«Gizon eginaren» poetika

Juanjo Olasagarrek irabazi du IV. Xabier Lete poesia saria, 'Hemen' izeneko bildumarekin

Juanjo Olasagarre, Jose Ramon Andaren garaikurra eskuetan duela, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ez da sinestuna. Ez zentzu erlijioso hertsian bederen. Baina azken urteetan Xabier Leteren poemagintzari interes biziz, edo berrituz, hurbildu zaio. «Poemetan asko hitz egiten zuen heriotzari buruz, eta, akaso adinagatik, gero eta gehiago interesatzen zait gai hori ere, nahiz eta nik [Leteren] hainbat esperantza ez partekatu». Juanjo Olasagarrek (Arbizu, Gipuzkoa, 1963) irabazi du Xabier Lete poesia sariketaren laugarren aldia, Hemen izeneko poema bildumarekin.

Olasagarrek 2009an ikusi zuen Lete azken aldiz, zuzeneko emanaldi batean. «Egunsentiaren esku izoztuak poema liburuaren errezital bat egin zuen. Oso hunkigarria izan zen. Bera asko hunkitu zen, eta han geundenok ere bai. Ordurako Lourdes Iriondo hila zen; bera asko hunkitu zen, eta oso errezital ederra izan zen. Iruditu zitzaidan berak bazekiela heriotza, edo esku izoztua, nahiko hurbil zuela, baina beretzat egunsenti moduko bat zen».

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen Olasagarrek irabazi duela aurtengo Xabier Lete poesia saria. Irabazleak ez zuen liburuaz askorik esan nahi izan; soilik azken urte luzeetan idatzitako poemak bildu dituela Hemen lanean. Xabier Leterekin izandako loturaz jardun zuen gehiago eta gusturago. Aipatu zuen aurrenekoz Arbizun ikusi zuela, 1970eko hamarkadaren hasieran, Letek Ez Dok Amairurekin batera jardun zuenean. «Nik 11 bat urte izango nituen; han aritu ziren kantuan mahai baten gainean, eta emanaldi hark hunkitu egin ninduen». Gerora, bereziki gustatu izan zaizkio Xabier Letek Antton Valverderekin batera 1975. urtean argitaraturiko Txirritaren bertsoak diskoko kantuak, eta baita Habanera kantuaren doinua eta hitzak ere.

Era berean, Olasagarrek atzoko agerraldia baliatu nahi izan zuen adierazpen askatasunaren aldeko aldarri bat egiteko: «Nire liburuaz hitz egin beharrean, nahiago dut egunotan bizitzen ari garena nolabait izendatu, eta errimaren bidez egingo dut, sarean dabilen bideo bati jarraituz: Borboiak ohoinak. Hori esanda ulertzen da haiek lapurrak direla».

Epaimahaiko kide gisara, Tere Irastortzak hitz egin zuen Olasagarrek idatzitako poema liburuaz. «Poemen egikera aberatsa eta hats luze zein sakonera handikoa izatea» goraipatu dio epaimahaiak Olasagarreren poesia lanari. «Ironia erabiltzen du egileak, ausart eta anker. 'Hemen ez da ezer gertatzen' esanez labur liteke esaten duen guztiaren gainezkaldiaren ostean geratzen dena».

«Lirikoa eta mikatza»

Olasagarrek darabilen poetika «gizon egin baten bizitzaren pusketatik sortzen den hausnarketa da, lirikoa bezain mikatza edo petrala», Irastortzak adierazi zuenez. Poemen bilduma «anitza» da formen, irudien eta gaien aldetik. «Urbanotasuna, naturarekiko atxikimendu mikatza, norberarekiko arroztasuna, maitasuna, ez-maitasuna, bulkada homoerotikoak, hausnarketa filosofikoak...» eta beste biltzen ditu Hemen lanak, epaimahaiaren iritzian.

Jose Ramon Anda artistaren eskultura bat eta 12.000 euro jaso ditu sari gisara Olasagarrek. Aurtengo sariketara 31 lan aurkeztu ziren, inoizko kopuru handiena—guztiek izan behar zuten euskaraz, originalak eta argitaratu gabeak; baita 500 lerrotik gorakoak ere—. Iaz, adibidez, hemeretzi lan aurkeztu zituzten.

Olasagarreren lana «aho batez» aukeratu zuen epaimahaiak, Irastortzak azaldu zuenez, baina sariketa antolatu zutenetik bi bilera egin behar izan zituzten aurrenekoz deliberamendurako: «Irabazi duen lanarekin batera, beste bi poema liburu interesgarri ere azpimarratu nahi ditugu: Hegodun poemak eta Urtaroak eta zeinuak». Epaimahaiak ezin izan ditu jakinarazi bi lan horien egileen izenak, «soilik lan irabazlearen estalkia irekitzen baita, egilea nor den jakiteko».

Hemen bilduma poesian espezializaturiko argitaletxe batek plazaratuko du. Olasagarrek iaz argitaratu zuen Poz aldrebesa nobela (Susa), baina askoz ere denbora gehiago da poesiarik argitaratzen ez zuela. Duela hemezortzi urte plazaratu zuen orain arteko azken poema liburua: Puskak biziz (2000, EEF-Susa).«Orduz geroztik poemak idazten eta gordetzen joan naiz. Bildumatxo bat osatu nuenean, ingurukoei pasa, batzuk zuzendu eta txukundu, eta beste zenbait kanpoan geratu dira. Azken urte luzeetan idatzitako poemak dira». Beste bi poema liburu ere baditu: Gaupasak (1991, Susa) eta Bizi puskak (1996, Susa).

Laugarren aldia bete du Xabier Lete poesia sariketak. Lehen hiruretan Karlos Linazasoro (Ezer gehiago behar gabe, 2012), Luis Garde (Eremuen berkalifikatzea, 2014), eta Asier Serrano (Linbotarrak, 2016) izan ziren garaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.