Langabea, baina gutxirako

Nely Carla Albertoren taldea desagertu egin da zorrengatik, eta bere burua talderik gabe ikusi du Munduko Kopa hastear dagoela. Halere, ez zaio eskaintzarik falta.
Nely Carla Alberto atera jaurtitzen, sasoi honetan Mios BIganosekin jokaturiko partida batean.
Nely Carla Alberto atera jaurtitzen, sasoi honetan Mios BIganosekin jokaturiko partida batean. BERRIA

Julen Etxeberria -

2015eko azaroak 18
Heriotza iragarri baten kronika izan da». Hala definitu du Nely Carla Alberto eskubaloi jokalariak (Donostia, 1983) bere taldearen desagerpena, Union Begles-Bordele-Mios Biganosena. Frantziako maila nagusiko talde horrek 350.000 euroko zorra zuen, eta kitatu ezinik zebilen aspaldi. Egoera gainezka egitear zen, jokalariak jada bi hilabete baitzeramatzaten soldatarik jaso gabe: ez soldatarik, ez alokairuak ordaintzeko dietarik. Hori ikusita, Frantziako Federazioak proposamen zehatza egin zion: kiebra jo eta desager zedin. Eta horixe egitear dira Union Begles-Bordele-Mios Biganoseko arduradunak: taldea desegin, eta beste edozein talderekin fitxatzeko askatasuna eman jokalariei.

Nely Carlaren talde ohiak zerutik infernurako bidea egin du urte erdi eskasean. Joan den maiatzean Challenge kopa irabazi zuen, kluben arteko Europako lehiaketarik apalena. Ordurako, diru arazoak zituen jada klubak, baina bazirudien titulu horrek lehen larritasun zantzu horiek sendatzeko balioko zuela. «Klubeko arduradunek agindu ziguten sasoiari aurre egiteko nahikoa baliabide zeudela. Baina ez da hala izan».

Pena du Albertok. Urtebete pasatxo zeraman bertan, eta erabat egokituta zegoen jada. «Oso gustura nengoen hemen. Pena da, baina joan egin beharko dut beste nonbaitera. Eskubaloia ogibidea dut». Horregatik, hasia da talde bila. Ez zaio falta non aukeratu. «Ustekabeko atsegina hartu dut. Talde dezentek azaldu dute ni fitxatzeko interesa. Besteak beste, Frantziako, Espainiako, Alemaniako eta Norvegiako ligetatik deitu naute». Berehala etorri da galdera: eta etxeko taldetik, Bera Beratik? «Hortik ere bai, egon da interesa, baina, gaur-gaurkoz, Frantziako ligako talde batean jokatzea da lehentasuna. Zergatik? Frantzian kluba desagertu bezain laster jasoko dudalako jokatzeko baimena. Beste toki batean jokatu nahi izango banu, denbora gehiago beharko nuke. Eta ez dut gehiago itxaron nahi». Hori iritsi artean, bere kasa entrenatzen jarraituko du. Klubaren inguruko kontuei adi ere egongo da. «Ia urtebete zor didate. Ustez, ez da arazorik izango guztia kobratzeko. Hemen, Espainiako Ligarekin alderatuta, badago berme funts bat, eta horrek ordainduko digu taldeak sasoia amaitu arte pagatu beharrekoa».

Penari etsipena gehitu dio, gainera. Bigarrenez pasatu zaio gauza bera. Itxakon izan zen aurrenekoa. Nely Carlak bost sasoiz jokatu zuen Lizarrako (Nafarroa) taldean, 2005etik 2010era, eta makina bat titulu irabazi zituen: bi Liga, Kopa bat, Superkopa bat eta EHF kopa bat. 2010eko udan utzi zuen Itxako, Le Havrera joateko (Frantzia). Ordurako hasiak ziren Lizarrako taldearen diru kutxaren osasunaren inguruko zurrumurruak, eta Alberto ere zipriztindu zuten. Le Havren bi sasoi egin zituen, eta beste titulu bat irabazi: Challenge kopa, 2012an. Maleta egin zuen berriz ere, baina ez oso urrutira joateko, Fleury Lorietera. Beste bi urte han, eta beste titulu bat zakura: Frantziako Kopa, iaz. Bi urte horien artean desagertu zen Itxako.

Jokoetara begira

Albertok brontzezko domina irabazi zuen Espainiako selekzioarekin Londresko Olinpiar Jokoetan, eta orain Rio du begiz joa. Belauneko lesio larri bat pasatu berritan, abenduan Munduko Txapelketa jokatuko du, Danimarkan. «2012ko domina nire kirol ibilbideko oroitzapenik politena da. Berriz ere bizi nahiko nuke, baina lehenbizi sailkatu egin behar dugu. Pozik nago hautatzaileak nigan konfiantza duelako». Sailkatzeko lehen aukera Munduko Kopa da, baina txapeldunak bakarrik lortzen du sailkatzea. Atariko txapelketa, aldiz, martxoan jokatuko da, Espainian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna