Bilbokoago den Guggenheim

Bilboko Guggenheim museoa autonomoago egiten du Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Solomon R. Guggenheim museoak hurrengo hogei urteetarako sinatu duten kudeaketa hitzarmenak
Hurrengo hogei urteetarako sinatutako kudeaketa hitzarmenaren aurkezpena, atzo, Bilbon.
Hurrengo hogei urteetarako sinatutako kudeaketa hitzarmenaren aurkezpena, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2014ko abenduak 4
Mahaiaren alde berean eserita egon dira guztiak. Izan ere, oso baikorra da New Yorkeko Solomon R. Guggenheim fundazioak Bilboko Guggenheim museoaren azken hogei urteetako kudeaketa hitzarmenari buruzko irakurketa, eta oso baikorra da Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren balorazioa ere. «Hitzarmen honetan ez dira egon bi alde; denok bat egin dugu»; esaldi horrekin laburtu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hurrengo hogei urteetarako kudeaketa hitzarmenari buruzko negoziazioetan izan den giroa. Eta datu batekin nabarmendu du museoak izan duen arrakasta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak: «300 milioi euroko itzulkin ekonomikoa sortu du urtero». Ziurra zen luzamendua, eta, beraz, detaileetan dago koska. Bi izango dira nobedade nagusiak: museoa New Yorkez autonomoagoa izango da aurrerantzean, eta paperean idatziz onartu dute Urdaibain Guggenheim museo bat egiteko aukera. Atzo sinatu zuen tratua Bilboko Guggenheim museoko patronatuak, eta abenduaren 9an sinatuko du New Yorkekoak. Urteroko aurrekontuetan, 1.920.000 euroko diru saila jarriko dute erakundeek fundazioarekin sarean landuko dituzten ekintzetarako.

Adi diferentziari. «Bilboko Guggenheim museoa kudeatu eta gobernatzea» zen hitzarmen zaharrean Solomon R. Guggenheim fundazioaren egitekoa; eta hitzarmen berrian, berriz, beste hau: «Bilboko Guggenheim Museoaren kudeaketa eta gobernuan parte hartzea». Aldaketa txiki horretan dago Bilboko museoaren autonomia mailaren aitorpena. «Hori da oinarrizko aldaketa», Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak zehaztu duenez. Haren hitzetan, praktikan hitzarmenean zehaztutakoa baino autonomoagoa izan da museoaren funtzionamendua azken urteetan ere, baina paperean ere islatuko da errealitate hori aurrerantzean. Horrez gainera, Bilboko museoak komisario propio bat izango duela ere zehazten du hitzarmenak.

Urdaibaiko museoa

Bi norabidetakoa da tratua, Richard Armstrong Solomon R. Guggenheim fundazioko zuzendariaren hitzetan. «Bilboko museoa indartzen du, baina baita Guggenheim museoen konstelazioa ere». Sareko lankidetza indartzea da, izan ere, hitzarmenaren helburua. Bilborako arituko den komisarioaz gain, beste hainbat puntu ere hitzartu dituzte horregatik. Bi urtean behin Guggenheim bildumako piezekin sei hilabeteko iraupena izango duen erakusketa bat antolatzeko konpromisoa hartu du fundazioak, adibidez, eta bilduma propioko piezekin erakusketa osatuko du hirugarren solairuan Bilboko museoak ere. Bilbok ordainduko ditu aurrerantzean aseguru gastuak. Eta Euskal Herriko ikasleentzako beka programa bat eta gorantz doazen euskal artistentzako egonaldi programa bat sortzea ere hitzartu dute. Eta horiengatik emango diote erakundeek 1.920.000 euroko diru saila fundazioari.

Zuzenean Urdaibai aipatu gabe, baina Urdaibaiko Guggenheimaren proiektuari ere egiten dio erreferentzia hitzarmenak. Museoa eraikitzeko aukera hartzen du kontuan testuak. Guggenheim fundazioak Helsinkin museo bat eraikitzeko aukerari bidea libre utziko diola hitzartu du Bilboko museoak, eta New Yorkek ere onartu egin du Euskal Herrian Bilboko Guggenheim museoaren luzapen bat sortzeko aukera. «Oraingoz egonean dagoen proiektu hori salbatu nahi izan du hitzarmenak», azaldu du Bidartek. Ez dute orain arte adostutakotik harago jo testuan, beraz, baina Urdaibaiko proiektua presente utzi nahi izan dute halere hurrengo hogei urteetan indarrean egongo den hitzarmenean.

Hamar urterako luzatzekoa zen tratua berez, baina hogeirako sinatu dute, azkenean. Proiektuarekiko konpromisoa azaldu nahi izan dute horrekin. Urkullu: «Guggenheim efektua errepikaezina da, horregatik jarraipena ematea da egin dezakezun inbertsiorik onena». Museoaren funtzionamendua ziurtatzeko «baliabide egokiak» jartzeko konpromisoa ere hartu dute erakundeek. Datorren urterako aurrekontua ere jakinarazi dute: 27.718.242 euro.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna