Joanekoa, kanpoan

Euskal selekzioak Estoniaren aurkako lagunarteko partida jokatuko du gaur, Tallinnen (13:00, ETB4).Historian bigarrenez ariko da atzerrian

Euskal selekzioko jokalariak euripean, iragan abenduko partidan Kataluniari sarturiko gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Euskal selekzioak bere historiako etxetik kanpoko bigarren partida jokatuko du gaur Estonian (13:00, ETB4). Lagunartekoa jokatuko du bertako selekzioaren aurka, Tallinngo TNTK estadioan. Bisitaren lehen atala izango da, 2016an Estonia izango baita Euskal Herrian jokatuko duena. Joan-itzuliko kanporaketa dirudi.

Gaurkoa zazpigarren partida izango da Euskal selekzioa berriz ere partidak jokatzen hasi zenetik, eta maletak egin dituen bigarren aldia da. Etxetik kanpoko aurrenekoa 2007an jokatu zuen, Buenos Airesen, Argentinaren aurka. 4-2 galdu zuen orduko hartan, eta gaur emaitza hobea lortzea du helburu. «Jokatzea garrantzitsua da, eta etxetik kanpo gehiago. Selekzioa sendotzeko pauso garrantzitsua da hau», azaldu zuen herenegun Iraia Iturregi Athleticeko jokalariak.

Jose Alvarez hautatzaileak ezingo ditu erabili nahiko lituzkeen jokalari guztiak. Espainiako selekzioak bost euskal herritar deitu ditu Munduko Koparako, eta Estoniarako deialditik kanpo gelditu dira. Athletic eta Realeko zortzina jokalari sartu ditu deialdian, eta ba ita Marta Unzue Bartzelonako kapitaina eta Estibaliz Aizpurua Oiartzungo atzelaria ere.

Estoniari dagokionez, ez da izen handiko selekzioa, baina lehiaketa erritmoan sartuta dago. Herenegun 7-0 galdu zuen Herbehereen aurka —Herbehereak Munduko Kopa prestatzen ari dira—, eta gaurko partidaren ondoren irailera arteko etena egingo du, Eurokoparako sailkatze faseari ekiteko. Estonia 77. sailkatua da FIFAren zerrendan, eta ez du inoiz parte hartu ez Munduko Kopan ezta Eurokopan ere. Herbehereen aurka galdu aurretik, bi aldiz irabazi zion Letoniari eta behin Lituaniari. Munduko Koparako sailkatze fasea jokatu zuen iaz, eta, besteak beste, 0-5 galdu zuen Espainiaren aurka eta 4-0 Italiaren aurka. Zazpi puntu lortu zituen hamar partidatan, eta bere multzoko azken-aurrekoa izan zen. Oro har, bere emaitzak hobeak izan ziren etxean.

Ez da Estoniak eta Euskal selekzioak elkarren aurka jokatuko duten lehen aldia, 2011n gizonezkoen selekzioak 3-0 irabazi zuelako han. Gaur estadio berean jokatuko dute. Egun hartan belarra oso gogor zegoen. Hotzari dagokionez, ez da orduko eguraldirik izango —otsailean jokatu zuten—, eta 14 gradu inguru espero dira.

Bolada onean

Estoniak ez ditu garai onenak bizi; Euskal selekzioa, ordea, bolada onean da, ez baitu porrotik jaso jokaturiko azken lau lagunartekoetan. Iazko abenduan bana berdindu zuen Kataluniaren aurka Barakaldoko lokatzetan. 2014ko maiatzean 2-0 irabazi zion Irlandari Azpeitian. 2012an, lau urteko etenaren ondoren, Eslovakiari 1-0 irabazi zion Anoetan. Etenaren aurreko azken partida ere irabazi egin zuen, 2-1, Txileko 21 urtez azpiko selekzioaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.