Urrian gordeko du pintzela

Pablo Berasaluzek kontratua luzatu du, eta urriaren 1ean jokatuko du agurreko partida, Bilbon
Pablo Berasaluze, Bilboko pilotalekuko erreboteko paretaren aurka.
Pablo Berasaluze, Bilboko pilotalekuko erreboteko paretaren aurka. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2016ko otsailak 25
«Iritsi da garaia. Goian utzi nahi nuen pilota, garai on batean. Gazteak gero eta indartsuago datoz, eta egunetik egunera gero eta gehiago kostatzen zait mantentzea», hala azaldu zuen atzo Pablo Berasaluzek (Berriz, Bizkaia, 1977) zergatik erabaki duen erretiroa hartzea. Baina oraindik ez ditu kantxak utziko, sei hilabetez luzatu baitu kontratua. Urriaren 1ean jokatuko du azken partida, Bilbon, eta, bere nahia betetzen bada, pilotari bizkaitarrez inguratuta. Asegarcerekin akordio bat egin du, eta, aurretik, udan, hainbat agur partida jokatuko ditu; batez ere, Bizkaian. Urrian jantziko ditu takoak azkenekoz, ez baitu enpresa txikiago batean jarraitzeko asmorik, eta litekeena da Asegarcen gelditzea teknikari moduan. Hori da, behintzat, aurrelariaren nahia.

Berasaluze II.ak udazkenean gordeko du pintzela. Apirilera arte zuen kontratua luzatu, eta uda osoa izango du bere azken talentu pinportak zabaltzeko. Horrek arduratzen du orain, sasoi onean egon nahi baitu udan. «Azken partida jokatzean, pilotari lotuta jarraituko nuke, eta, Asegarcen baldin bada, are hobeto. Banekien noizbait une hori iritsiko zela, baina aurretik uda dut, eta nire maila eman nahi dut». Asegarcek hogei bat partidako agurra antolatu nahi dio. Rafa Etxeberria enpresako logistika arduradunak azaldu zuenez, erdiak Bizkaian jokatuko dira, eta Berasaluzek tokia izango du feria guztietan.

Berasaluzek hemezortzi urte eta erdiko ibilbidea egingo du profesionaletan. Hainbat gorabehera izan ditu urte horietan, eta 647 partida jokatu ditu. Urte horietan, artista izan da, eta aurreko koadroetan erakutsitako trebeziarengatik nabarmendu da. Atzera begira jarrita, «eginiko lagunekin» oroitu zen bere erabakiaren berri emateko antolaturiko prentsaurrekoan. Behin pilota uzten duenean, aldagelako giroaren hutsunea izango da betetzen zailena: «Pilotariok ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta une politak izaten dira». Oraindik, baina, ez du agurrari buruz hitz egin nahi, hilabeteak baititu aurrean. «Orain ondo nago, baina uste dut eguna gerturatu ahala tristura hori nabarituz joango naizela».

Berasaluzek argi du pilotak ez diola ezer zor: «zorretan egotekotan, ni nago zorretan pilotarekin» esan zuen. Hala ere, ez zuen ezkutatu baduela arantza bat sartua: «Hiru final jokatu eta txapelik ez lortu izanaren pena dut, baina zaleengandik jaso dudan maitasunak edozein txapelek baino gehiago balio du».

Berasaluze lasai doa, badakielako beti «bere onena» eman duela. «Ibilbide luzea izan da, eta pozik nago. Ez zen erraza hainbeste irautea; oso gazte egin nuen debuta, eta ez nuen halakorik espero». Azken urteetan, baina, gehiago kosta zaio, batez ere 2013ko binakako finalean orpazurda hautsi zuenetik. «Ez dut aurretik nuen punturik lortu. Garai hartan izan nuen sasoirik onena. Hankako indarra ez zen bera, baina, tira, hala ere, final bat jokatu nuen iaz». Hartaz geroztik, dena den, lesio txiki ugari izan ditu, eta jarraitutasun gutxi.

Berrizko aurrelaria erreferente bat izan da Bizkaiko pilotan, eta, alde horretatik, lasai hartuko du erretiroa. «Bizkaiko pilota garai oso onean dago. Pilotari bizkaitar on asko daude, eta txapelduna ere bizkaitarra da. Esku onetan uzten dut pilota; denbora asko pasatu dut Urrutikoetxearekin, eta ondo ezagutzen dut. Agurreko egunean bera Bilbon egongo da». Berasaluzek erabaki du azkeneko partida Bilbon izatea.

Txapelketan, Victor

Berasaluzek sei aste daramatza geldirik, eskuko arazoekin, baina larunbatean itzuliko da jaialdietara, Gasteizen, lehen partidan. Berez, binakako txapelketan itzuli beharko luke, baina bere tokiari uko egin dio, txapelketak eskatzen duen «sasoi egokian» ez dagoelako. Azken asteetan Victor Estebanek jokatu du haren ordez, eta hark jokatuko ditu ligaxkako azken bi partidak. Hurrengoa, esaterako, etzi, Bilbon, Beroizekin, Irujo eta Rezustaren aurka. Atzo egin zuen pilota aukeraketa, eta ez zen arazorik egon. Gaur, Gasteizen (11:30) eta Eibarren (16:00) egingo dituzte pilota hautaketak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna