Lera gaineko oroitzapenak

Jokoetako kirolik ikusgarrienetakoa da skeletona. Zaletasunik ez dago Euskal Herrian, baina bada gurean diziplina horretan nabarmendutako kirolari bat: Ursi Walliser suitzarra. Aitzindari izan zen emakumezkoen artean, eta baita Munduko Kopako txapeldunorde ere. Aspalditik bizi da Errenterian.
Ursi Walliser, atzo, Errenterian. Bertan bizi da duela hamabost urtetik.
Ursi Walliser, atzo, Errenterian. Bertan bizi da duela hamabost urtetik. MAIALEN ANDRES / ARGAZKI PRESS

Julen Etxeberria -

2018ko otsailak 14
Auto batean orduko 140 kilometro baino azkarrago zoazela atea ireki eta lurrera begiratzearen parekoa». Horrela azaldu izan dute skeletoneko kirolariek leraren gainean sentitzen dutena. Egiteko zail bat gehitu behar zaio abiadura sentsazio ikaragarri horri: kilometro pasatxoko hodi itxurako izotzezko zirkuitu bihurri batean irristatu behar da, gutxi gorabehera metro bateko lera baten gainean, buruz behera, burua aurrera begira eta lurretik bost zentimetrora. Osagai horiekin, ez da harritzekoa Neguko Olinpiar Jokoetako kirolik ikusgarrienetako bat izatea.

Kirol horrek Suitzan dauka jatorria, eta Euskal Herrian ez dago batere zaletasunik; inoiz ez da euskal kirolaririk horretan lehiatu. Hala ere, bada gurean skeletonean nabarmendutako kirolari bat: Ursi Walliser du izena (Meilen, Suitza, 1975), eta duela hamabost urtetik bizi da Errenterian (Gipuzkoa). Walliser hainbat urtez lehiatu zen txapelketarik garrantzitsuenetan, eta emaitza oso onak lortu zituen: adibidez, 1998-1999ko denboraldian, Munduko Kopako txapeldunorde izan zen. Halaber, 2002ko Salt Lake Cityko (AEB) Neguko Olinpiar Jokoetarako sailkatzear izan zen.

«Kasualitatez» hasi zen skeletonean. «Atletismoa egiten nuen herriko taldean, eta nire entrenatzailea bobsleigheko eta skeletoneko teknikaria zen. Horregatik, kirol horietan aritzen zen jende asko ibiltzen zen gurean. Egun batean, entrenatzaileak esan zidan ondo moldatuko nintzela skeletonean, azkarra bainintzen. Horrela hasi nintzen», azaldu du euskara garbian, Euskal Herrian errotuta dagoen erakusle.

2002ko Jokoen arantza

Gogoan du skeletoneko leraren gainean egin zuen aurreneko jaitsiera. Saint-Moritzen (Suitza) izan zen. «Beldur pixka bat pasatu nuen, noski, lehen aldia zelako. Hala ere, asko erakarri ninduen, eta bete-betean hasi nintzen». 17 urte besterik ez zituen.

Aitzindarietako bat izan zen, bera hasi zenean ez baitzen emakumezkorik lehiatzen. «Munduko Txapelketa, Munduko Kopa, Suitzako Txapelketa... Txapelketak jokatu, jokatzen ziren, baina gizonezkoenak bakarrik. Nik irabazi nuen Suitzako Txapelketako lehena, 1996an. Urte hartan hasi zen jokatzen Munduko Kopa ere, eta lau urte geroago Munduko Txapelketa. Emakumezkoen skeletonaren garapenaren lekuko izan nintzen: ezerezetik,Olinpiar Jokoetan tokia izatera iritsi zen».

Hamar urtez lehiatu zen, eta kirol ibilbide polita osatu zuen: lehen hamarren artean sailkatu zen Munduko Kopako lehen bost ekitaldietan. Lau bider irabazi zuen, halaber, Suitzako Txapelketa, eta Munduko Txapelketan ere aritu zen. Arantza bat du sartuta: Olinpiar Jokoetarako sailkatu ez izana. «Bi urtez aritu nintzen jo eta ke Salt Lake Cityko ekitaldiari begira, baina ez nintzen sailkatu. Suitzatik emakumezko bakarra joan zitekeen, eta bigarren izan nintzen. Badut pena hori. Sekulakoa izango zen Olinpiar Jokoetan aritzea».

2003an hartu zuen erretiroa, eta Errenteriara etorri zen bizitzera, bertakoa baitu bikotekidea. Kirolari lotuta jarraitzen du: soin hezkuntzako irakasle da ikastetxe batean —alemanekoa ere bai—, eta Oarsotri triatloi taldeko kidea ere bada. Baina ez da skeletonean berriro aritu. «Oso urruti dago gertuen dagoen pista: La Plagnen, Frantzian, hamar ordura». Hala ere, aitortu du ez zaiola erabat apaldu arra, eta «ziur» dagoela «berandu baino lehen» probatuko duela berriro. Bitartean, Pyeongchangeko (Hego Korea) lehia jarraituko du, nostalgiari eutsita. «Han dabiltzan asko ezagutzen ditut, nire garaikoak baitira. Batzuk lehian ari dira oraindik, eta beste batzuk entrenatzaile dira».

Entrenatzaile lana aipatuta, berehala azaldu ditu skeletonaren sekretuak: «Oso azkar egin behar da korrika hasieran. Funtsezkoa da zirkuitura abiadura handiz sartzea. Hor irabazten edo galtzen da denbora gehien, zirkuituko ibilbidean ez baita alde handirik egoten. Teknika oso garrantzitsua da, baina maila horretan denek oso teknika ona dute. Materialak ere badu zeresanik».

Orduko 140 kilometroko abiadura joateak derrigor izan behar du arriskutsua. Muturreko handia har daiteke. «Nik hartu ditut, baina, nire ustez, bobsleigha eta lugea arriskutsuagoak dira». Kokotsa lurretik bost zentimetrora izateak ez du lasai joateko aukerarik ematen. «Errespetua ematen du, eta arriskua egon badago. Gainera, bihurgune batzuetan G indar handiari egin behar zaio aurre, eta batzuetan apur bat zorabiatuta amaitzen duzu. Baina ohitu egiten zara. Azkenean, erakarri ere egiten du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna