Itsasoaren koaderno zurira

Traineruen denboraldi ofiziala larunbat honetan hasiko da, KAE 1 ligako lehen jardunaldiarekin. Portugaleten ekingo diote lanari hamabi taldeek.

Lapurdi, Zarautz, Isuntza eta Zumaia, hilaren 2an Mutrikun jokatutako estropadan. JOSU Z.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Hemen da traineru denboraldi ofiziala, asteburu honetatik bertatik abian izango baita arraun munduko garairik zirraragarriena eta desiratuena. Aurreneko txanpa jotzen KAE 1 ligakoak ibiliko dira, larunbatean hasiko baitute lehiaketa, Portugaleteko ur bareetan (Bizkaia), ibaian, 12:00etan.

Hamabost estropada izango dituzte abuztuaren 19a bitartean hamabi taldeek, eta orduan edo ordurako, agian, zehaztuta egongo dira Eusko Label ligara igotzeko kanporaketan zein bi talde ariko diren: KAE 1 ligako garailea eta bigarrena. Eta zein talde jaitsiko den KAE 2 ligara ere erabakita egongo da, baita zein bi taldek jokatuko duten jaitsierako kanporaketa ere, ligako azken-bigarrenak eta azken-hirugarrenak.

Liga guztietan bezala, maila askotariko taldeak elkartuko ditu aurten ere KAE 1 ligak, eta jauzi egingo dute arraunlariek itsasoaren koaderno oraingoz zuria idaztera. Talde bakoitzak, kirolari bakoitzak emango dio berea koadernoari, eta denen artean osatuko dute testua, aurtengo liga honen laburpenik zehatzena eta zintzoena.

Emaitzek jarriko dituzte denak haien lekuan, ohi bezala, eta betiko moduan, garai honetako asmo eta ilusioak gauzatu egingo dituzte batzuek; ez, aldiz, beste hainbatek. Asmo indartsuekin datorrenetako bat Isuntza da, Lekeitioko taldea (Bizkaia). Iaz hirugarren egin eta gero, gustatuko litzaioke igoera kanporaketa jokatzea. Hala aitortu du Osertz Aldai entrenatzaileak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976), baina garbi lagaz aurretik beste lan batzuk egin beharko dituztela: «Aurreneko desira dugu azken txandan lehiatzen ibiltzea, hori delako aurkariekin ondo lehiatzeko modurik one na. Hori lortzen badugu, beste pauso bat ematera joango ginateke, lehen biren artean sailkatzea, igotzeko kanporaketa jokatu ahal izateko».

Faboritoen zerrendan puntan azaltzen da Isuntza, eta Aldaik ez dio uko egin horri. Garbi dauka, baina, ez direla bakarrak goian ibil litezkeenak: «Getaria eta Astillero ikusten ditut indartsuen, eta Deustuk ere kuadrilla sendoa dauka». Ez du baztertu ezusteren bat azaltzea: «Zarautz edo Pedreña izan daitezke muturra sar dezaketenak hor goian».

Aldaik eskarmentu handia dauka, eta ondo daki iazko lana hobetu egin beharko duela taldeak goi-goian ibiltzeko: «Ur bareko estropadetan ez ginen ondo moldatu iaz, ez daukagulako aukerarik ibaian-eta entrenatzeko. Lekeition itsasoan ibiltzen gara lanean, eta estropada horietan bai moldatu ginela ondo iaz ere». Okerra zuzentzeko asmoz, Bilbon ere ibili dira aurten entrenamenduetan, eta espero du iaz baino hobeto ibiltzea ur bareko lanetan.

Ligari begiratua emanda, «maila handia» dagoela dio, «aurkariak nonahi». Hutsen bat egiteari sekulako beldurra dio horregatik: «Berdintasun handia egongo da talde askoren artean, eta egun txarra duen taldea joan daiteke egun horretan sailkapenean erditik atzera».

Lapurdi, mailari eustera

Bi debutari izango ditu aurten KAE 1 ligak: Hibaika eta Lapurdi. Eta San Juan klub bezala lehendik ibilia bada ere liga honetan, bere bigarren taldeak aurreneko aldia izango du ligan. Lapurtarrena nabarmentzeko modukoa da, iaz sortutako taldea baita, eta lehen urtean aise irabazi baitzuen KAE 2 liga hamabi bandera astinduz uda osoan.

Guillermo Somoano (Pasaia, Gipuzkoa, 1979) ariko da aurten ere entrenatzaile eta patroi lanetan, eta oso garbi dauka zein den taldearen helburua: «Maila mantentzea da gure aurreneko asmoa, eta, hori lortzen badugu, gero gerokoak». Postu edo emaitza zehatzen gainetik, baina, helburu hau jarri dio taldeari: «Lehiakorrak izan behar dugu». Bai baitaki horrek ere, Aldaik bezala, arriskuz beterikoa izango dela KAE 1 liga: «Emaitza edo egun txar batekin, oso atzera joan zaitezke, eta, alde horretatik, hori da aldea guretzat iazkoarekin. KAE 2 ligan egun txarra izaten genuenean, ez ginen hirugarren lekutik behera geratzen».

Aurkarien inguruan, prestakuntzako estropadetan ikusitakoa baino ez daki, eta ez ei dira datu fidagarriak izaten: «Ezin da jakin estropada horietan talde bakoitza zertara ateratzen den». Hala ere, konturatu da zein izan daitezkeen indartsuenak: «Getaria eta Isuntza goian ikusten ditut».

Lapurdik iaz hain ondo menderatu zuen KAE 2 liga ere asteburuan hasiko da, igandean, Bermeon (12:00). Hamalau traineru ariko dira lehian, eta hamabost estropada izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.