Landako Txinaren koadro bat

Maialen Marinek eta Aiora Jakak euskarara ekarri dute Yan Liankeren 'Balou mendikateko balada'

Yan Lianke, literatura txinatar garaikideko izen handietako bat, 2010eko artxiboko irudi batean. ZIGOR ALDAMA.
itziar ugarte irizar
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Euskarara orain iritsi da, baina Txinako literatura garaikideko izen handienetako bat da Yan Liankerena (Henan, Txina, 1958); egilerik sarituenetakoa da sorterrian, baita handik kanpo ere. Nobel saridunetako hautagaien artean ere izan da behin baino gehiagotan. Gaztetan, ikasteko dirurik ez, eta armadan sartu zen. Han ekin zion literatur langintzari, eta ordutik hogei nobela eta ipuin bildumatik gora plazaratu ditu. Obra horren lehen lerroak ekarri dituzte orain euskarara Maialen Marin Lacartak eta Aiora Jaka Irizarrek: Balou mendikateko balada eleberri laburra itzuli dute, eta Elkar etxeak argitaratu du.

Landa inguruneko herrixka behartsu batean bizi den You familiaaren istorioa kontatzen du Balou mendikateko balada-k. Lau haurrideko famili batean, lauek buruko gaitzen bat dute, argi zehazten ez dena, eta amak familia aurrera ateratzeko egin beharreko ahaleginetan ardazten da nobela. Gogorra da ama haiekin, hotza hasieran, baina Jakak esan du itxuraz kontrakoa dela benetan: «Emakumea oso zakarra da; lau ergelak deitzen ditu seme-alabak, baina, gertaerak aurrera joan ahala, ikusten da horren atzean zer dagoen; goxotasuna nabarmentzen da zakarkeriaren gainetik. Txinako landa bizimodua ikusteko koadro on bat eskaintzen du, oso ikuspegi gizatiarretik».

Mitoerrealismoa terminoa lotzen diote askok Liankeren idazkerari, errealismoa eta mitoa uztartzeko duen moduagatik. «Nobela honetan ere badaude nolabaiteko mamuak. Emakume bat da protagonista, eta senarrak bere buruaz beste egiten du konturatzean seme-alabei gaixotasun bat utzi diela oinordetzan. Gizon hori mamu moduan agertzen zaio emazteari, eta ez dago argi bere buruan dagoen, ametsak diren... Fantasia puntu horrekin jokatzen du. Nekazarien herri txiki bateko sineskeriak ere agertzen dira, hildakoen hezurrak erabiltzen hasten direnean, adibidez. Kontu sasi-zientifikoak dira, baina funtzionatu egiten dute», azaldu du Jakak.

Liankek kritika sozialerako baliatu ohi ditu oinarri errealista eta ukitu fantastikoa; bere obrako «konstanteetako bat» da, Marinen arabera. «Liankeren lanek beti dute alde sozial bat. Ez ditu arazoak zuzen-zuzenean salatzen, baina beti daude hor, eta modu konplexuan erakusten ditu; ez da zuri edo beltz, txarrak eta onak».

Txinako Gobernuarekin oso kritiko agertu izan da sarri, eta zentsuratu ere egin dute horregatik. Are, armadatik bota zuten 2004an, Bizitzaren gozamena eleberria argitaratzean. Zentsurak eta autozentsurak literatura nola baldintzatu duen: horren inguruan ere idatzi izan du Liankek, eta hori nabarmendu du Marinek; baita autore zentsuratua bezain saritua izatea ere: «Guri kuriosoa egiten zaitu, baina Txinan normala da. Zentsura ez da zerbait sinplea; modu asko dago zentsuratzeko. Liburua argitaratzen da, baina asko zabaltzen bada eta gobernuari ez bazaio gustatzen, salmentatik kentzen da». Marinek dio autore txinatarrek bi aukera dituztela horren aurka; herrialdetik alde egitea edo barrutik egoera aldatzen saiatzea. Bigarrenen artean jartzen du berak Lianke.

Egun, idazlea unibertsitateko irakaslea da, Pekinen, eta Marin Hong Kongen bizi da. Han ezagutu zuten elkar, eta idazleak berak egin zion proposamena itzultzaileari. Marinek txineratik itzuli du zuzenean, eta Jakak euskarazko testuaren gainean egin du lan. «Euskararen ikuspegitik eman diot nik forma, ingelesezkoa erreferente moduan izanda». Jaka Quebecen bizi da egun, eta Quebec-Hong Kong arteko bertsio trukaketa izan dute itzulpen prozesua.

Txinako literatura eskas

Euskaraz irakur daitekeen Yan Liankeren lan bakarra da Balou mendikateko balada, gaur arte bederen. Baina Txinako literatura garaikidea euskaraz irakurtzeko aukera banaketakoa ere badela ohartarazi du Marinek, Txinako literatura nabarmen gutxiago itzultzen delako kanpoko beste literatura batzuen aldean. «Kontuan izan behar da euskal irakurlearentzat txinatar literatura ez dela existitzen. Autore hau ez da inor». Hain justu, gogora ekarri du XX. mendeko literatura txinatarretik euskarara ekarritako lehen lana Jakak eta berak itzulitako Hori da umorea, maisu! (Elkar, 2013) izan zela, Mo Yan Nobel saridunarena. Gainontzean, euskal irakurleek literatura txinatarretik «ezagutzen duten gutxia» klasikoak direla aipatu du: Li Po, Du Fu, Wang Wei... «Normala da gertuago dauden literatura batzuetara gehiago jotzea. Baina, horregatik ere, garrantzitsua da orain Lianke euskaraz izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.