Kontatzen ez dena hor delako

'Arrastoak' antzerkia estreinatuko du gaur, Luhuson, Dejabu panpina laborategiak.Ezagutu gabeko ama hilaren arrastoen gibeletik doa Lur; haren bidez, errealitatea eta ametsak uztartzen ditu antzerkiak

Ametsa eta errealitatea nahasten ditu Dejabu panpin laborategiaren Arrastoak antzezlanak. AINHOA RESANO.
Nora Arbelbide Lete.
Luhuso
2014ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Saltegietako aldagela mugikor bat izan daiteke. Burdinazko hodi soldatuak. Errezelik ez. Hezurdura bakarrik. Lau errota jarri beherean, eta aitzina. Tren bagoi batean lo egiteko bi ohe bata bestearen gainean, telefono kabina bat, zakuak pausatzeko mahai bat, hilzorian dagoenaren azken hatsaren ohe. Hodi soil batzuk izan zitezkeenek, azkenean, hamaika bizi harrapatzen dituzte, ohartu gabean.

Lurren mundura sartzeko gonbidapena. Haurtzaro zaila izan du Lurrek. 80ko hamarkada bukaera da, eta gurasoek arazoak dituzte. Heroinaren aroa da. Ama etxetik joan zitzaion Lurri, eta ez zuen ezagutu, baina, halako batean, amaren hilotza agertzen da. Orduan hasten da antzerkia. Gorputza ezagutzera joanen da Lur. Eta hortik, ametsekin eta memoriekin eginen du topo neskatilak.

Hori guztia lau kideek osatu Dejabu panpina laborategiaren taldearen bidez kontatua da (Miren Alkala, Urko Redondo, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga), baita Ander Fernandezen musikarekin lagundua ere. Testuarentzat Oier Guillanen begia ere izan dute. Gaur estreinatuko dute, Luhusoko Harri Xuri aretoan (Lapurdi), 20:30ean. Hortik aitzina hainbat emanaldi dituzte Euskal Herrian gaindi (www.dejabu.org).

Taldekoak elkartu eta zertaz lan egin nahi zuten gogoetatzen hasterakoan, bi kontu zitzaizkien bereziki nabarmendu. Batetik, «belaunaldien artean transmititzen diren isiltasunak; isiltasun horien pisua». Edo beste gisa batez Redondok erranik: «Herentzia emozionala. Belaunaldi batetik bestera pasatzen den herentzia». Nahiz eta isilduak izan, nahiz eta ez zuzenean ezagutu, nahiz eta nehork ez kontatu, «nolabait hor badago zerbait entzun beharra daukaguna, isildua izan delako; kontatzen ez dena hor gelditzen da». «Gogoeta txiki bat da, garraiatzen dugun horren sentsazio horretaz».

Historiari begira: «Historian, gure errealitateak jasan ditu nahiko momentu potenteak, gerla dela, trantsizioa dela, frankismoa dela. Gertatu dira gauza asko isildu direnak, baita familian ere». Ororen buru, ez da droga istorio bat. Gurrutxagaren ustez, kontua gehiago da «zergatik belaunaldi bat horretan jausi zen, zeren ondorio izan zitekeen belaunaldi horrek horrela jokatzea».

Ideiak, narratibaren tramak, esperientzia propioetatik aberastuz joan dira taldekoak: «Inkontzienteki garraiatzen ditugun istorio txikiak. Jar dezagun, adibidez, nire amets bat, edo besteari gertatu zaion zerbait. Baina ezin da esan konkretuki gertatutako gauza batean denik, baizik eta sumatzen ditugunak eta». Eta gero, prozesua hasia dutelarik, hasten dira galdezka inguruan. Familia sekretuak, edo esaten ez diren gauzak ba ote dituzten: «Eta beti bezala, ezustean, kristoren istorio pila bat jasotzen dugu», Gurrutxagaren hitzetan.

Hori guztia nola ekarri oholtzara gogoetatzen hasi eta, ametsen mundua errealitatearekin nola uztartu zitekeen esploratzeko nahia zitzaien piztu, hain zuzen. «Nola egin genezakeen errealitate batetik amets eta memorien mundua ekarri, eta nahastu elkarrekin. Egunerokotasun batetik nola irudikatu neska honen barne munduak, emozioak, ametsak».

Objektuekin jolasean

Horretan objektuak izan dituzte lagungarri: «Txotxongiloen mundutik gatoz. Objektuak asko erabiltzen ditugu. Eta hor izan da inbestigazioa, horren laguntzaz nola ekarri mundu horiek». Horiek adosturik, «bakoitzak buruan dituen ideia horiek» planteatzen ditu taldean. «Objektu batzuk ekartzen ditugu, gaiaz hitz egiten dugu asko, inprobisatzen dugu». Prozesu hori duela urte eta erdi hasi zuten, eta, geroztik, zenbait egonaldi egin dituzte, azkena Luhusoko Harri Xurin, estreinaldiarekin gaur bururatuko dutena, preseski.

Anitz irakurri dute. Erreferentzien artean, Gioconda Belliren La mujer habitada (Emakume habitatua, 1988) eta Itxaso Martin Zapirainen Ni, Vera (2012) aipatu dituzte. Baita psikologia saileko liburu anitz ere, psikologia transgenerazionalaz ari direnak. Berezi bat: Clara Valverde Gefaellen Desenterrar las palabras (Hitzak lur azpitik atera, 2014). Antzerki munduan, izen bat ematekotan, Wajdi Mouawad dute ekartzen mahaira, eta Littoral / Incendies / Forêts (Itsasbazterra / Suteak / Oihanak, 1999-2006) trilogia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.