Lasaitzeko bidea

Taldeak hamar urtean izan duen bilakaera bildu du Iheskidek 'Borrokak darrai' diskoan.Kaleratzen duten laugarren lana da

Punk-rocketik abiatuta, beste estilo batzuk ere jorratu ditu taldeak Borrokak darrai laugarren diskoan. IHESKIDE.
Araitz Muguruza.
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Musika ihesbide gisa hartzen dutelako jarri zioten hasieran Ihesbide izena taldeari, sortu berritan.«Bidegabekeria guztiak kanalizatzeko bidea da guretzat musika», azaldu du Gorka Jareño taldeko gitarristak. 2004an sortu zuten taldea, eta handik lau urtera, 2008an, Jareño atxilotueta espetxeratu egin zuten. Askatu zutenean aldatu zioten taldeari izena, eta gaur egungoa jarri: Iheskide. «Gure lagun eta kide gehiago ihesean edo espetxean daudelako». Borrokak darrai (Mauka) laugarren diskoa kaleratu dute, taldeak hamar urte bete dituen urtean.

Urte horiek guztiak «gorabeheratsuak» izan direla nabarmendu du Jareñok: «Fase asko igaro ditugu, taldean hainbat aldaketa izan baititugu». Duela ez asko azkenengoa: iazko abenduan. Kolpe handi xamarra izan zela aitortu du. «Kontzertuen jira amaitu berritan izan zen, diskoa grabatzera sartzeko gutxi geratzen zitzaigunean». Hala eta guztiz ere, disko berrirako kantuak prestatzen jarraitu, eta grabaketekin hasi ziren, Haritz Harregiren Higain estudioetan, Usurbilen, Gipuzkoan.

Ez dute metafora handien beharrik kantuak egiteko garaian. Gauzak sentitzen dituzten moduan esaten dituztela dio Jareñok. Gai politiko eta sozialek garrantzi handia dute kantuen hitzetan. Jareño baxu jotzailearekin batera, honako hauek dira Iheskideko kideak: Xabier Gallastegi abeslaria, Jonatan Gonzalez gitarrista eta Ibai Arrizabalaga bateria jotzailea.

Urteen poderioz, estiloan ere bilakaera izan du Iheskidek. Hasieran punk eta rocketik gertu zeuden doinuak lantzen zituzten, baina orain hardcore estiloak ere indarra hartu duela dio Jareñok. Disko berrian, gainera, pop melodikoa ere badagoela adierazi du: «Berria da hori, orain arte ez baitugu horretara jo. Izan ere, geroz eta zabalagoa da entzuten dugun musikaren esparrua, eta nabarmenagoa nola eragiten digun.

Kolaborazioak hitzetan

Izan dituzte hainbat kolaborazio disko berrian. Jurdan Martitegi presoak Ahanzturaren zaindari eta Orgullo fariano abestietako hitzak egin ditu. Kop taldeko Juan Ramon Rodriguezek koroak egin ditu abestian. Itzulera kantuko hitzak, berriz, Jon Garmendia Txuriya-k idatzi ditu. Amets Arzallus bertsolariak ere parte hartu du abesti horretan. Baina jende gehiagok ere parte hartu du diskoan, nahiz eta aipamen berezirik egin ez dioten. «Herriko [Elorrioko] lagunak aritu zaizkigu hitzak egokitzen edo zuzentzen, alde horretatik oso eskertuta gaude», zehaztu du Jareñok.

Harregirekin grabatu duten bigarren diskoa da Borrokak darrai. Horren aurrez kaleratu dituzten diskoak, Irabazi arte (2012), Iheskide (2010) eta Dagokiguna (2008) dira. Lehenengo biak autoekoitzi egin zituzten. Duela bi urtetik, Mauka diskoetxearekin egiten dute lan. Aldea nabaritu dutela dio Jareñok: «Autoekoizpenak lan handia dakar berarekin, sormen lanaz gain, guk geuk marketin lana egin behar izaten genuen». Maukakoekin, berriz, lan eskergarik ez dute, eta gustura daude, erabakiak hartzeko garaian beti hartzen dutelako beraien hitza gogoan. «Gu ez gara musikari profesionalak, bakoitzak bere familia eta lana ditugu, askoz erosoagoa zaigu diskoetxe batekin lan egitea, izan ditzakeen alde txarrak kontuan hartuta».

Hilaren 24an Etxebarrian (Bizkaia) joko dute, eta 26an, Zigoitian (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.