Dastatu daitekeen dantzaldia

Bihar estreinatuko du Dantzaz konpainiak 'Harri, Orri, Ar' lan berria, Elorrioko Arriola Antzokian

Bihar estreinatuko du Dantzaz konpainiak Harri, Orri, Ar pieza, Elorrioko Arriola antzokian. DANTZAZ KONPAINIA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Bi pertsona, bata bestearen aurrean: «Harri, orri, ar». Eskuekin harria, orria ala artaziak atera; ea zeinek irabazten dion zeini. Berriz. «Harri, orri, ar». Esku joko ezaguna da haurren artean. Maileguan hartu du ideia Dantzaz konpainiak, eta izen bera duen dantza pieza osatu du Paolo Mohovich koreografo italiarrarekin batera. «Nola elkartu gastronomia eta dantza?», galdera erantzuten saiatu da Mohovich. Enrique Fleischmann sukaldari mexikarraren laguntza izan du koreografoak horretarako. Jatekoak diren harriak eta paperak sortu ditu Fleischmannek. «Obraren atrezzoa jangarria da», azaldu du Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendariak. Arri, orri, ar programari izena ematen dion lana da Mohovichek sortu duena. Beste bi koreografia ere biltzen ditu egitasmoak: Sara Olmo eta Victor Launayren Histoire d'une seconde eta Jorge Jauregiren Complete Surrender. Bihar egingo dute estreinaldia, Elorrioko (Bizkaia) Arriola antzokian.

Programan bildu dituzten hiru koreografietatik azkena da Harri, Orri, Ar, eta Andrea Loyola eta John O'Gara Dantzaz konpainiako dantzariek hartu dute Mohovichen koreografia taularatzeko erronka. Izen bera duen esku jokoa ardatz hartuta, dantza bidezko hausnarketa proposatzen du lanak, Saenz de Ugarteren arabera. «Indarrak ala botereak ez du beti irabazten. Eta horren adibide da esku jokoa ere. Zirkularra da jolasa, eta elementu bat beti dago bestearen menpe». Artaziak orria mozten du, eta harriak irabazten dio artaziari jolasean. Baina orriak harria menperatzeko gaitasuna du. Ideia horretan egin du indar koreografo italiarrak, Dantzaz-eko zuzendariaren hitzetan. «Tolestura irudikatu du Mohovichek eta sedukzioan jarri du fokua: indarraren aurka jarriz gero, sedukzioak irabazi egiten du sarritan».

Sorkuntza prozesuan Fleischmann sukaldariaren laguntza izan du italiarrak. Euskal Herrian bizi da Fleischmann, eta Getarian (Gipuzkoa) duen Bailara jatetxeko Fleischmann's Cooking Group taldeko lankideek osatu dute obraren atrezzoa; besteak beste, jangarriak diren orri eta harriak. «Ezinbesteko rola dute kontatzen den historian».

Elkarren osagarri

Bi norabidetako sorkuntza eta jolasa da Harri, Orri, Ar: pikilo piper eta txibiekin osatutako harri eta orriak egin ditu sukaldariaren lantaldeak, eta indarraren eta sedukzioaren arteko tirabirak dantza mugimenduetan taularatu ditu koreografo italiarrak. «Jolasa izan da biak uztartu eta elkarlanean koreografia sortzeko prozesua». Ikusleak ikuskizunaren parte direla azaldu du Saenz de Ugartek. «Ez genuen jakien sorkuntza oholtzara mugatu nahi. Horregatik, ikusleei harriak eta orriak dastatzeko aukera emango diegu ikuskizuna bukatzean».

Hiru ikuskizunen arteko azkena izango da Mohovichena. Sara del Olmo eta Victor Launay bikoteak osatutako Les Vikings konpainiaren koreografiak emango dio hasiera Elorrioko programari. Europako zirku garaikidearen giroan oinarritu dute obra. Akordeoiaren soinuak lagundutako elkarrizketa proposatzen dute koreografo biek Histoire d'une seconde lanean. Jorge Jauregi koreografoaren Complete Surrender obrak hartuko du lekukoa gero. Gaur egungo gizartearen metafora da Jauregik taularatuko duena, Saez de Ugarteren arabera. «Geure buruari sarritan galdetzen diogu zer egin: geure buruari eutsi edo amore eman».

Elkarren osagarri dira Harri, Orri, Ar programa osatzen duten hiru lanak Dantzaz-eko zuzendariaren ustez. «Hamabi dantzarik parte hartuko dute, eta bakoitzak bere nortasuna du. Pieza eta zapore ezberdinak dastatzeko aukera eskaintzen du programak, hortaz». Dantza ahalik eta gehiena hedatzeko xedea du Dantzaz konpainiak. Norabide horretan, entsegu irekia egingo du gaur,20:00etan, Arriola antzokian, biharkoaren atariko gisa. «Dantzak ez du publiko asko, eta ahalik eta gehien zabaltzea da gure nahia».

Nazioarteko eta Euskal Herriko hamabi dantzari jasoko ditu Elorriok bihar. Saez de Ugarteren hitzetan, Dantzaz-ek duen filosofia da Durangaldeko oholtzara eramango dutena. «Dantzaz ez da konpainia huts bat. Nazioarteko eta Euskal Herriko sormen artistikorako zentroa ere bada, artistak eta koreografoak lotzen dituen buztina da. Eta bizitasuna ere badu, elkarlana bultzatzeaz gain, elkarpena egiten duelakosormen prozesuetan».

'HARRI, ORRI, AR' PROGRAMA

Programa osatzen duten koreografiak:Histoire d'une seconde, Complete Surrender eta Harri, Orri, Ar. Non: Arriola Antzokian, Elorrion. Noiz: Bihar, 20:00etan.Sarrera: 10 euro —bazkideek7 euroan eskuratu ahalko dute—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.