Beste kolpe bat eman du

Simon Yatesek erakustaldia eman du berriro, eta irabazi egin du Giroko 11. etapa. Chris Froome ezinean aritu da berriz, eta 3.20ra dago jada

Beste kolpe bat eman du.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Italiako Giroaren erdia jokatu da, eta erratzeko arriskurik gabe esan daiteke Simon Yates (Mitchelton) dela gaur-gaurkoz proba irabazteko hautagai nagusia. Dudarik bazegoen, atzo uxatu zituen guztiak txirrindulari ingelesak. Beste indar erakustaldi bat eman zuen 11. etapan, eta nagusitasun osoz lortu zuen garaipena Osimon. Bigarrena du ekitaldi honetan, joan den igandean ere irabazi egin baitzuen, Gran Sasson.

Orain arte gertatu bezala, errepidea goraka hasi bezain laster geratu da agerian aurkariak baino koska bat gorago dagoela Yates. Atzo helmugarako 1,3 kilometro falta zirela jo zuen erasoa, aldapa gogorrenean. Irten zen haren bila Tom Dumoulin (Sunweb), baina alferrik, ez zen gai izan Yates harrapatzeko. Azkenean bi segundo izan ziren bien artean helmugan, gehi gainsarietako beste lau. Beraz, sei segundo handitu du aldea ingelesak sailkapen nagusian: 47rena da orain. Zulo handiagoa egin da Yatesen eta Thibaut Pinot (FDJ) hirugarren sailkatuaren artean, minututik gora baitago orain frantziarra, 1.04ra. Askoz atzerago dago Chris Froome (Sky). Atzo ezinean aritu zen berriz ere, eta beste 50 segundo galdu zituen liderraren aldean. 3.20ra dago jadanik. Martxa honetan aurki gera daiteke Giroa irabazteko batere aukerarik gabe. Haren aurretik dago Pello Bilbao (Astana). Gernikarrak denbora galdu zuen atzo, baina lehen hamarren artean dago oraindik.

Gaur, hamabigarren etapa jokatuko dute, Osimo eta Imolako zirkuitu artean. Saio luzea da, 214 kilometrokoa, baina ia laua. Duela hiru urte bertan amaitu zen etapa bat, eta Ilnur Zakarinek (Katuxa) irabazi zuen, ihesean. Gaur berriro halakorik gerta ez dadin saiatuko dira esprinterren taldeak. Ikusgarria izan daiteke esprinta Imolako zuzengunean.

Aberasturi, hirugarren

Jon Aberasturi gasteiztarra (Euskadi-Murias) hirugarren izan zen atzo Norvegiako Itzuliko lehen etapan. Dylan Groenewegen (Lotto-Jumbo) izan zen azkarrena esprintean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.