Indarra galdu duen bultzada

Idazten hasi berriak direnentzat «sariketa estrategikoa» izan zen Urruzuno gaur egun idazle ezagunak diren askorentzat. Lehengo eran berreskuratzea nahi lukete.

Duela hiru urteko Urruzuno sarien banaketa ekitaldia, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ongi gogoratzen dituzte Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975) eta Ana Malagon (Donostia, 1975) idazleek Urruzuno Saria irabazi ondoren Europara egin zituzten bidaiak.Nerabezaroan zeuden biak, eta antzeko interesak zituzten, lagunekin bidaiatzeko aukera izan zutenean lehenengoz. «Urruzunok zeukan gauzarik politena lehiaketatik apartatzen zena zen, hain zuzen: hamar eguneko elkarbizitza Europan barrena zure kidako edo orbitako beste hogei gaztetxorekin», azaldu du Canok. Bakar batek jaso beharrean, hogeik jasotzen zuten saria, eta horri ere garrantzi berezia ematen diote idazleek. «Neurri batean, hura bazen sariaren muina», gogoratu du Malagonek.

2012an, ordea, krisiak eraginda, «izoztuta» gelditu zen saria.Antzeko beste lehiaketa bat jarri zuten abian, Urruzunotarrak Gehitzen izenekoa. Aurrekoaren helburu bera izanagatik —gazteak literaturara hurbilaraztea eta euskaraz idazteko ohitura bultzatzea, besteak beste—, aldaketa batzuk izan ditu. Euskal Herrian egiten dute egonaldia, eta literatur lantegiak egiten dituzte. Hainbat idazleren bisita ere jasotzen dute. Urruzunotarrak Gehitzen sariketa «lehengo asmoari modu apalagoan eusteko modua» izan dela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak. Oraingo sariketari, ordea, ez dio aurrekoarekiko loturarik ikusten, eta nabarmendu du parte hartzeak izan duela beherakada nabarmena.

Joera horren atzean gazteen motibazio falta dagoela iruditzen zaio Malagoni: «Tristea da esatea, baina pertsona bat saritzea gero lanean jartzeko... marketin aldetik ez dakit oso modu eraginkorra den». Gaztetxoak motibatu behar direla nabarmendu du, eta ez du uste lantegiak oso erakargarriak izan daitezkeenik. «Gauzak asko aldatu dira», gehitu du.

Saritik haratago, ikusten du zer hobetu Malagonek, ikastetxeek lehiaketa indartzeko zerbait egin beharko luketela uste baitu: «Gu parte hartzera animatu egiten gintuzten, baita zuzenketa lan bat egin ere. Serio hartzen zen gauza bat zen». Bi alorrak loturik doazelakoan dago Malagon, eta, behar bezala landu ezean, alferrikakoa litzatekeela uste du.

Canok aitortu du penaz hartu duela Urruzunoren beherakada: «Ideia on bat zen bidaia, eta uste dut bere fruituak eman zituela. Nire ustez, egitasmo estrategikoa zen, eta izan behar luke aurrerantzean ere».

Egoera ekonomikoak eraman du Jaurlaritza neurriak hartzera, baina Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak adierazi du, «krisia» bezain «egia» dela Urruzunok landu duen harrobia: «Urte luzeez sormen lantzaile gazteen hauspo izan da, eta helburu hori lehen bezain funtsezkoa edo beharrezkoagoa litzateke gaur egun ere, han-hemengo joera transkulturalak hedatuz eta tinkatuz doazen heinean». Hurrengo urteko lehiaketaren inguruko erabakiak irailetik aurrera, aurrekontuekin batera hartuko dituztela gogoratu du Zuzendaritzak.

Hainbat alditan irabazi zuen Canok saria, eta, horri esker, Berlin —harresia erori berritan—, Erroma eta Praga ezagutu zituen. «Urtebeteko historia klaseetan adina ikasi genuen hamar egun horietan». Malagonek, berriz, Irlandara, Vienara eta Herbehereetara bidaiatu zuen, besteak beste. Helburu asko betetzen zituen Canoren arabera, baina horietan nagusia sormenerako grina zuen jendea ezagutzea da. «Hamabost urte dituzunean ez da erraza idaztea eta irakurtzea gustuko dituen zure adineko jende motibatua topatzea, eta horixe gauza handia zen». Ados agertu da horrekin Malagon ere: «Interes antzekoak zituen jendea ezagutu nuen, eta horietako zenbait gerora mantendu egin ditut». Canok, esaterako, Urruzuno sariketako lehiaketan egindako lagunekin sortu zuen Lubaki Band taldea. «Gure manifestuaren lehen irakurketa Venezia ondoko hondartza batean egin genuen, gauez, suaren inguruan».

Belaunaldi askoren akuilu

Garaiak aldatu dira, ordea, eta horren jakitun dira Malagon eta Cano. Malagonek adierazi du: «Gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, saria bada obszenoa, baina ezin daiteke muturreko egoera bat hartu». Posible ikusten du horregatik, Urruzuno sariaren filosofia berreskuratzea, bidaia gertuago edo haren gastuak beste era batera kudeatuko behar balira ere.

1986an egin zen lehenbiziko Urruzuno sariketa. Belaunaldi askoren abiapuntu izan da saria, eta ez literaturan aritzen direnentzat bakarrik, Canok nabarmendu duenez:«Gure belaunaldiko idazle —ez soilik hertsiki idazle, sortzaileetara ere zabalduko nuke— mordoxka batentzat oso garrantzitsua izan zen saria». Literaturan aritu barik, kulturan eta kazetaritzan lanean diharduten askok irabazi zuten Urruzuno. «Aldez edo moldez zeresana emango duen jendea, funtsean», gehitu du Canok. Ainara Gorostitzu, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi, Igor Estankona, Lierni Ibargutxi, Josu Goikoetxea, Gari Berasaluze, Jose Luis Padron... dira irabazleetako batzuk.

Malagonek iaz kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Lasai, ez da ezer gertatzen. «Nahiz eta urte batzuetan idazteko grina erdi lokartuta izan, nire gogoa beti egon da idaztera zuzenduta». Saria akuilu izan zuela uste du: «Animatu egin ninduen, norbere burua zerbaitetan ondo ikustea denoi gustatzen zaigu». Cano ere iritzi berekoa da: «Bidaia hark askatasuna ematen zizun. Autoafirmazio moduko bat zen, pertsona heldu gisa tratatzen zintuzten, eta bokazio bat sustatzen zuten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.