Turismo bulegokoak

Gaur estreinatuko dute Xabier Perurenaren lehenengo film luzea, Leitzan: 'Parle vu euskara'.Izen bereko antzezlanaren egokitzapen bat da

Xabier Perurena, mikrofonoa eskuan duela, Parle vu euskara filma grabatzen ari ziren egun batean..
Araitz Muguruza.
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Ahaleginen ondotik sortutako filma da Parle vu euskara filma. Xabier Perurenak (Leitza, Nafarroa, 1987) buruan zuen hamaika gauzetako bat baitzen film bat zuzentzea, eta horretan saiatu da: «Orain dela lau urte film labur bat egin nuen; ez zen gustukoa atera, ordea, eta ez genuen estreinatu; baina jarraitu dut lanean, eta atera zaidan film luzearekin eman dut pauso bat aurrera». Ekoizpen osoa hartu du bere gain Perurenak, eta bi urtetan egin du. Gaur estreinatuko dute, Leitzako zinema aretoan, 20:00etan eta 22:00etan.

Orain dela hamar urte Leitzan egin zuten Parle vu euskara antzezlanaren moldaketa da filma. Migel Mari Elosegi bertsolariak idatzi zuen gidoia, eta Leitzako herritar talde batek interpretatu zuen. Turismo bulego bateko langile bitxien istorioan oinarritzen zen komedia izan zen. Hain zuzen ere, eszena askoren beharrik ez zegoelako erabaki zuen antzerki hura film bihurtzea, grabatzeko erraztasun handikoa zelako: «Herriko turismo bulegoa erabili dut, eta haren argiztapena egokitzearekin nahikoa izan dut». Denborarekin, baina, sinplea konplikatu bilakatu zaio, 800 fotograma atera baitzitzaizkion: «Horiek guztiak izendatu eta bakoitzaren zatirik garrantzitsuena hartzen izan dut lanik handiena».

Baina langintza astuna izanagatik, alde ona aurkitu nahi dio esperientziari Perurenak, horregatik konparatu du unibertsitateko master batekin bere lana—ikus-entzunezko goi mailako ikasketarik egin gabea da—. «Ez nuen aukerarik izan ikasketak egiteko, baina urte batzuk daramatzat nire kabuz ikastaroak egiten, etxetik eta Internet bidez». Horregatik, hasierako helburua lortu duelako gustura dagoela dio: «Film bat grabatu eta editatu nahi nuen hasieran. Hori egin dut, eta zailena egina dago alde horretatik». Orain egindakotik ikastea tokatzen zaiola uste du Perurenak, bere burua zinemagintzan hasi berritzat jotzen baitu.

Aitortu du, bestalde, neurri batean luze egin zaizkiola filma ekoizten aritu den bi urteak. Aktore lanak eta familiako harategiko lanak bateratu behar izan ditu. Orain dela bost urte ekin zion aktore ibilbideari Perurenak. Goenkale telesailean egin du lan batez ere.

Itziar Ituño, Teresa Calo...

Antzerkian parte hartu zuten aktore berak erabili ditu filmean ere Perurenak. Sergio Merinok egin du Luisito protagonistarena. Baina baziren pertsonaia baten baino gehiagoren rola jokatzen zuten zenbait aktore antzezlanean, eta horietarako orain dela gutxi arte lankide izan dituen aktoreak erabili ditu. Besteak beste, Itziar Ituño, Teresa Calo eta Felix Arkarazok parte hartu dute. Perurenaren aitak ere, Iñaki Perurenak, jokatu du horietako baten rola. Pertsonaiei zegokion aktorea lortzea ez zaio zailegia egin zuzendariari: «Pertsonaien izaera ezagutu bezain laster, banekien nork jokatu zuen ongi haren rola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.