Handia egin da

Jon Rahmekin hitz egin du BERRIAk, profesional moduan lehen torneoan parte hartu bezperan. Konfiantzaz gainezka dago. «Ziur naiz maila emango dudala».
Jon Rahm golflari barrikarra, joan zen astean, AEBetako Irekiko lehen jardunaldian.
Jon Rahm golflari barrikarra, joan zen astean, AEBetako Irekiko lehen jardunaldian. ERIK S. LESSER / EFE

Julen Etxeberria -

2016ko ekainak 24
Zelaira irten, makilak hartu eta pilota jotzeko desiratzen nago. Beste mugarri bat da nire kirol ibilbidean». Jon Rahm (Barrika, Bizkaia, 1994) da telefonoaren bestaldean hitz egiten ari dena. Washingtonen dago, Quicken Loans torneoan parte hartzeko zain —bart hasi da—. Ez da beste torneo bat gehiago bere kirol ibilbidean. Torneo oso berezia da, lehen torneoa baitu jokalari profesional moduan.

Astelehenean utzi zion amateur izateari, bosgarrenez profesionalen torneo bat jokatuta. Ez zen edozein torneo, lau Grand Slametako bat zen, haren ibilbideko lehena, non eta azken lau urteetan etxeko gisa hartu duen herrialdean, AEBetan, hango Irekian, eta munduko jokalari onenez inguratuta. «Asko gozatu nuen. Nire amateur garaiari amaiera emateko modu bikaina izan zen».

Muturreko erronken aurrean kikildu edo hazi egiten diren kirolariak daude. Bigarrenetakoa da Rahm. Oakmonteko zelaian erakutsi zuen, lan bikaina osatuta. Hura izan zen amateurren artean torneoak iraun zuen lau egunetan lehiatu zen bakarra. Beste guztiek ez zuten gainditu gutxieneko marka lan erdietan. 23. postuan sailkatu zen azkenean, 288 kolperekin, irabazlearengandik, Dustin Johnson estatubatuarrarengandik, hamabi kolpera. Estatistikak baino argigarriagoa da datu hau: ez Txema Olazabal, ez Tiger Woods bera ez ziren horren goian sailkatu euren lehen handian —hondarribiarra 25. izan zen, eta estatubatuarra, 41.—. Rahmek, halere, berehala egin du zehaztapena. «Ez da justua Woods eta biok alderatzea; berak 19 urte eskasekin jokatu zuen lehena, eta 21 urterekin jada bat irabazi zuen, eta munduko lehena zen. Lorpen horietatik oso urruti nago ni oraindik».

Ausarta da Rahm, baina badaki noiz izan behar duen burua hotz. Bihotzarekin bakarrik pentsatuko balu, aspaldi legoke profesionalen artean. Asko izan dira azken bi urteetan amateur izateari uzteko hura konbentzitzen saiatu direnak. 2014an egin zen ezagun, amateur mailako Munduko Txapelketa irabazita. Titulua irabazi ez ezik, 1960an Jack Nicklaus handiak lortutako marka hobetu zuen —estatubatuarrak baino sei kolpe gutxiago behar izan zituen irabazteko—. Horrelako balentriak lau haizeetara zabaldu zaleak diren herrialdean, Rahmek egindakoak oihartzun itzela izan zuen. Azkar iritsi zitzaizkion lehen eskaintzak profesional izateko. Ez zen erori tentazioan. Gurasoei promesa bat egina zien aspaldi. «Agindu egin nien ez nintzela egingo profesional unibertsitate ikasketak amaitu arte. Eta azkeneraino eutsi diot agindutakoari. Komunikazioan lizentziaduna naiz. Orain, bete-betean aritu naiteke golfean».

Aurkezpen txartel bikaina

2014ko balentria horri beste hamaika gehitu dizkie ordutik, aurkezpen txartel ikusgarria lortu arte: amateur mailako munduko jokalari onena izan da azken bi urteetan, bitan irabazi du AEBetako amateur onenaren Ben Hogan saria, 11 torneo irabazi ditu unibertsitateen arteko txapelketan, 33 aldiz sailkatu da lehen hamarren artean amateur mailako torneoetan, eta bitan profesionalen artean. «Betirako gordeko dut nire oroimenean amateur garaia. Une ederrak bizi izan ditut, eta txikitako hainbat amets bete, adibidez, bitan irabazi Ben Hogan saria».

Bost egun eskas daramatza profesional moduan, eta oraindik ez du sumatu aldaketa nabarmenik. «Sinadura gehiago eskatzen dizkidatela, besterik ez». Horren lekuko izan da BERRIA, hirutan eten baitu solasaldia Rahmek zaleren batekin argazki bat ateratzeko.

Babesleak lortzea izan ohi da lehen egitekoa, eta lan horrek ere ez dio eman buruhauste handirik. Arazorik gabe lortu ditu: Adidas kirol-arropa enpresa, TaylorMade golf-material enpresa eta Lagardere Sports & Entertainment ordezkaritza enpresa —Jordan Spieth eta Phil Mickelson golflariak eta Caroline Wozniacki tenislaria ditu bezero—. «Eskertzen da nigan izan duten konfiantza. Orain nire txanda da».

Amateur eta profesionalen artean alderik baldin badago, diru kontuetan dago. Amateurretan dirurik ez da jasotzen. Profesionaletan, ordea, bai, eta, zenbait kasutan, asko. Rahmek, hala ere, ez dio garrantzirik eman. «Nire lehentasuna beti izan da ahal nuen ondoen jokatzea eta ahal nituen emaitza onenak lortzea. Inoiz ez dirua irabaztea. Ni ez nago hemen dirua irabazteko, golfean jokatzen gozatzeko baizik». Bisa kontuengatik oraindik ezin du dirurik jaso, baina badaki zer egingo duen lehen diru sarrerekin. «Auto bat behar dut. Eta gero zer? Bada, hiru logeladun apartamentu xume bat erosi, niretzat, familiarentzat eta lagun batentzat. Scottsdalen [Arizona] bizitzea da asmoa».

Atzean utzi ditu duela gutxi arte bere buruari ezarritako helburu itzelak. «Historiako onena izan nahi dut», aitortu zion egunkari honi iaz. «Heldu egin naiz. Profesionaletan gozatu egin nahi dut, eta egunero zerbait ikasi. Hori bai, ez dut onena izateko ametsari uko egiteko asmorik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna