu diote antzezlanari: «Publikoa aztoratzea ere bada asmoa», aitortu du Tirapuk. Horretarako, lan luzea egin dute entseguetan pertsonaiak eraiki eta surrealismotik istorioa eraikitzeko: «Oso prozesu intentsoa izan da, gure gorputzaren kontrola hartu behar baikenuen; antzerki fisikoa da erabat».

Pimentak azaldu duenez, Portugalgo Chapito antzerki konpainiarekin elkarlanean osatu dute obra: «Inprobisazioa landu dugu, eta testuaren hizkuntzatik unibertso berri batera egin dugu jauzi». Sorkuntza prozesuan egindako lan kolektiboa azpimarratu du ekoizleak: «Jose Carlos Garciak zuzendu du antzezlana, baina talde osoak egin du bat obraren eraikuntza prozesuan». Ainara Ortega izan da testua euskaratzeko arduraduna.

Pimenta pozik dago egindako lanarekin: «Antzezlan honek ongi islatzen du Vaiven konpainiaren filosofia. Gizartearekin dugun konpromisoa, emakumeen ikusgaitasuna eta eklektizismoa. Guztiak batzen ditu obrak».

Bi hamarkadako ibilbidea

Hain zuzen ere, konpainiak 20 urte beteko ditu aurten. Pimentak adierazi duenez, hainbeste urte eszenan emanda, «udaberriko loraldiak eta negu gorria» izan dituzte, baina gustura dago egindako lanarekin: «Hogei ekoizpenetik gora egin ditugu urteotan, eta makina bat oholtzaren gainean izan gara».

Hasieratik jarraitu diote ildo ideologiko jakin bati: «Inolako moralismorik gabe, baina gai konkretuekin busti gara, zikindu gara». Horregatik, azpimarratu dute antzerkiak baliagarria izan behar duela gai sozialak publikoari aurkezteko. Horren adibide, solasaldia egingo dute gaur, antzerkiaren ostean.

Eklektizismoa lantzea ere bada Vaivenen lehentasunetako bat: «Etengabe gauza bera egingo bagenu, geure burua kopiatuko genuke», ohartarazi du Pimentak.Horregatik, uste du garrantzitsua dela aktoreak bidaia berrietan murgiltzea. Sherezade eta tipularen azalak obran ere igarri da hainbat estiloren nahasketa: «Obrak erritmo bizia du, eta serioa da, era berean, baina geure buruaz barre egiteko aukera ematen du», azaldu du Tirapuk. Osagai horiek nahastuta, kritika soziala eramango dute gaur iluntzean Donostiako Antzoki Zaharreko oholtzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.