Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola Lau bide, bi noranzkotan

Publizitatea

Kirola

Lau bide, bi noranzkotan

Espainiako Ohorezko Mailako euskal taldeek etzi hasiko dute liga. Ordiziak eta Gernikak kanporaketak nahi dituzte; Getxok eta Hernanik, berriz, mailari eustea.
Iñaki Leonet Hernaniko jokalaria baloia besapean hartuta korrika, iragan sasoian Bartzelonaren aurka Landaren jokaturiko partidan.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-09-14 / Imanol Magro Eizmendi

Espainiako Ohorezko Mailako errugbi liga asteburuan hasiko da, eta, iragan sasoian bezala, lau euskal talde ariko dira. Lauren denboraldi-aurreak ezberdinak izan dira, eta ezagutzen dituztenek aztertu dute bakoitza.

AMPO ORDIZIA

Kanporaketak helburu

«Nire ustez, ona da hasieratik helburu zehatz bat edukitzea, eta gurea titulurako kanporaketetan sartzea da. Lehen seien artean bukatzea dugu begi tartean sartua». Iñigo Marotias (Ordizia, Gipuzkoa, 1986) Ampo Ordizia taldeko entrenatzaileetako bat da, eta Aritz Garmendiarekin batera aritzen da ardura horretan. Iragan sasoian denboraldia hasita hartu zuten kargua, eta kirol zuzendaritzak eurenganako konfiantzari eutsi dio. «Seinale ona da hori; espero ez genuen aukera bat da; eta ikaragarrizko zortea izan dugu».

Iragan sasoian zazpigarren izan zen Ordizia, kanporaketetatik zazpi puntura, eta koska hori igotzea eskura dutela uste du Marotiasek. «Taldea, egun, iazko garai berean baino hobeto dagoela iruditzen zait, horregatik iruditzen zait hobera egin dezakegula. Gainera, aldaketa gutxi egin ditugu: profesionaletako batek taldea utzi du, eta bi ekarri ditugu. Etxekoen artean izan dira hutsuneak, baina multzoari eusten diogu. Hori abantaila handia da aldaketa asko egin dituzten taldeen aldean, liga hasieran batez ere». Teknikariak arreta jarri du liga hasieran, gogorra baitute: Alcobendas etxean, Independiente kanpoan, El Salvador etxean eta Santboiana kanpoan. Laurak iragan sasoian kanporaketetan sarturiko taldeak dira.

GERNIKA BIZKAIA

Pauso bat gorago

Gernika zortzigarren izan zen aurreko sasoian, eta, lehen itzulian maila oso ona eman ondoren, bigarrenean behera egin zuen. Hori eragoztea da Eduardo Maidagan (Gernika, Bizkaia, 1968) entrenatzailearen helburua. «Liga hasieran goikoekin egon gintezkeela ikusi genuen, eta hor iraun nahiko genuke. Helburua koska bat gorago egotea da, kanporaketetan sartzeko borrokan. Baina, tira, horretarako lehenbizi maila ziurtatzeko behar diren 40 puntuak lortu behar dira». Maidaganek Nico Martinez jokalariarekin batera zuzenduko du taldea, eta sei jokalari fitxatu dituzte. Tartean Bruno Mercanti dago, iragan sasoian Italiara jokatzera joanikoa eta bere «etxera» itzulitakoa.

Berriak iritsi dira, baina hutsuneak ere badituzte, besteak beste, Jon Magunazelaia kapitain historikoarena. «Eredu bat», Maidaganen hitzetan: «Ez da erraza haren hutsunea betetzea, baina gustura gaude etxekoek ematen duten mailarekin. Hori bai, ez da erraza jendea erakartzea, Gernikan kirol asko daude». Teknikariak badu anbizioa, baina badaki zaila izango dela helburua lortzea. Dioenez, mailako aurrekonturik txikiena dute, baina askotan dirua ez dela hainbeste nabaritzen. «Itxuraz, goiko taldeek ez lukete ia partidarik galdu beharko, baina dirua ez da dena. Guk etxean partida asko irabaz ditzakegu; indartsu sentitzen gara Urbietan».

HERNANI

Errespetua irabazi du

Hernanik azken urteetako bideari eutsiko dio sasoi honetan, profesionalik gabeko taldearekin eta harrobiko jendearekin. «Amateurrak gara, baina ez pobreak. Jokalariek eta taldeak aurkarien errespetua irabazi dute, eta hori garrantzitsua da». Esaldia Patrick Polidori (Paris, 1975) entrenatzailearena da. Hamargarren urtea du karguan, eta, dioenez, tarte horretan bilakaera handia ikusi du taldean. Sasoi honetan zazpi jokalari berri izango ditu, horietatik lau Donostiako Atletikorekin eginiko akordioaren ondorio iritsiak. «Oinarri zabalagoa dut orain, 35 bat jokalari. Taldeen arteko harremana ona da, eta guk ere jokalariak utziko dizkiegu».

Aurreko hiru sasoietan Hernanik azken jardunaldian eutsi zion mailari, eta sasoi honetan «lehentxeago» hartu nahiko luke arnasa lasai Polidorik, baina oinak lurrean edukita. «Lehenbizi aurkari bat utzi behar dugu atzean, eta, behin hori lortuta, beste bat». Entrenatzaileak, baina, anbizioa du, eta jokalariak xaxatu ditu helburu ezberdin batekin: «Kopako finalerdietarako sailkatu nahiko nuke. Multzoa ikusita, aukerak ditugula iruditzen zait».

GETXO ARTEA

Iraultza etxeko gazteekin

Getxo da gehien aldatu den taldea. Entrenatzaile berria du, itzal handikoa, Juan Carlos Bado jokalari ohi uruguaitarra, eta taldea ere ia berria da. Hamabost jokalari berri ditu, ia guztiak harrobikoak, eta hiru profesional bakarrik, iragan sasoian baino gutxiago. Iñigo Lugarezaresti (Getxo, Bizkaia, 1989) kapitainak denbora pixka bat beharko dutela uste du. «Talde oso berria dugu, uda gogorra eta ona izan da, baina denbora pixka bat beharko dugu apurka egokituz joateko».

28 urterekin taldeko jokalari zaharrenetan bigarrena da. «18-20 urteko jokalari asko ditugu, eta ilusio handia dute, baina eskarmentua falta zaie, hori orekatu behar dugu». Iragan sasoia gogorra izan zen Getxon: hiru entrenatzaile izan zituen, eta kanporaketetan eutsi zion mailari. «Aldaketa gehiegi egon ziren, eta ez zen erraza horrela lan egitea. Denboraldi honetan denak ezberdina dirudi: entrenatzaile berriak argi du bere metodoa, eta horrela errazagoa da». Eta, egoera horretan, zein da helburua? «Estutasun gutxiago edukitzea mailari eusteko. Txarto pasatu genuen», esan du.

Publizitatea

Sortu kontua
Imanol Magro Eizmendi Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak