«Reala faborito argia da»

David de Paulak zazpi urte daramatza Austrian, eta aski ezaguna du Salzburgo, Realaren aurkaria. Taldearen gaztetasuna, ilusioa eta lanerako grina aipatu ditu.
David de Paula, denboraldi honetan Austria Vienarekin jokatutako partida batean.
David de Paula, denboraldi honetan Austria Vienarekin jokatutako partida batean. BERRIA

Jon Eskudero -

2018ko otsailak 13
Zalantza artean iritsiko da Reala Europa ligako final-hamaseirenetako kanporaketara. Deportivori 5-0 irabazita, bazirudien burua altxatu eta aurrera begira jarria zela, baina Real Madrilen zelaian 5-2 galdu izanak berriz ere gogotik astindu ditu txuri-urdinak. Jarraitzaileen artean haserrea eta kezka dira nagusi, eta bakeak egiten hasteko aukera ezin hobea izango dute jokalariek etzi, Salzburgori irabazita. Europan aurrera egiteko asmoz, Austriako ligako liderra menderatu beharko dute. Bada, Reala «faborito argia» izango dela uste du David de Paulak (Durango, Bizkaia, 1984).

Austriako liga eta Salzburgo bera aski ezagunak ditu De Paulak —Oscar de Paula Realeko jokalari izandakoaren lehengusua ere bada—. Athleticen harrobian hazi ondotik, lehen taldearekin debuta ere egin zuen durangarrak. «Intertoto kopako kanporaketa bat jokatu genuen bigarren taldeko hainbat jokalarik, Clujen aurka, eta penaltietan galdu genuen». Gerora, ordea, Bilbon aukerarik ez, eta Bigarren B Mailako hainbat taldetan aritu zen: Alacanten, Lemoan, Ponferradinan, Palentzian eta Logroñesen, hurrenez hurren. 2012an iritsi zitzaion Wolfsberger Austriako Lehen Mailako taldearen deia. «Logroñesen sasoi ona osatu nuen, zelai erdian jokatuta 11 gol sartu bainituen, eta Nenad Bjelica Wolfsbergerreko entrenatzaileari arreta piztu omen nion. Hark deitu zidan zuzenean, eta ez nuen birritan pentsatu: maleta egin, eta Austriara abiatu nintzen».

Damutzeko motibo handirik ez du De Paulak. Urte eta erdi osatu zuen Wolfsbergerren, eta 55 partida jokatu eta bost gol sartzeaz gain, «esperientzia ahaztezinak bizi ahal izan nituen». Ondoren, are talde handiago batek fitxatu zuen: Austria Vienak. «Berriz ere Nenad Bjelica entrenatzaileak eraman ninduen. Espainiako Ligan ez nintzen inor, eta Austrian futbolari garrantzitsu bihurtu nintzen, eta esker oneko hitzak besterik ez dauzkat». Bost urte eta erdi daramatza Austria Vienan, eta gauza politak lortu ditu. «Besteak beste, Europa ligako multzokako fasea birritan jokatu dut, baita Austriako Kopako final bat ere». Hori bai, ohartarazi du Austrian talde denak Salzburgoren itzalpean bizi direla.

Izan ere, Salzburgo bera da Austrian aurrekonturik handiena daukan taldea. «Red Bull klubaren babesle denetik, dena erraldoia da bertan. Etxeko partidetan 5.000 eta 8.000 jarraitzaile bitarte ibiltzen gara ia klub guztiok, baina Salzburgoren partidetan askoz jende gehiago biltzen da. Estadio zoragarria dauka». Horretaz gain, lanerako azpiegiturarik onenak dauzka Salzburgok. «Klubaren helburua da talentua duten jokalariak sortzea, eta oraingoz, arrakastatsu ari da. Akademia emaitza onak lortzen ari da. Ikustekoak dira entrenatzeko dauzkaten zelaiak: puntako teknologia daukate». De Paularen hitzetan, oraindik ere arlo taktikoan alde handia dago Espainiako ligatik Austriakora, baina Salzburgo da ondoen prestatuta dagoen taldea. «Futbola gero eta globalizatuago dago, eta arlo taktikoan berdintzen ari dira liga guztiak. Austrian, aurrerapauso nabarmena eman dugu azken urteetan, baina ezin gara jarri Espainiako ligaren parean. Salzburgo da talderik onena, baina, Realarekin alderatuta, uste dut koska bat beherago dagoela. Realak ez luke arazorik behar kanporaketa gainditzeko. Faborito argia da».

Estilo ezberdineko bi talde

Erabat estilo ezberdina duten bi talde lehiatuko dira, De Paularen esanetan. Jakina denez, baloia oinetan izatea eta jokoa kontrolatzea izango da Realaren helburua. Bestelakoa da Salzburgoren jokoa: «Ondo jokatzen du, eta gai da edozeini irabazteko. Taldea jokalari gaztez josita egonik, esperientzia falta dute, baina ilusioan ez diete inork irabazten, eta lasterka izugarri egiten dute. Norabide berean lan egiten dute jokalari denek, eta emaitzak agerikoak dira: erraz gainditu dute multzokako fasea, eta sei partidetatik bostetan hutsean mantendu dute atea». Besteak beste, presioa goian egitea eta azkar jokatzea da Salzburgoren ezaugarri nagusia. «Intentsitate handia ezartzen du jokoan, eta birritan pentsatu gabe, aurrera jotzen dute erasoko jokalariek. Sakontasuna nahi izaten dute une oro, eta beti dute buruan aurkariaren atera iristea. Hori bai, badakite ordena mantentzen, ez dira batere eroak».

De Paularen arabera, Realak pazientzia izan behar du kanporaketa aurrera atera nahi badu. «Reala talde hobea da, kalitate handiagoko jokalariak ditu, baina horrekin ez dira partidak irabazten. Nahiz eta faboritoa izan, bere onena eman beharko du. Lasterka eginarazi beharko dio Salzburgori, haiek neka daitezen eta partida amaieran hori balia dezaten». Hots, opariak egitea debekatuta dago. «Atzean huts bat eginez gero, aukera ez du alferrik galduko Salzburgok. Beti egon ohi dira aurkariaren gainean, eta Reala ezin da ito joko horretan». Besteak beste, Eusebioren taldeak gertutik jarraitu beharreko jokalaria Hee Chang Hwang korearra da, De Paularen ustez. «Teknika onekoa, indartsua eta langilea da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna