Albistea entzun

Mendia, gertaleku eta ispilu

Aingeru Epaltzak 'Mendi-joak' ipuin liburua plazaratu du, mendian girotutako hamar istorioz osatua. Kokalekutzat baliatu du mendizaletasuna, baina baita gizarte garaikidearen ajeen islatzat ere
Aingeru Epaltza, atzo, Donostian.
Aingeru Epaltza, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2017ko azaroak 29 - Donostia

Desintoxikazio pertsonala. Hala definitu du Mendi-joak liburuaren idazketa prozesua Aingeru Epaltzak. «1.000 orrialde inguruko trilogia bat idaztetik nentorren, pertsonaia beraren ingurukoa, eta XVI. eta XVII. mendeetan kokatua. Garai horretara egokitutako hizketa batetik nentorren. Eta terapia behar nuen. Landetxe batera joan beharrean, betidanik izan dudan zaletasun bati are gogo handiagoz ekin nion, mendira joateari. Eta baita idazteari ere». Erresuma eta fedea trilogia osatzen zuten hiru nobelen ondotik —2013an plazaratu zuen Gure Jerusalem galdua hirugarren eta azken alea—, oso bestelako zerbait idazteko grina piztu zitzaion. Eta mendizaletasunari ez ezik, mendian nahiz mendizaletasunean kokatu eta giroturiko narrazioak idazteari ekin zion. Elkar etxearekin plazaratu berri duen Mendi-joak ipuin liburua da emaitza.

Liburuko hamar ipuinek ildo bat dute, hari bat. Edo «giro bat», idazlearen hitzetan. «Mendia eta mendizaletasuna dira giro hori. Euskaraz badira fikzio batzuk giro horretakoak, baina ez gehiegi, kontuan hartuta mendizaletasuna zenbateraino dagoen sustraitua gure artean». Mendizalea da Epaltza, eta zaletasun hori «ia obsesiboki» bizi duela aitortzen du. «Mendizaletasuna bera izan daiteke patologikoa. Zaletasun bat obsesio gisa bizitzea gizartean maiz ikusten dugun gauza da. Niri mendizaletasuna modu literarioan interesatzen zait giza harremanak ispilatzeko balio duen heinean. Nik literatura ez dut ulertzen gatazkarik gabe. Literatura da gatazkaren eremua, gatazka fikzionatuarena, jakina».

Epaltzak mendiari eta mendizaletasunari botatzen dion begiratua ahobiko labana da: «Mendizaletasuna bada gure garaiari, gure mendeari ondo egokitzen zaion zaletasun bat. Abentura nahiari, errutinaren hausteari lotutako zerbait da. Ariketa fisiko eta psikiko bat da, eta, aldi berean, abentura kutsua duen zerbait. Gaur egun, ez goaz Ternuara baleak harrapatzera, baina Txindokira goaz. Eta, igual, ez goaz Euskal Herria tiroka askatzera, baina 90 kilometroko ultratraila egingo dugu hurrengo igandean, eta, gainera, 4.500 metroko desnibel akumulatuarekin. Ez da zehazki gauza bera, baina...», utzi du airean ironiaz jaurtitako baieztapena.

Mendizaletasunak «abentura gogoa» asebetetzeko balio du, neurri batean, «baduelako nolabaiteko epika», baina, era berean, «gure gizartean hain politak ez diren gauzak ere ispilatzen ditu», egilearen ustetan. «Nahi duenak, begirada zorrotz eta zolia duenak, ikusten ahal ditu hain politak ez diren gauza horiek. Mendian ispilatua ikus dezake, adibidez, kontsumismoa. Edo elkartasunik eza. Maiz egiten da mendian dagoen elkartasunaren apologia. Nola utzi zuten gailur bat igo gabe, arriskuan zen beste mendizale bati laguntzeko. Baina hain maiz agertzen ez dena da elkartasunik izaten ez denean. Eta ez dakigu zein den albiste handiagoa. Badago mendizaletasunean nagusikeria ere, eta matxismoa, eta enpatia falta... Azken batez, mundua ez dagoela zuzen antolatua, sarri izaten dugun sentsazio hori ere ikus liteke mendian».

Zorrotz, baina leunago

Irakurleren bat mendiaren mitifikazioaren eta haren ikuspegi gozoaren bila baldin badoa nahastu egingo dela, alegia. Xabier Mendiguren Elizegi Elkar etxeko editorearen hitzetan, «desmitifikatzea eta zaurian hatza sartzea» izan baita Epaltzaren «ezaugarririk funtsezkoena» idazten hasi zenetik. Hala ere, kasu honetan ohikoan baino leunago aritu dela uste du Epaltzak berak: «Agian, ez naiz aritu hain gaizto, errazagoa delako gaizto izatea XVI. mendean kokaturiko nobela batean, eta ez hainbeste gaur egun kokaturiko batean; jende gehiago dagoelako bere burua ispilaturik ikus dezakeena, eta ni neu ere tartean egon naitekeelako ipuin batean ez bada bestean, nahiz eta pixka bat trabestiturik. Neure buruarekin barkaberagoa izaten naiz», dio barre artean.

Istorioak sortzen hasi zenean beldur zen pertsonaia nagusiek idazlearen antz handiegia izango ote zuten, hau da, 60 urtetara hurbiltzen ari den gizonezko bikotekidedun eta gurasoarena: «Horregatik, badira protagonista emakumezkoak eta baita haurren bat ere». Ipuin guztiek dute hitz bakarrez osaturiko izenburu trinkoa bezain iradokitzailea: Ertza, Atea, Sugea, Lokatza, Urratua, Belauna, Olatua, Sukarra, Zorabioa, eta Argazkia. Eta era askotako kontamoldeak erabili ditu. Badira lehenaldian kontatuak, eta baita orainaldian ere. Badira nika ari direnak, hots, lehen pertsonan kontatuak, badira huraka edo hirugarren pertsonan onduak, eta baita zuka edo bigarren pertsonan osatuak ere. Luzeak dira batzuk, 50 orrialde ingurukoak, baina bada baita 10 orritara iristen ez denik ere. Denbora jolasak ere ez dira falta. «Batzuek modu lineal eta kronologikoan egiten dute aurrera; besteak, aldiz, atzera-aurrera dabiltza, eta bada mosaiko modukorik ere».

Gustukoak dituen mendiguneak baliatu ditu ipuinen agertoki gisara: Aralar eta Malloak, Nafarroako nahiz Frantziako Pirinioak, Marokoko Atlasak... Ezagutzen ez duen mendigune bakarra, Kilimanjarokoa da. «Ipuin hori ontzeko google edo bertan izandako lagunen informazioa erabili dut». Ezagutzen dituen mendiguneak ere utzi ditu sartzeke, Andeak edo Alpeak, adibidez. Gehienetan paisaia «atze-oihal eta gertaleku huts» izan da. «Istorioak gerta zitezkeen beste edozein lekutan ere, baina nik mendira ekarri ditut, eta, zenbaitetan, paisaiak berak ere ekarri du istorioa». Mendia, gertaleku eta ispilu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Trazu txikiko katedrala

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena
<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra
Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Pertsona bat, mila aurpegi

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...