ITALIAKO GIROA

Erregulartasunari saria

Esprintean amaitu diren hiru etapak kenduta, Simon Yates lehen zazpien artean sailkatu da beste guztietan. Pello Bilbao ere bikain ari da

Erregulartasunari saria.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Tom Dumoulin (Sunweb) eta Chris Froome (Sky). Chris Froome eta Tom Dumoulin. Bi izen besterik ez ziren ageri Italiako Giroa irabazteko hautagaien artean proba hasi bezperan. Ez zen harritzekoa horren zerrenda laburra. Herbeheretarra iazko irabazlea da, eta britainiarra azken bi itzuli handietakoa, Frantziako Tourrekoa eta Espainiako Vueltakoa.

Bada, 11 egun pasatu dira Giroa hasi zenetik, bederatzi etapa jokatu dira, eta faboritoen zerrenda dezente luzatu da. Bat nabarmentzen da guztien artean: Simon Yates (Mitchelton). Txirrindulari britainiarra Giro ikusgarria ari da egiten. Esprintean amaitu diren hiru etapak kenduta, lehen zazpien artean sailkatu da beste guztietan: zazpigarren, laugarren, bosgarren, bigarren, bosgarren eta lehen. Horra Yatesen postuak etapen ordenari jarraituta. Erregulartasun horri esker dago sailkapenaren buruan. 32 segundo ateratzen dizkio Esteban Chaves taldekide kolonbiarrari, Mitcheltonen lan bikainaren erakusgarri. 38 segundora dago Dumoulin, 45era Thibau Pinot, eta 57ra Domenico Pozzovivori (Bahrain). Froome da faboritoen artean okerren aritu dena. Ia bi minutu eta erdira dago, eta okerrena dena, sentsazio txarrak helarazi ditu, aldapan gora amaitu diren ia etapa guztietan geratu baita atzean. Indarberritu ezean, dezente sufrituko du. Larunbatera arteko etapek ez dute zailtasun handirik, eta mesede egin diezaiokete asmo horretan. Prest egon beharko du larunbaterako, Zoncolan baitu zain.

Euskal herritarrei dagokienez, Pello Bilbao (Astana) bikain ari da. Gernikarra ia beti izan da onenekin, eta, horri esker, aurrea hartu dio taldeburu izan behar zuen Miguel Angel Lopezi. Bilbo bederatzigarren da, 2.05era, eta Lopez, hamahirugarren, 2.34ra.

Murias, bikain

Euskadi-Murias taldeak betiko gogoratuko du Aragoiko Itzulia. Joan zen ostiralean, Jon Aberasturik estreinako garaipena eman zion taldeari, eta herenegun, Mikel Bizkarrak bigarrena; Bizkarrak, gainera, Gari Bravo taldekidea izan zuen atzetik. Jon Odriozola kirol zuzendaria harrituta azaldu da. Ā«Ez nuen espero halako emaitzarik lehen bost hilabeteetanĀ». Hori gutxi ez, eta Alice Maria Arzuffi italiarrak lehen garaipena eman zion herenegun Bizkai Durango-Muriasi, Zeberion (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.