Sanrokeak Deban

Nafar festak Gipuzkoan

Udaro, sanrokeak noiz helduko irrikan egoten dira debarrak. Abuztuaren 14an hasi eta 18ra arte, festa giroan murgilduko da herria. Egitarau aberatsa prestatu dute guztiek gozatzeko.

Iazko San Roke eguneko irudi bat, non santua ikusten den zapi gorria lepoan duela. DEBAKO UDALA.
Donostia
2015eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat lekutan ospatzen dira festak San Rokeren omenez. Deban (Gipuzkoa), esaterako,abuztuaren hamalaua eta hemezortzia bitartean herriko festak izango dira. Raimundo Amutxastegik, udaleko kultura teknikariak, Debako sanrokeak definitu behar direla esan du, eta «Gipuzkoan ospatzen diren nafar festak» direla dio.

Zuri-gorriz janzten dira herritarrak, baina nafartasuna indartzeko beste hiru argudio ere baditu Amutxastegik. Lehena, «festa erlijiosoak» direla: santuaren inguruko festak dira, prozesio eta guzti. «Zezenen inguruan» antolatzen direla da bigarrena, eta horiek presentzia handia dutela herrian: zekorketak, zezenketak, entzierroak... «Adin guztietara moldatutako zezen ekitaldiak», oro har. Nafartasuna indartzeko azken argudioa: «Festak kalean ospatzen dira».

Deba, baina, Gipuzkoan dago, eta egitarauan gipuzkoartasuna islatzen duten ekitaldiak ere badira: «Gipuzkoan gaude, eta, beraz, marinel egunak eta danborradak ere bere lekutxoa dute egitarauan». Herritarren gozamenerako antolatutako egunak dira ostiraletik aurrera datozenak, eta ekitaldi asko dira herritarren nahitik sortu direnak. Bai haiek bultzatu dituztelako, baita partaide direlako ere.

Ainhoa Agirrebaltzategi da herritarren partaidetzaren adibideetako bat. Marinel Egunari Kardantxulo Kantuak ematen dio hasiera. Astelehenean izango da, hilaren 17an, 06:30ean hasita. Herritarrak esnatzeaz eta kaleak alaitzeaz arduratuko da herriko abeslari talde bat. Antolatzaileetako bat da Agirrebaltzategi. 2006an hasi ziren, euskal kantak berpizteko asmoz. Gaur egun, liburuxka bat dute abestien letrekin osatua, nahiz eta «urtero kanta berri bat edo bi» gehitzen dituzten. Akordeoiak eta gitarrak lagunduta zeharkatzen dituzte kaleak, eta koruan abesten duenik badago ere, Agirrebaltzategik zera azpimarratzen du: «Ez da koru bat».

Urdinez jantzi, eta Marinel Eguna goizean goiz abiatzen dute.Agirrebaltzategik dio: «Egun berezia, polita eta konpletoa izaten da». Amutxastegik gehitu du: «herritarrek asko gozatzen dute; bertakoei begira antolatutako eguna da». Herri bazkaria, kuadrillen kalejira, kaxarranka eta bertsoak ere izango dira.

Herritarren partaidetza ez da egun bakarreko gauza. Larunbatean, haurren egunean, herriko musika taldeak arduratuko dira gaueko kontzertuez, Tajon Prieto y los Kuajalotesekin batera. 20:00etatik aurrera, txosnetan.

Egun horretako gainerako ekitaldiak umeentzat dira. Goizetik hasita, umeentzako entzierroa dago. Eguerdi aldean, iazko abuztuaren bata eta aurtengo uztailaren 31 bitartean jaio diren umeei zapi gorria jarriko die lepoan herriko alkateak, eta arratsaldean puzgarriak egongo dira eta umeen pilota partiden finala egingo da.

Festen hasiera eguna «polita» izaten da, Amutxastegiren esanetan: «San Rokeri zapi gorria jartzen diogu lepoan, eta danborrada egiten da gauean». Debako festei bukaera emateko, hemezortzian, San Rokeri zapi gorria lepotik kenduko diote, gaueko hamabietan. Egun horietan guztietan Lizarrako gaiteroak arduratuko dira kaleak alaitzeaz, gaitak eskuan. Azken 30 urteetan, «lehen egunetik azkenekora» egon izan dira Deban, dio Amutxastegik. Hotel batean egoten dira festek irauten duten denboran. Lizarrako gaiteroek debar dirudite San Roke jaietan.

Azken egunerako, Los Danzantes de San Lorenzo Iruñeko kofradia gonbidatu dute. Arratsaldean, erraldoiei agurra egingo diete; «ekitaldi hunkigarria», Amutxastegiren hitzetan. Kanboko (Lapurdi) herritarrak gonbidatzen dituzte baita ere, eta harrera egingo diete. Horrez gain, ohiko entzierroek, zezenketek eta herri kirolek ere beren tartea dute.

Festei izena ematen dien San Rokeren eguna igandez egingo da, eta santuaren irudia kalera aterako dute. Prozesioaz gain, dantza egingo diote santuari. Arratsaldean, bertsoak, zezenketak eta hirugarren adinekoentzako dantzaldia egingo dira. Gauean, hondartzan, su festa egongo da, eta, eguna amaitzeko, The Soul Messengers taldearen kontzertua, karpan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.