Amaitzen ari da denbora

Zortzi-hamar egunen tartean argituko da Muriasen etorkizuna: Kontinental maila edo Kontinental Profesional maila. Baikor dago Jon Odriozola, taldeko zuzendaria.

Jon Odriozola Muriaseko zuzendaria, denboraldi hasieran, Mallorcako Challengean, txirrindulariei aginduak ematen. MURIAS.
unai zubeldia
2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Beste pauso bat ematea da gure helburua». Kontinental mailatik Kontinental Profesional mailara igarotzea. «Baina nahiko justu gabiltza denboraz». Bilera batetik atera eta hurrengoan sartu, horrela dabil Jon Odriozola (Oñati, Gipuzkoa, 1970) azken asteotan. Zortzi-hamar egunen tartean argituko da etorkizuna; hala azaldu dio Muriaseko zuzendariak BERRIAri. «Eta baikor nago. Lehen urtea hain ona egin eta gero, indartu egin behar da proiektua». Paris-Bourges proban ariko dira gaur Muriaseko txirrindulariak, Frantzian, eta hilaren 18an amaituko dute denboraldia, Nazioen Erlojupekoan, Frantzian bertan. «Gero ikusiko dugu noraino iristeko gai garen».

Eusko Jaularitzari, eta «gainerako erakunde, federazio eta enpresei», mezu argia helarazi die oñatiarrak: «Euskal selekzioa da gurea, Euskal Herri guztiaren proiektua, eta denon inplikazioa behar dugu egitura sendoa osatzeko». Proposamen argia egin du jarraian: «Erakundeek kontrolatzaile gisa sartu beharko dute, agian, hasieran. Gu prest gaude. Euskal Herriaren izenean ez dezala egin nahi duen guztia Jonek, Muriasek edo beste edonork». Alde guztien artean «hitzarmenak» sinatzea da irtenbidea, taldeko zuzendariaren hitzetan. «Adibide bat jartzearren, Lehendakari Torneoa irabazten duen txirrindulariak hurrengo denboraldian Muriasekin lehiatzeko aukera izan dezan».

Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunarekin (UCI) harremanetan jarri da Odriozola bera. «Eta denbora, egon, badago». Kontinental Profesional mailara igo, eta Euskal Herriko Itzulian, Donostiako Klasikoan eta Vueltan lehiatzea da Muriasen erronka. 2016an bertan koska hori gora egitea da gipuzkoarraren helburua, baina, astebete pasatxoko tarte honetan lotu beharreko guztia lotu ezean, Kontinental mailan jarraituko luke Muriasek beste urtebetez, eta 2017an emango luke Kontinental Profesional mailarako pausoa —taldean hogei txirrindulari edukitzeko aukera eskainiko luke bide horrek—.

Oñatiarra «oso gustura» dago denboraldi honetako egutegiarekin. «Izugarria izan da». Muriasek Portugalen ekin zion bideari, Algarven. «Richie Portek irabazi zuen lasterketan. Eta Hegoaldeko Ibilbidean edo Gevaudango Itzulian ere ibili gara, Alberto Contador, Nairo Quintana, Thibaut Pinot edo Thomas Voecklerrekin. Protagonistak izan gara, eta podium askotara igo gara». Aurten Frantziako errepideetan errotu da proiektua. «World Tourreko talde askorekin ibili gara lehian denboraldi guztian, Kontinental Profesional mailako lasterketa askotan parte hartuz. Azken unean sortutako proiektua izanagatik, nortasun handiko taldea daukagula erakutsi dugu».

Gipuzkoarrak meritu handia eman dio Muriasen pausoari. «Txirrindularitzan sartu den enpresa pribatu bakarra izan da ia-ia, eta ez Euskal Herrian bakarrik. Pauso zaila eman zuen; guztiok baloratu beharreko apustua egin zuen». Eta urrats txikiak egiten ari diren arren, Odriozolak gogora ekarri du «berandu baino lehen berriz ere Tourrera joatea» dela Muriasen erronka.

«Euskal txirrindularitzak eta Euskal Herriak berak behar dute Euskaltelen gisako talde bat». Eta Muriaseko zuzendariaren hitzetan, «lehenbailehen Kontinental Profesional mailara pausoa ematea» da etorkizuna gorpuzten hasteko pausorik sendoena. «Babesa behar du proiektuak, baina jendeak ez badu baloratzen, erabaki egin beharko dugu txirrindularitzan jarraitu edo beste proiekturen baten alde egin».

Goikoetxea, «oso gustura»

Muriasek egon nahiko lukeen mailan, emaitza ederrak lortu ditu Caja Ruralek, egitura Nafarroan daukan taldeak. «Oso ona da balorazioa», hasi du hausnarketa Eugenio Goikoetxea zuzendariak (Hernani, Gipuzkoa, 1969). «Vueltan etapa bat irabaztea falta izan zaigu bikaina izateko». Hamasei garaipen guztira, «zortzi-bederatzi txirrindularirekin». Omar Fraile MTN-Qhubekara, Amets Txurruka Oricara... «Normala da urtero lauzpabost txirrindulari joatea eta etortzea». 2016rako erronka, hori bai, aurtengo bera izango da: «Vueltarako gonbidapena lortzea».

Koska bat behera egin eta oinarritik lanean hastea erabaki zuen iaz Euskadi Fundazioak. «Eta bide berberari eutsiko diogu 2016an ere», argitu du Miguel Madariaga presidenteak (Lemoiz, Bizkaia, 1944). «World Tourraren sorrerarekin, irudipena da harrobian lana ez dela behar bezala egiten, eta formakuntza lan horretan murgildu gara gu». Txirrindulariek behar duten guzti-guztia eskura jartzea da fundazioaren helburua. «18 urterekin, garrantzitsuena ikasketak edo lanbidea direla argi edukita».

«Pozarren» dago denboraldiarekin, eta taldea osatzeko lanean murgilduta dabil orain. «Jon Irisarri Caja Ruralek fitxatu du; afizionatu mailan egingo du lehen urtea, eta ondoren igaroko da profesionaletara». Eta, Madariagaren hitzetan, profesionaletara igarotzeko «prest» daude beste bi txirrindulari ere: «Mikel Iturria eta Mikel Aristi. Seinale txarra litzateke biek pauso hori ez ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.