Katalunia

Konstituzio bat sortzeko prozesua proposatu diote JxCk eta ERCk CUPi

Bi indar subiranista nagusientzat, akordioak antikapitalisten «planteamendu politikoei» erantzuten die. U-1a oinarri hartuta, testuak dio 'Erbesteko Eremu Askea'-n abiatuko dutela errepublika

Eduard Pujol JxCko diputatua (ezkerrean) eta Sergi Sabria ERCkoa, aste honetan Kataluniako Parlamentuan. Q. GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
«Jada ez dugu hitz egiten autonomiaz duela 30 urte egiten genuen moduan», azpimarratu zuen Eduard Pujol JxC Junts Per Catalunyako diputatuak, atzo, TV3 telebistari egindako adierazpenetan. Izan ere, JxCk eta ERC Esquerra Republicanak Kataluniarako adostutako gobernu akordioa sinatzeko CUPek jarritako baldintzetako bat izan zen ez zedila «autonomista» izan. Bi hilabete eta erdi negoziatzen igaro eta gero, Kataluniako bi indar subiranista nagusiek adostu dute inbestidurarako akordio proposamena, helarazi diote CUPi —asteazken gauean—, eta, Pujolen esanetan, antikapitalisten «planteamendu politikoei» erantzuten die. «Elkar ulertuko dugu ziurrenik». Errepublika gauzatzeko bidean prozesu konstituziogile parte hartzaile bat hauspotzea exijitzen zuen CUPek, eta, hain zuzen, hori da zenbait komunikabidetara filtratutako 45 orrialdeko dokumentuaren zutarrietako bat. «Kataluniako Errepublikaren Konstituzio proposamenaren oinarriak» adostu ondoren, dokumentu baten edukia bozkatuko litzateke «multikontsulta» batean.

Erbestean sortu asmo dituzten erakundeek bermatuko lukete prozesua, baina akordioa aintzat hartuta, gizarte zibilak berak bultzatuko lituzke herritarren arteko eztabaidak, eta Kataluniako Itun Nazional Konstituziogileak definituko luke zeri buruz jardun.

Akordio proposamenak, ordea, ez ditu ez urriaren 27ko independentzia aldarrikapena, ezta aldebakartasuna ere aipatzen. JxCk eta ERCk nahi dute CUPek erabaki bat hartzea astelehena baino lehenago, berez egun horretarako baitago deituta kartzelatutako Jordi Sanchez (JxC) inbestitzeko osoko bilkura.

Urriaren 1eko «espirituari» heldu, eta errepublika egiteko unea dela dio dokumentuak hasieran. Eta errepublika hori Erbesteko Eremu Askea deitutakoan eraiki nahi dutela zehazten du akordioak. Espazio horretako organuek —Errepublikako Ordezkarien Biltzarra, Errepublikaren Kontseilua eta Errepublikaren Kontseiluko Presidentzia— edukiko lukete «politikak, estrategiak eta proposamenak» hauspotzeko gaitasuna, baita prozesua «nazioartekotzekoa» ere.CUPek, baina, erbesteko gobernuaren ideia zalantzan jarri zuen pasa den larunbateko Kontseilu Politikoan, nabarmenduz sinbolismoa ez dela baliagarria mugimendu errepublikanoarentzat. Proposamenak jasotzen ditu, hori bai, CUPek politika sozialei dagokionean exijitutako zenbait neurri.

Kataluniako Parlamentura, bestetik, U-1ean «errepublika sortzeko hartutako konpromisotik» eratorritako proposamenak eramango dituzte «indar errepublikanoek», txostenak dioenez: «Batez ere herrialde ereduari buruzkoak izango dira». Akordioak dioenez, «eztabaida errepublikanoaren agora» izango da legebiltzarra. Hau da, errepublika gauzatzeko ahaleginean ez duela botere exekutiborik edukiko. Dokumentuan ez dira mintzo desobedientziaz, eta, beste hainbatetan egin bezala, Madrilekin elkarrizketaren haria mantendu nahi dute, «betiere katalanek hautetsontzietan hartutako erabakiari errespetua» exijituz.

Bestetik, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak gutun bat bidali dio Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari, Sanchez astelehenerako askatu dezala eskatuz. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak esan zuen, atzo, Kataluniari «komeni» zaiola «kartzelatik kanpo» eta «legearen barruan» dagoen presidente bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.