«Gizon eginaren» poetika

Juanjo Olasagarrek irabazi du IV. Xabier Lete poesia saria, 'Hemen' izeneko bildumarekin
Juanjo Olasagarre, Jose Ramon Andaren garaikurra eskuetan duela, atzo, Donostian.
Juanjo Olasagarre, Jose Ramon Andaren garaikurra eskuetan duela, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko apirilak 11

Ez da sinestuna. Ez zentzu erlijioso hertsian bederen. Baina azken urteetan Xabier Leteren poemagintzari interes biziz, edo berrituz, hurbildu zaio. «Poemetan asko hitz egiten zuen heriotzari buruz, eta, akaso adinagatik, gero eta gehiago interesatzen zait gai hori ere, nahiz eta nik [Leteren] hainbat esperantza ez partekatu». Juanjo Olasagarrek (Arbizu, Gipuzkoa, 1963) irabazi du Xabier Lete poesia sariketaren laugarren aldia, Hemen izeneko poema bildumarekin.

Olasagarrek 2009an ikusi zuen Lete azken aldiz, zuzeneko emanaldi batean. «Egunsentiaren esku izoztuak poema liburuaren errezital bat egin zuen. Oso hunkigarria izan zen. Bera asko hunkitu zen, eta han geundenok ere bai. Ordurako Lourdes Iriondo hila zen; bera asko hunkitu zen, eta oso errezital ederra izan zen. Iruditu zitzaidan berak bazekiela heriotza, edo esku izoztua, nahiko hurbil zuela, baina beretzat egunsenti moduko bat zen».

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen Olasagarrek irabazi duela aurtengo Xabier Lete poesia saria. Irabazleak ez zuen liburuaz askorik esan nahi izan; soilik azken urte luzeetan idatzitako poemak bildu dituela Hemen lanean. Xabier Leterekin izandako loturaz jardun zuen gehiago eta gusturago. Aipatu zuen aurrenekoz Arbizun ikusi zuela, 1970eko hamarkadaren hasieran, Letek Ez Dok Amairurekin batera jardun zuenean. «Nik 11 bat urte izango nituen; han aritu ziren kantuan mahai baten gainean, eta emanaldi hark hunkitu egin ninduen». Gerora, bereziki gustatu izan zaizkio Xabier Letek Antton Valverderekin batera 1975. urtean argitaraturiko Txirritaren bertsoak diskoko kantuak, eta baita Habanera kantuaren doinua eta hitzak ere.

Era berean, Olasagarrek atzoko agerraldia baliatu nahi izan zuen adierazpen askatasunaren aldeko aldarri bat egiteko: «Nire liburuaz hitz egin beharrean, nahiago dut egunotan bizitzen ari garena nolabait izendatu, eta errimaren bidez egingo dut, sarean dabilen bideo bati jarraituz: Borboiak ohoinak. Hori esanda ulertzen da haiek lapurrak direla».

Epaimahaiko kide gisara, Tere Irastortzak hitz egin zuen Olasagarrek idatzitako poema liburuaz. «Poemen egikera aberatsa eta hats luze zein sakonera handikoa izatea» goraipatu dio epaimahaiak Olasagarreren poesia lanari. «Ironia erabiltzen du egileak, ausart eta anker. 'Hemen ez da ezer gertatzen' esanez labur liteke esaten duen guztiaren gainezkaldiaren ostean geratzen dena».

«Lirikoa eta mikatza»

Olasagarrek darabilen poetika «gizon egin baten bizitzaren pusketatik sortzen den hausnarketa da, lirikoa bezain mikatza edo petrala», Irastortzak adierazi zuenez. Poemen bilduma «anitza» da formen, irudien eta gaien aldetik. «Urbanotasuna, naturarekiko atxikimendu mikatza, norberarekiko arroztasuna, maitasuna, ez-maitasuna, bulkada homoerotikoak, hausnarketa filosofikoak...» eta beste biltzen ditu Hemen lanak, epaimahaiaren iritzian.

Jose Ramon Anda artistaren eskultura bat eta 12.000 euro jaso ditu sari gisara Olasagarrek. Aurtengo sariketara 31 lan aurkeztu ziren, inoizko kopuru handiena —guztiek izan behar zuten euskaraz, originalak eta argitaratu gabeak; baita 500 lerrotik gorakoak ere—. Iaz, adibidez, hemeretzi lan aurkeztu zituzten.

Olasagarreren lana «aho batez» aukeratu zuen epaimahaiak, Irastortzak azaldu zuenez, baina sariketa antolatu zutenetik bi bilera egin behar izan zituzten aurrenekoz deliberamendurako: «Irabazi duen lanarekin batera, beste bi poema liburu interesgarri ere azpimarratu nahi ditugu: Hegodun poemak eta Urtaroak eta zeinuak». Epaimahaiak ezin izan ditu jakinarazi bi lan horien egileen izenak, «soilik lan irabazlearen estalkia irekitzen baita, egilea nor den jakiteko».

Hemen bilduma poesian espezializaturiko argitaletxe batek plazaratuko du. Olasagarrek iaz argitaratu zuen Poz aldrebesa nobela (Susa), baina askoz ere denbora gehiago da poesiarik argitaratzen ez zuela. Duela hemezortzi urte plazaratu zuen orain arteko azken poema liburua: Puskak biziz (2000, EEF-Susa). «Orduz geroztik poemak idazten eta gordetzen joan naiz. Bildumatxo bat osatu nuenean, ingurukoei pasa, batzuk zuzendu eta txukundu, eta beste zenbait kanpoan geratu dira. Azken urte luzeetan idatzitako poemak dira». Beste bi poema liburu ere baditu: Gaupasak (1991, Susa) eta Bizi puskak (1996, Susa).

Laugarren aldia bete du Xabier Lete poesia sariketak. Lehen hiruretan Karlos Linazasoro (Ezer gehiago behar gabe, 2012), Luis Garde (Eremuen berkalifikatzea, 2014), eta Asier Serrano (Linbotarrak, 2016) izan ziren garaileak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. ©Jesus Diges/EFE

324 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Kasuen beherakada orokorra izan da herrialde guztietan: Araban 44 kasu detektatu dituzte (-31); Bizkaian, 180 (-31); Gipuzkoan, 35 (-29); eta Nafarroan, 59 (-87). Nafarroako Gobernuak ez du neurri orokorrik ezarriko oraingoz. «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa», adierazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan, artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Donostiako zahar etxe bateko egoiliar batek positibo eman du

Berria

Zahar etxe bereko bi langile ere kutsaturik daude.

Nafarroako osasun langileak PCR probak egiteko prest, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola/FOKU

Agerraldi bat detektatu dute Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan

Berria

30 positibo atzeman dituzte; gehienak, laborarien artean.

Vladimir Putin, Errusiako presidentea, artxiboko irudi batean. ©ALEXEI DRUZHININ / KREMLIN POOL / EFE

Errusiak COVID-19aren aurkako lehen txertoa erregistratu du

Munia El Marhoum Iruretagoiena

Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du «immunitate egonkorra» lortzeko modua ematen duela, baina Osasunaren Mundu Erakundeak arretaz hartu du albistea. Munduko kutsatu kopuruak hogei milioiren langa gainditu du gaur.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna