Wes Andersonen 'Isle of Dogs' lanarekin hasiko da 68. Berlinale, hilaren 15ean

19 film lehiatuko dira sail ofizialean, tartean Cedric Khanena, Gus Van Santena eta Benoit Jacquotena. Tom Tykwer izango da epaimahaiburu

Erredakzioa
Donostia
2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Hilaren 15ean hasiko da Berlinale zinema jaialdiaren 68. aldia, eta, orotara, hemeretzi film emango ditu sail ofizialean. Wes Andersonen Isle of Dogs animaziozko lanak irekiko du festibala, eta, haren ondotik, Cedric Kahn, Benoit Jacquot eta Gus Van Sant zinemagileek beren lanak aurkeztuko dituzte, besteak beste. Tom Tykwer zinemagile alemaniarra buru duen epaimahaiak erabakiko du, zuzendari horien artetik, Urrezko Hartza norentzat izango den.

La pière filma aurkeztuko du Kahnek, eta Jacquotek, berriz, Eva, zeinak Isabelle Huppert aktorea duen protagonista. Van Santen Don't Worry, He Won't Get Far on Foot lanean, berriz, Joaquim Phoenix aktoreak egin du protagonistarena. Antolatzaileek jakinarazi dute bi aktoreak jaialdian izango direla. Baita Robert Pattinson ere, zeinak David Zellnerren Damsel filmean parte hartu duen. Erik Poppe norvegiarrak bere herrialdean bertan 2011n izandako erasoak hartu ditu oinarri Utoya filmerako; hori ere sail ofizialeko lehian izango da.

Zinema alemaniarraren ordezkari, lau zinemagileren lanak ikusi ahal izango dira: Transit (Christian Petzold); 3 Tage in Quiberon (Emily Atef); In den Gängen (Thomas Stuber) eta Mein Bruder heisst Robert und ist ein Idiot (Philip Groning). Suediatik Toppen av ingenting eramango du Mans Manssonek, Italiatik Figlia mia Laura Bispurik, Errumaniatik Touch me not Adina Pintilliek, eta Poliniatik Twarz Magorzata Szumowskak. Alexey German zinemagile errusiarrak Dovlatov aurkeztuko du lehiara, Mani Haghighi iraniarrak Khook, eta Lav Diez filipinarrak, berriz, Ang panahon ng halimaw izeneko lana.

Hego nahiz Erdialdeko Amerikatik ere iritsiko da lanik Berlinera. Marcelo Martinessi paraguaitarrak bere opera prima eramango du, Las Herederas, eta Alonso Ruizpalacios mexikarrak, berriz, Museo. Sail ofizialean, baina lehiaz kanpo, beste hainbat lan ere proiektatuko dituzte, tartean Jose Padilharen 7 Days in Entebbe eta Steven Soderberghen Unsane.

Erasoen salaketak

Atzo, egitaraua aurkezteko agerraldian, Dieter Kosslick jaialdiko zuzendariak esan zuen «neurri ikaragarria» hartu duela hainbat andrazko aktorek salatutako sexu abusuen auziak. Esan zuen martxan jarriko dutela biktimen aholkularitza plataforma bat, eta erasoak aitortu dituzten hainbat sortzaileren lanak baztertu dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.