«Asko gozatu dut»

Ander Capak gaur jokatuko du azkenekoz Ipuruan Eibarko jokalari moduan, Athleticera joan aurretik. Las Palmas da eibartarren aurkaria

Ander Capa, atzo, Ipuruan eman zuen agurreko prentsaurrekoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ander Caparen agur agerraldia izan zen atzo Ipuruan, bezperan Dani Garciarena egin zen leku berean. Testu bat irakurri zuen, eta, bertan, eskerrak eman zizkien berarekin taldean izan diren guztiei, hasi jokalarietatik eta azkeneko langilera arte. «Gozatu egin dut hemen», esan zuen, eta, orain, beste erronka bati helduko dio Athleticen, bere bihotzeko taldean. Denboraldi hau hasterako fitxatu zuen talde zuri-gorriak, Eibarri hiru milioi ordaindu eta gero, eta azkeneko sasoi hau eibartarrekin egin du, utzita.

Zazpi urte egin ditu klubean, 19 urterekin heldu zenetik. Eibar B-rako ekarri zuen Gaizka Garitanok, eta, azkeneko hori lehen taldearen arduradun izendatu zutenetik, Capa Eibarreko jokalari izan da. 133 partida jokatu ditu Espainiako Lehen Mailan, eta, lehen taldearekin aritu izan den guztiak batuta, 213 neurketa.

Zelai erdian aritu zen, eskuinaldetik, Jose Luis Mendilibar taldera heldu zen arte. Atzelari jarri zuen, hegal berean, eta Capak eskertu egin zion atzo entrenatzaileari: «Atzetik aurrera jokatzeko aukera eman dit, eta gozamen hutsa izan da niretzat».

Gaur izango du zaleak agurtzeko aukera, zelaian bertan, Ipuruan ariko baita Eibar, azken-aurreko jardunaldian. Las Palmas izango da kontrarioa (18:30), Bigarren Mailara jaitsi diren hiru taldeetako bat. Capak jokatuz agurtzeko desira azaldu zuen: «Espero dut behar bezala agurtzeko aukera izatea». Horretarako, jokatzen jarri beharko du Mendilibarrek. Nahiz eta azken asteetan gutxi egin duen Caparen alde, gaur emango dizkio minutuak zaleei agur esateko. «Beti aritu dira ni babesten, eta eskerrak eman nahi dizkiet».

Agur kutsuko partida ez daCaparentzat bakarrik izango. Dani Garciak ere adio esango dio Ipuruari, baita Takeshi Inuik ere, eta David Juncak ere beste horrenbeste egin dezake, ia ziurra baita ez duela Eibarren jarraituko.

Horregatik guztiagatik, berezia izango da gaurko partida, eta jokalariek tentuz zaindu beharko dituzte sentimenduak, jokoan dauden hiru puntuak lortzeko asmoa zapuztu ez dezaten bizipen horiek. Garbi esan du Mendilibarrek: «Festa izango da biharkoa [gaurkoa], baina partidaren ondoren hasi behar du jaiak».

Partida ondo hasteko eskatu zuen Zaldibarko entrenatzaileak: «Lortu behar dugu hasierako minutuetan ondo aritzea, behin ondo hasita zaila baita bide on horretatik ateratzea. Dakigun bezala jokatzen badugu, uste dut irabazteko aukera handia izango dugula».

Berretsi egin zuen zein den taldearen helburua liga amaitzeko falta diren bi neurketetan: «Sailkapeneko aurreneko hamarren artean bukatu nahi dugu, eta uste dut lortzeko modua izango dugula gaur irabazten badugu».

Ez zuen aurreratu zer jokalari aukeratuko dituen irabazi ahal izateko. Hemeretziko deialdian, Anaitz Arbilla dago, lesioa osatu eta gero, eta Cesc Regis bigarren taldeko jokalaria ere bai. Kike Garcia eta Ivan Alejo ez, zigortuta baitaude. Aurreratu zuen Marko Dmitrovicek jokatu egingo dituela azken bi partidak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.